Beste giro bat dago, sagardotegietakoa bezalakoa». Horra Donostiako Gros auzoko Katalunia plazan jarritako karpan sartzean gehientsuenek botatzen dutena. Eta ez zaie arrazoirik falta, txotx garaian horren ezagunak diren sentipenak baititu bisitariak karpara gerturatu bezain pronto. Sutatik datorren txuleta errearen lurrina upeleko egurraren eta sagardoaren usainarekin nahasten da, eta bisitaria landa eremuko sagardotegi batera eramaten du horrek. Abantaila batekin, ordea: karpatik atera eta bete-betean Aste Nagusira bueltatzen da, hirigunera.
Gorenak zigiluko sagardotegiek elkarlanean antolatu dute, lehen aldiz, Sagardo Azoka. Eta arrakasta nabarmena da. Jendez gainezka dago karpa, eta kanpoaldean ilara luzea dago sartzeko zain. Jakin nahiak bultzatuta biltzen diren askok, barruko giroa eta menua ikusita, ilaran jartzea erabakitzen dute. Antolatzaileek diote egunetik egunera jende gehiago bertaratzen ari dela. Larunbatean izango du azokak azken eguna.
Sagardo garaiko giroaren antzekoa arnasten da Sagardo Azokan. Lagunartean edo senideekin dabil jendea, txuleta eta sagardoaren bueltan solasean. Bisitariak, gainera, ez du zertan sagardotegiko menu osoa jan; mokadu bat hartzera joan daiteke. Bakailao tortilla, bakailaoa saltsan eta txuleta errazioak daude aukeran. Horrez gain, odolki, txorizo eta tortilla pin-txoak ere eskaintzen dituzte. Gozozaleek ere badute postrea aukeran: gazta eta sagar dul- tzea.
Edateko, nola ez, sagardoa. Gorenak zigilupean sagardoa saltzen duten hamahiru sagardogileen botilen artean aukera dezake sagardozaleak. Gainera, lau upel prestatu dituzte, sagardo garaian bezala bertatik jendeak txotx egiteko aukera izan dezan.
Bi gune nagusi ditu azokak. Lehenengoan, upel batzuetan oholtzak jarri dituzte, zutik afaltzeko. Bigarrenean, berriz, eserita afaltzeko mahaiak daude, eta parean, agertokia. Gauero euskal musikari bat igotzen da oholtza gainera, eta zuzeneko musikarekin girotzen du azoka.
Sagardoa ezagutarazi
Turista ugarik bisitatu dute jada azoka, eta harrituta geratu dira ikusi eta ikasi dutenarekin. Josu Esnal Gorenak zigiluko teknikariaren arabera, horretarako da, besteak beste, Sagardo Azoka. «Sagardoa edari nazionala dela ezagutarazi nahi dugu».
Azokak sagardotegien ahalik eta antz handiena izan dezan, xehetasun guztiak zaindu dituzte. Ez dago plastikozko ezer; baxera guztia portzelanezkoa da. Haragia momentuan prestatzen dute, horretarako egokitutako suetan. Orotara, 30 lagunek jarduten dute lanean, ahalik eta zerbitzu osoena ematearren.
Azoka 19:00etan irekitzen dute, eta itxi arte jendearen joan-etorria handia izaten da. Festetako beste guneetatik gertu egonda, leku erakargarria da afaltzeko. Groseko hondartza ondoan dago su festa ikusteko, Saguesko kontzertuak ere bai, eta Parte Zaharra ere ez dago urruti oinez joateko.
Jendea pozik dabil —batez ere, orduek aurrera egin eta botilak hustu ahala—, eta giro polita sortzen da gauero Katalunia plazan. «Oso gustura gaude. Oso sagardozaleak gara, eta, normalean, txotx garaian bakarrik joaten gara sagardotegira. Udan eta hirigunean sagardotegian egotea esperientzia polita da». Lagunekin etorri da David Bengoa, «zerbait jatera», eta liluratuta geratu da Sagardo Azokan dagoen giroarekin. «Gainera, errazioak prezio onean daude».
Donostiako Aste Nagusia.
Hiriguneko sagardotegia
Katalunia plazan antolatu duten lehenengo Sagardo Azoka arrakastatsua izaten ari da. Udan eta hirigunean bertan txuleta bat sagardoaren laguntzarekin jateko aukera baliatu dute askok, festa guneetatik gertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu