Erdi Aroko kutsuak erakarrita joan ohi dira bisitariak Gasteizko alde zaharrera. Baina azken urteotan hiriko muinora joan denak badu liluratzeko beste arrazoi bat: etxe aurre asko irudi koloretsu eta deigarriekin margotuta ikustea.
Gasteizen, ezagunak egin dira alde zaharreko hormak artelan bihurtzeko saioak. Buruileria plazakoa da, ziurrenik, ikusgarriena eta ospetsuena, baina ez da bakarra. Han eta hemen irudi ederrak topatuko ditugu. 2007. urteaz geroztik auzoko hainbat etxe aurre koloreztatzeari ekin ziotenetik, hamar eraikinetako hormak apaindu dituzte.
Ameriketako Estatu Batuetako muralismo mugimendu artistikoan inspiratuta ekarri zuten Veronica eta Christina Werckmeisterrek horma irudiak egiteko proiektua Gasteizera. AEBetako artista horien ekimenari esker, muralismoa arrakasta handiz zabaldu da hirian. Alde zaharreko Buruileria plazan dagoen etxe aurrean egin zuten aurreneko murala, udalaren eta inguruko enpresa eta elkarteen laguntzarekin. Proiektua auzokideei zabaldu zitzaien, eta jende askok parte hartu zuen. Izan ere, horma irudien bitartez, esperientziak trukatzea eta komunikazioa irekitzea bilatu dute: «Beti pentsatu dugu artearen bidez gizarte kohesioa lor daitekeela; gure helburua ez da soilik alde zaharreko eraikinak dotore jartzea eta kutsu garaikidea ematea, auzokideei adierazteko aukera bat ematea baizik», azaldu du Victoriak.
Duela bost urte egindako lehen margolanak emandako eskarmentuarekin, alde zaharrean horma irudien ibilbidea egin dute. Margotutako hiria lelopean, hamar etxe aurre margotu dituzte hainbat artistaren gidaritzapean eta boluntarioen parte hartzearekin, eta, horiek ezagutzeko, bisita gidatuak prestatu dituzte. «Horma irudiak itxura batean ikus daitekeena baino gehiago dira, eta, artelanen antzera, norbaitek azalpenak ematen badizkizu, garrantzi handiagoa lortzen dute». Ibilbidearekin alde zaharra «beste modu batez» ezagutzeko aukera eman nahi diote herritarrari: «Erakutsi nahi dugu alde zaharra katedral zaharra baino gehiago dela eta arte garaikidearen eskaintza dagoela».
Bisita gidatuak aukera ematen du, esaterako, Pintoreria eta Santa Maria kaleen kantoian dauden bi etxe aurretako margoak ikusteko. Bi artistak zuzenduta egin dituzte horma irudiak: Carlos Adeva artistak Gasteizen garaipena margolana gidatu du, Georges de la Tour margolari frantses barrokoaren Iruzurgile bateko diamantearekin koadro ospetsuan oinarrituta. Eta Patricia Lopez Landabaso bizkaitarrak Zeru eta Izarrez estalirik gidatu du, Giotto margolari italiarrak XIV. mendean margotu zuenetik abiatuta.
Santa Maria kalean bertan dagoen Haurtzaro ume eskolaren hormetako irudiak ere ederki apainduta daude. Kanpotik eta barrutik aldatu zuten eraikina 2008an, lau paretak eta hiru solairuak margotuz. Kontinenteak izeneko horma irudi koloretsua ikus daiteke kanpotik, lurraren aniztasuna fauna eta landareen bidez islatuta.
Ibilbidea, AEBetan eredu
Horma irudien ibilbidearen arrakasta Atlantikoaren beste alderaino iritsi da, eta AEBetako enbaxadarekin harremanetan jarri eta gero, herrialde horretako mural egileak beka bidez etorri izan dira Gasteizera, tailerretan parte hartzeko. Orain gutxi, gainera, AEBetako estatu sailak muralen ibilbidea aukeratu du International Visitor Leadership Program izeneko egitasmoan parte hartzeko. Alde zaharrean lanean aritu den Marta Gil Estremiana artista gasteiztarra bidali dute AEBetara, programan parte har dezan. Espainiako kultura eta gizarte zerbitzuen esparruan aritzen diren beste zortzi lagunekin batera, artista gasteiztarra bi asteko bidaia egiten ari da AEBetan. Gasteizko horma irudien proiektua ezagutarazten ari da han, eta, bide batez, antzeko egitasmoak gertutik ezagutzen dabil.
Gasteizko ibilbidea luzatzea izango da aurten erronka, Werckmeinterrek azaldu duenez. Zehazki, hamaikagarren horma irudia egiten hasiko dira uztailean, Barrenkale kaleko eraikin batean. Bertan, teknika berezi bat erabiliko dute: oihalak tindatuko dituzte aurrena, eta etxe aurrean jarriko dituzte gero. «Teknika horrek parte hartzeko aukera emango die mugikortasun urriko pertsonei eta aldamioetara igotzeko beldurra dutenei», esan du. Arabako hainbat herritara ere zabaldu nahi dute praktika artistikoa.
Bilbon, DK muralismoa
Gasteizen bakarrik ez, Bilbon ere badaude muralak. Grisa zen Bilboko kolore nagusia hirian. Gaur egun grisak nagusitasuna galdu duen arren, zaharkitua eta triste dauden guneak alaitu eta koloretsu bihurtzen dituzte DK muralismo proiektuko kideek. Hiriko hainbat gunetako muralak haienak dira. 2000. urtean sortu zen proiektua, San Frantzisko auzoarekin lotura zuten zenbait artista batera lan egiteko bildu zirenean. Kaleko artea saritzen zuen lehiaketa bat irabazi eta erabaki zuten enpresa sortzea. Lau artistak osatzen dute proiektua gaur egun, Sergio Garcia DK muralismoko kideetako batek azaldu duenez.
Udalen eskaerei jarraituz lan egiten dute askotan. Zaharkituak dauden eta erabilerarik ez duten espazioetan margotzen dituzte muralak. Iluna eta tristea zen inguru bat suspertu egiten da artelanarekin, eta espazio publikoak izandako aldaketak biztanleen aldartean eragiten du. Ez baita gauza bera kalera atera eta guztia grisa ikustea edo koloreak antzematea, Garciaren arabera. «Artea kalera ateratzea ona da. Jendeak ez du museoko sarrera ordaindu beharrik margolanak ikusteko». Garciak dio muralak sortzeko orduan alderdirik garrantzitsuena espaziora ongi egokitzea dela.
Lanik gehienak Bilbo Zaharrean egin dituzten arren, hiri osoan dituzte muralak. Errekalde auzoko zutabeak, Europa parkea eta Otxarkoagako ur biltegiak, esaterako, haiek egin dituzte, eta Bizkaiko herrietara ere iritsi dira. Lekeitioko ikastola margotu dute, adibidez. Baina Kirikiño plazakoa da, agian, haien lanik ospetsuena. «Tamaina handikoa da. Arte garaikidearen gida batean ateratzen da plaza hori».
Muralak egin ondoren mantendu egin behar direla gogorarazi du Garciak, eta kasu askotan ez omen da hori betetzen. Margotu eta hamar eta hamabi urtetara, kolorea galdu eta itsusten hasten dira. «Ezabatu egin daitezke, edo konpondu, baina tristea da ahaztuta uztea».
Ezarian. Muralak eraikinetan
Hirietako horma itsuak artelan
Gasteizko alde zaharreko etxe aurre batzuk irudi handi eta koloretsuekin margotuta daude, eta ibilbide bat prestatu dute horiek ezagutzeko. Bilbon ere badira kolorez jantzitako hormak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu