Gasteizko alde historikoa bisitatzen duten turistak harriturik geratzen dira zabalguneko kaleetan topatzen dituzten zuriz jantzitako begiratokiekin. XIX.mendearen bigarren erditik amaiera bitartean, hedapen handia izan zuten begiratokiek eta galeriek Gasteizen. Egurrezko estruktura zuriek eta kristaletako distirek hiriburuko etxeei eta kaleei nortasun berezia eman diete.
Otsailaren 28ra bitartean, hiria errehabilitatzeko ARICH agentziaren laguntzarekin Ramon Ruiz Cuevas arkitekto gasteiztarrak eta Quintas argazkilariak eginiko Zuriak kanpotik, berdeak barrutik begiratokien inguruko erakusketaz gozatzeko aukera dago, Andre Mari Zuriaren Plazaren ondoko San Migelgo balkoian. «Turistak harriturik geratzen dira hiriko arkitektura lan horiekin. Erakusketarekin, gehienbat hiritarrei erakutsi nahi izan diegu begiratokien garrantzia. Horiek zaindu, berritu eta ugaritzea gasteiztarrei dagokie, hiriaren nortasunaren atal bat baitira», Ruiz arkitektoaren arabera. Erakusketan, hiriaren historia, begiratoki esanguratsuen argazkiak, datuak eta azalpenak eskaintzen zaizkio ikusleari.
Urtetik urtera, balkoi berezi horien tipologia aldatuz joan da, gaur egun osatzen duten ispilu erraldoia osatu arte. Baina elementu arkitektoniko horiek kaleari nortasuna eta edertasuna emateaz gain, dagokien funtzioa betetzen dute, energia harrapatzeko elementu «bioklimatiko ezin hobeak» baitira. Zuriak dira kanpotik, baina berdeak barrutik.
Kristal ugariz osaturiko egurrezko estrukturak izaten dira begiratokiak eta galeriak. «Eguzkitik datozen fotoiak harrapatzen dituzte, eta, etxearen horma nagusian egiten duten berotegi efektuaren ondorioz, airea berotzen dute neguan, energia hori eraikinaren gainerako guneetara barreiatzea lortuz», arkitektoak azaldu bezala. Horrela, berogailua eta CO2 igorpenak aurrezteko oso baliagarriak dira.
Nortasunaren eboluzioa
XX. mendera arte hiriaren diseinua orekatua egon zen naturarekin. Begiratokiekin neguko eguzki izpiak aprobetxatuz, berogailua aurrezten zuten gasteiztarrek, eta udako bero sargorietan etxea fresko edukitzen zuten.
Begiratokia egiteko lehen eskaera 1852an egin zuen Concepcion Ortiz de Zaratek. Lehen eskaera hura ukatu egin zion orduko udalak, eraikinaren itxura galtzea arrazoitzat hartuta. Handik urtebetera eman zuen begiratokia egiteko lehen baimena udalak; horrela eraiki zen Erregearen Atea kaleko 32. zenbakiko lehen begiratokia.
Orduz geroztik, askotariko forma, estilo eta hedaduretakoak eraiki izan dira gaur arte, betiere beren itxura zuria mantenduta.
Begiratokia eta galeria izango lirateke desberdintasun handienak dituzten bi estrukturak. Lehenengoa, balkoi-leiho batetik sortu zen. XIX.mendeko industria txikia indartzen hastean, hiriko kaleen itxura eraldatzen hasi zen, hiriak Erdi Aroko itxurarekin apurtu eta etxe estuetatik orube zabal izatera pasatu ziren. Etxeei aireztapena eta argiztapena emateko balkoiak egiten zituzten gasteiztarrek. «Eraikuntzen harrizko karga ezin izaten zuten bota, ordea. Zuloak gorantz bakarrik ireki ahal ziren; hori dela-eta sortu zen balkoi-leihoa». Egitura hori itxi egiten zen, zurezko eta beirazko beste bolumen arin bat sortuz. Erdian egurrezko bastidorea izaten zuen, eta gaineko erremateak zinkezko edo kobrezko txaparekin egindakoak izaten ziren. Honela, espazio egokiak sortzen ziren babesean. Etxebizitzaren eta kalearen arteko eremu bihurtu zen begiratokia.
Galeria beste ideia batetik sortu zen. Elementu lineala da, eguzki energia jasotzeaz gain etxearen barnealdetik beste ibilbide bat sortzen zuena, kanpora begira dagoen korridorea balitz bezala. Galeria, etxearen eguteratik sortua izan zen. «Estrukturalki, begiratokia baino sofistikatuagoa da», Ruizek esan bezala.
Gora begira
Ama Zuriaren plaza leku ezin hobea da egun eguzkitsuetan begiratokien distiraz gozatzeko. Dato kaletik Plaza Berrirainoko ibilbidea ere atsegina da historiaren garapena ikusteko. Udaletxeko inguruetan, Plaza Berrian, neurri, eta garai desberdinetako galeria eta begiratokiak ikus daitezke, eta, Arkupeetako pasealekutik eta Ortiz de Zarate kaleetatik igarota, begiratoki zerrenda luzeek, aurrez zehaztu gabeko orden berezia sortzen dute eraikinetan.
Ezarian. Arkitektura
Hiriko ikusmira
Gasteizko alde zaharraren nortasunaren adierazle dira kristalez eta egur zuriz eginiko begiratokiak. Iraganaren isla egiten dute orainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu