Haurrek Runako parkean emanen lituzkete sanfermin guztiak, ahal izanez gero. Han daude barrakak. Han dago etxeko gazteenen paradisua. Musikaz, argiz eta, batez ere, atrakzioz betetako mundua da. Haien neurrira egina. Haurtzaroa aspaldi atzean utzi zutenentzat ere badu zer eskaini. 75 atrakzio jarri dute aurten, denera, eta guztien artean, Princess noria da izar nagusia.
Atzo, 13:00etan jarri zen martxan noria. Hiriak egunero egiten baitu jira. 70 metro ditu. Europako handiena da, noria mugikorren artean. Berri-berria da, gainera. Valentzian (Herrialde Katalanak) eraiki, eta sanferminetan estreinatu dute. Noria osatzen duten 42 kabinei so eginez gero, begi bistakoa da fabrikatik atera berri dituztela. Aire girotua dute, eta zenbait kabina ezintasunen bat dutenek erabiltzeko egokituta daude.
Txartelak sei euro balioko zuela iragarri zuten sanferminak hasi baino lehen. Atzo, bost euroan ziren salgai. Noriako langileek onartu zuten ez dela jende anitz hurbiltzen ari. Noriara igotzen direnek, hala ere, aukera ederra dute Iruñeko bistaz gozatzeko.
Hiria 70 metrotik ikusteko aukera hori da, hain zuzen ere, noriak eskaintzeko duen gauzarik onena. Esperientzia zirraragarriagoak nahi dituenarentzat, berriz, bada bertze atrakziorik aukeran. Tecno Dance izenekoa da horietako bat. Eserlekuak binaka lotzen dituzten hainbat beso ditu atrakzio horrek, musikaren erritmora alde batetik bertzera mugitzen direnak. Haurrek gozatzen dute. Adin batekoentzat, ordea, erritmo lasaiagoak eskaintzen dituen atrakzioren bat bilatzea gomendagarriagoa da.
Adin guztietako pertsonentzat egokia da, adibidez, Mr Bean 4 izeneko atrakzioa. Garai batean beldurraren etxea jartzen zuten Iruñean barraketan; Mr Bean-en atrakzioa haren gisakoa da, baina beldurra bazter utzi, eta barrura sartzen direnen barre algara piztea helburu duena.
Sekretu handirik gabeko atrakzioa da. Alde batetik bertzera mugitzen den lurrean egin behar du aurrera bisitariak; irrist egiten duten eskaileretatik igo; eta hamaika aldiz jira egiten duen txirristatik jaitsi, bertzeak bertze. Hala ere, helburua ederki betetzen du. Aurpegian irribarrea dutela ateratzen dira atrakzioan sartzen diren guztiak.
Errusiar mendiak, hamaika buelta ematen dituzten atrakzioak, eta bertze. Barrakek urtero bilatzen dute iruindarren arreta bereganatzea. Klasikoek, hala ere, azken puntako atrakzioen parean, ez dute indarrik galtzen, eta klasikoen artean klasikoenak dira txoke autoak. Jendeak gozatzen du autoarekin elkarri jo eta jo.
Ez dira hagitz garestiak gainera: bi fitxa, bost euroan. Atrakzio gehienek 3 eta 3,50 euro balio dute. Barraketako tabernetan garagardo bat hartzea, hala ere, ez da batere merkea. Hiru euro balio du, hainbat tokitan. Poltsikoa diruz beteta eramatea komeni zaio, beraz, eguna barraketan pasatu nahi duenari.
Poneyak eta arrainak
Hiria argiz betetzen dituzte barrakek gauero. Atrakzioetan igotzen direnen algaraz. Barraketan batere gozatzen ez duenik ere bada, hala ere. Egunero, soka bati helduta, eta gainean haurrak dituztela, bueltaka eta bueltaka ibili behar izaten dute hainbat poneyk. Ustez, bi orduro atseden hartzeko aukera ematen diete, baina txanda egiteko bi poney bakarrik zeuden atzo eguerdian. Eta hamar inguru, bueltaka.
Barraketan poneyak ez dira erabiltzen diren animalia bakarrak. Bertze postu batean arrainak ematen dituzte saritzat. Arrainontzian hiru bola sartzea nahikoa da animalia bat eskuratzeko. Nafarroako legeak debekatzen du animaliak saritzat ematea.
Beren seme-alabek gerra jostailuekin aritzea gustuko ez duten gurasoentzat ere bada bazter utzi beharreko posturik Iruñeko barraketan. Tiro eginez opariak jasotzeko aukera eskaintzen duten tonbola bat da. Tiro egiteko hamaika motako pistolak eta eskopetak eskaintzen ditu. Postua apaintzeko ere erabiltzen dituzte armak, bai eta eskuan hainbat pistola eta metraileta dituen neska baten irudia ere.
Handia da pistola eta eskopeta horien eta noriak eskaintzen duen lasaitasunaren arteko aldea. Handia, halaber, barrakek egunez eta gauez erakusten duten aurpegiaren artekoa. Barrakak jartzeko tokiak ere erabat aldatu du espazio horren itxura, eta bestan eragiteko gaitasuna. 2008tik jartzen dituzte Runako parkean, Arrotxapean. Auzo horretara mugitu aurretik, Ziudadela ondoan egoten ziren. Bestaren erdigunetik hurbil, alegia. Iruindar gehienak ohitu dira espazio berrira. Barraketan ibiltzen den jendearen kopuruak, ziurrenik, krisiaren ondorioz egin du gehiago behera. Hala ere, jira egiten jarraitzen du bestak.
Sanferminak Iruñean. Barrakak
Hiriak jira egiten duelako, egunero
70 metroko noria da aurtengo barraketako izar nagusia; Europako handiena da, noria mugikorren artean; Iruñean estreinatu duteDenera, 75 atrakzio jarri dituzte Runako parkean; bisitari kopuruak behera egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu