Frantziak mundu osoan izan dituen enbaxadorerik ezagunenetakoak izan dira Asterix eta Obelix. Komiki pertsonaia hutsak baino askoz gehiago dira Uderzok eta Goscinnyk sortutakoak. Alde horretatik, kopuruak ezin adierazgarriagoak dira: haien abenturen 335 milioi liburu saldu dira mundu osoan, 110 hizkuntzatan emanak.
Asterix —hasieran Asterix galiarra zena— 1959. urtean jaio zen ofizialki, Rene Goscinny gidoilariaren eta Albert Uderzo marrazkilariaren eskutik. Pilote aldizkariarekin batera sortu zen pertsonaia, eta oraindik bizirik segitzen du, duela bi urte azken liburua agertu baitzen, Asterix chez les Pictes izenekoa.
Hori bai, pertsonaia dagoeneko ez dago Goscinny eta Uderzoren babespean. Goscinny 1977. urtean hil zen; ordurako, gainera, gatazka betean zegoen argitaletxearekin, Asterixen kontura. Heriotzaren ostean, Uderzok pertsonaiaren istorioekin segitu zuen bakarrik.
Pelikula ugari
2011. urtean, marrazkilariak bere ibilbide artistikoa amaitzea erabaki zuen, baina horrek ere ez zuen ekarri Asterixen bukaera. Uderzok berak oinordekoa aukeratu zuen: aurrerantzean, Jean-Ives Ferri arduratuko zen istorioak idazteaz. Horrela sortu zen 2013an orain arte azkena den liburua, Asterix chez les Pictes. Komikiaren marrazkiak Didier Conradek egin zituen. Liburua sailaren 35.a izan zen.
Liburuen sorrerarekin berarekin, zinemarako jauzia egin zuten Asterix, Obelix eta gainerako pertsonaiek. Marrazki bizidunetako bi film egin ziren 1967an eta 1968an, bi liburukitan oinarrituta: Asterix le gaulois eta Asterix et Cleopatre. Hurrengo urteotan, beste liburu batzuetan oinarritutako beste zenbait film ere egin zituzten, telebistarako eta zinemarako.
Baina borrokarik gogorrena ez da etorri animazioaren aldetik. Pertsonaiak komikian agertu ziren ia memento beretik, horiek hezur-haragizkoak bihurtzeko proiektu ugari izan ziren. Horietako batean, esate baterako, Louis de Funes aktore ezagunak jokatu behar zuen galiar txikiaren rola.
Nolanahi ere, mendea amaitzear egon arte ez dute aurrera egin benetako aktoreekin egindako filmek. Orain artean, lauk ikusi dute argia, eta hiru Asterix diferente izan dira: Christian Clavier bitan, Clovis Cornillac eta, azkenik, Edouard Bauer. Alta, Obelix bakarra izan da, guztietan Gerard Depardieu ezagunak jokatu baitu Asterix lagun leialaren rola.
Astérix: Le domaine des Dieux Goscinnyk eta Uderzok egin zuten 17. liburuaren moldaketa da, eta horixe da bederatzigarren animazio pelikula honen iturburu nagusia. Gaurkotasun handiko gai bat kontatzen da bertan; izan ere, Zesarrek luxuzko urbanizazio bat eraiki nahi du Asterixen herrixkaren ondo-ondoan. Horrela, erromatarren kontrako borroka bertan behera utz dezaten lortu nahi du enperadore erromatarrak.
'ASTéRIX: LE DOMAINE DES DIEUX'
Zuzendaria. Louis Clichy eta Alexandre Astier.
Herrialdea. Frantzia.
Urtea. 2014. Iraupena. 82 minutu.
Generoa. Animazioa.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Datorren asteko estreinaldiak
Hiru dimentsioko Asterix animatua
Goscinnyk eta Uderzok 1959. urtean sortu zuten pertsonaia beste film baten protagonista da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu