Hiriko hiru giltzak haurrei eskainiak

Bezperan bestazale guztientzat egin bezala, atzo, Leon erregea iratzartzearekin batera, hiriko hiru giltzak bota zizkieten haurrei herriko etxeko balkoitik. Ziganteak, musika, Pottoka eta Leon erregearekin.

Joanes Etxebarria.
Baiona
2012ko uztailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hamabiak ziren laster, eta hiriko langileak entzierro txikia babesten zuten hesiak kentzen ari ziren, Mayou zubian, jendea herriko etxera trabarik gabe bil zedin.

Jendea metatzen hasten zen. Haurrak gurasoen sorbalda gainera igotzen ziren, ikuskizuna ez huts egiteko goratasun arazoengatik. Ziganteek egin zuten lehen agerraldia hiri barnetik herriko etxera; sukaldaria, burgesa edo bufoia irudikatzen omen dituzte. Gaiteroak, gelditu, eta balkoi azpian gelditu ziren, Leon iratzar zedin zain, haur gehienak bezala.

Balkoian mikrofonoa piztu zuten. Mezu seriosa etorri behar omen zela, eta «ez harrabotsik egin!», agindu zien hizlariak gainetik. Baionako umorea... Leon erregea iratzartzera etorri ehunka haurrei harrabotsik ez egitea agintzea. Handienentzat, asteazken iluntzean, gomita nagusia Vicent Cassel aktorea izan zen; haurrentzat, berriz, Pottoka, hiriko errugbi taldearen maskota.

Haragizko gomita bat ere bazuten balkoian, ez panpinak soilik. Errugbiko jokalari bat zen. Zuri-urdinetan, gazte mailan Frantziako txapeldun bilakatu den taldeko kapitaina, hain zuzen.

Leon agertu baino lehen, harenbozeramaileak erregeak hartu bi erabaki salatu zituen, protagonista nagusia oraindik lo zela: «Lehena, gurasoek dietela haurrei obedituko», erran zuen, txalo artean; «bigarrena, eguerdi oroz iratzarriko dela, baina gaur lo egiten uzten bazaio,» bukatu zuen, txistu artean. Baionako umorea.

Hamar, bederatzi, zortzi...

Zenbatzeko tenorea ere iritsi behar zen hamabiak izateko hamar bat segundo eskas zirelarik. Baina zenbakiak baino gehiago, zarata azkar bat entzun zen bozgorailuetatik. Haurren poza. Txaloak eta zapiak airean, itzulika.

Baionako Euskaraz Bai taldeak zenbaketa euskaraz ere egitea galdetu zion herriko etxeari, baina otsailerako dena finkatua dela ukan zuten arrapostua. Herriko etxean hori egitea ongi ikusten zutela, baina berantegi galdetu zutela. Balkoiko zenbaketa entzun ez zen bezala, euskarazkoa ere ez zen ezagun izan; balkoi azpian egin behar zuten bozgorailu txikiagoekin.

Mikrofonotik entzun zen guztia frantses hutsean izan zen azkenean. Helduen zeremonian bertso bat entzun daitekeen bezala, haurrenak oraindik sinbolo txikiena ere lortzekoa du: hamar zenbaki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.