Egiaz eta begiaz

Hiru emakume, hirurak lehen andereño

Hazilak 10 zituen egun batez hil zen Izaskun Arrue Goikoetxea, 'Arabako ikastoletako lehen andereñoa' titulua jasoa. Haatik, Arruek berak eskainitako hariari tiraka, hiru 'lehen andereño' ere etorri zaizkigu bidera Gasteizen bertan. Nork bere lehen andereñotasuna zertan den azaldu digu, 'lehen' gehiago aurkitu artean.

Pilar Landaburu Fernandez de Betoño, alaba Maite jaioberritan (1945). MAITE BRAVO LANDABURU.
Miel Anjel Elustondo
Gasteiz
2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eguna dugu harrezkero: 2016ko hazilaren 10a. Egun hartan hil zitzaigun Izaskun Arrue, Arabako ikastoletako lehen andereñoa. Titulua, hala ere, ez zion berak bere buruari erantsi. Bestek emana zion. Eta, zinez, Arruek dudak zituen izendapena zela-eta. «Ni etorri baino lehen ere hemen guraso batzuk lanean hasita zeuden. Ez zekiten euskaraz, baina beren umeek euskaraz jakitea nahi zuten. Gogo hori sortu zitzaien, nondik sortu zitzaien ez dakidala, eta han eta hemen hasi ziren andereño bila, eta han eta hemen horietan, ni aurkitu ninduten». Eta, zerutik jakina denez, Izaskun Arrue Goikoetxea familiaren bizilekuan hasi zen umeak hartzen, Gasteizko lehen ikastolaren zimentarria jartzen.

Izaskun Arrue Goikoetxea

Dakienak badaki lekua non den. Ez dakienak ez du erraz jakiten: hau eta hori eta hura halako eta halako etxean bizi izan zirela ageri diren plakak ez dira gutxi Gasteizen hainbat fatxadatan. Haatik, gerraondoko lehen ikastola Zerkabarren kaleko 9 zenbakiko 4.ean ezker izan zela ez du etxe horretako fatxadak ageri. Ez idatziz ere idazten baita Historia.

Izaskun Arrueren ahotsa da haize hegoak gure egunetaraino ekarria, hegoa da beti gauez irrintziaren lagun: «Arriben jaio nintzen [1927], baina Atalluko eskolara hasi nintzen sei urte bete nituenean. Halaxe zen orduan, mutilek Arriben ikasten zuten, eta neskek, berriz, handik kilometro erdira, Atallun. Batxilergoa ikasten hasteko sarbidea Tolosan egin nuen, eta, ondoren, Donostian ikasi nuen, teresiarren ikastetxean. Garai hartan hemen ez zen oraingo unibertsitaterik, eta Valladoliden (Espainia) egin behar izaten zen errebalida, gero besterik ikasteko. Hura ere egin genuen, behintzat, eta ikasten segitu nuen, eta Magisteritza eta Erizaintza ikasketak egin nituen, biak batera, Donostian. Nire lehenengo lana Arribetik lau kilometrora bete nuen, Lezaetako herrian. Halako batean, senarra ezagutu nuen Iruñean, baina Gasteizen ari zenez lanean, Arabara etorri ginen». Eta Lezaetan bezalaxe, eskolak emateari lotu zitzaion Arrue Gasteizen, Zerkabarreneko etxetik bertara, San Prudentzio Arte eta Lanbide Eskolan. «Gizona nuen [Rafael] Pikatoste, eta Gasteizen senide zituen Vera-Fajardo margolariaren familiakoak [Aurelio Vera-Fajardo Pikatoste, Iruñea, 1884 - Gasteiz, 1946]. Haien bidez hasi nintzen eskola hartan erakusten. Hiru ikasturte-edo egingo nituen, halako batean Donostiatik deitu ninduen-eta Mirentxu Moraiz lehengusinak, bilera batera joateko. Esan dizut, Gasteizen guraso batzuk andereño bila zebiltzan, horretarakoxe zen Donostiako bilera hura, eta ni aurkitu ninduten», apaizgaitegiko irakasle Dionisio Oñatibia, Pedro Anitua, Ramon Narbaiza, Terese Urrestarazu eta besteren bitartez «aurkitu».

Eta Izaskun bizi zela hari egindako galdera hura beti gogoan burrundan:

—Titulu eta izendapenak gorabehera, zu baino lehen ez al zen euskarazko irakaskuntzarik Gasteizen?

—Ez dakit, bada. Esaten dute izan zela zer edo zer, eta tartean zela Pilar Landaburu [Fernandez de Betoño, Gasteiz, 1908 1998], Madrilen Arabako diputatu izandako Frantzisko Xabier Landabururen arreba. Ezagutu nuen Pilar. Umetan euskaraz ez zekien, baina, nonbait, ahal zuena ikasi zuen, eta ikastola antzeko zera txiki bat ere eduki zuen.

Pilar Landaburu Fernandez de Betoño

Maite Bravo Landaburuk ama zuen Pilar. Hark esanen bidez dugu honen berri gehiago. «Lau anaia-arreba izan ziren: Frantzisko Xabier, gure ama Pilar, Natividad, eta Piedad. Gure ama Manuel Iradier kaleko 72. zenbakian jaio zen, Jesusen Bihotza ikastetxearen pare-parean. Etxean ez zekiten euskaraz, gure amak ere ez zekien, eta, ezin, bada, euskaraz erakutsi. Egia da euskaraz zer edo zer ikasi zuela, eta, gainean berrogeita hamar urte baino gehiago zituenean gehiago ikasteari ekin ziola». Horrainoxe, alegia.

Pilar Landaburuk irakasle ikasketak egin zituen, eta irakasle jardun ere bai. Alabaren lekukotza zuzena da: «Amak kontatzen zuen, [Espainiako Bigarren] Errepublika garaian Plaza Berrian izan zutela ikastola, hantxe erakutsi zuela. Asko gustatzen zitzaion bere lana, eta esaten zuen behin eta berriz jaiota ere, irakasle izango zela beti». Eta horra non heldu den berriz ere hegoa, hixtu luze saminetan...

Roman Berriozabal ikerlari eta idazlearen Aberri Eguna (Gasteiz, 1934) liburua eskuan hartu, eta jakin dugu Espainiako Bigarren Errepublikak hezkuntza espainola bultzatu zuela, eta laikoa, eta, horren kontra, Euzko Alderdi Jeltzaleak Euzko Gastetxu Batza sortu zuela, bestelako hezkuntza bat xede eta helburu: euskaltzalea, erlijiosoa eta ludikoa. 1932an bertan, eta Arabaz ari, Agurain, Amurrio, Laudio eta Gasteizen eratu ziren gastetxu batzak. Erran delako Errepublika etorri baino lehen bazen nola-halako ikastola bat Gasteizen, EAJk eta ELAk partekatzen zuten bizitzan, Posta kaleko 48. zenbakiko lehen solairuan. Arratsaldez, hantxe ei ziren hamarren bat neska-mutil. 1932an, Maite Bravo Landaburuk aipatua digun Plaza Berriko batzokira lekualdatu zuten ikastola, eta, handik bi urtera, berriz, Zapatari kaleko 73-75 zenbakira, Lopez de Uralde familiak utzitako eraikinera: Euzko Gastetxu Etxea izan zen. Hantxe erakutsi zuen Pilar Landaburuk, izan zen andereño.

Espainiako Gerra Zibila, 1936-1939.

Eta ondoko errepresio urte gaitzak.

Eta berrogei urteko diktadura beltza.

Eta gerra etorri, eta Maite Bravoren oharkizun zolia: «Gerra etorri zenean, kito! Orduan, Falangearen Emakume Sailak bereganatu zuen Zapatariko egoitza. A zer jendaila! Eta akabo amaren andereñotzak. Osaba Xabierrek denbora egin zuen etxean ezkutatuta. Egunero joaten zitzaizkion bila etxera, baina ez zuten inoiz harrapatu. Erreketeek, berriz, osabaren ordez gure ama sartu zuten kartzelara, bahiturik! [1941ean, 125 pezetako isuna ezarri zion Arabako Ardura Politikoen Auzitegiak Pilar Landabururi. Natividadek ere gisako isuna jasoa zuen lehenago] Etxe aurreko Jesusen Bihotza ikastetxera sartu zuten preso, ikasketak egindako eskolan! Ez zen akusazio beharrik, aski zen inork salatzea. Propagandista [Emakume Abertzale Batzako kidea] izan zela esan zuten, ikastolako andereñoa... hau, hori eta hura. Kartzelan zenbait hilabete egin, eta askatu zuten, irakasle titulua kenduta! Harrezkero, erakustekotan, etxean erakutsi behar izan zuen». Etxeko seme nagusia, Xabier Landaburu diputatua, ihes egina zen. Hirugarrena, Natividad, artean gaztea zen. Piedad, hila zen hemeretzi urtetan. Pilar Landaburuk lan egin behar izan zuen etxean laguntzeko. Lehenik, etxean. Hurrena —eta titulua kendua bazioten ere—, Gasteizko Garibai ikastetxean. Eta, zuzen, hantxe ikasi zuen Pilarren alaba Maitek: «Irakasle izan nuen ama! Oso kontalaria zen, eta irakasle zoragarria. Ikasle izandako neska guztiek maite zuten. Zoragarria zen era guztietara ere. Ikastetxea utzirik ere, etxean jardun zuen batxilergoko ikasleei laguntza eskolak ematen». Bere begiz ikusia, batetik, amari jasoak, bestetik, barrenean josiak daramatza oroitzak Maite Bravo Landaburuk.

—Aizu, Maite... Hortaz, gerra aurreko Gasteizen, zuen ama izan zen ikastolako lehen andereñoa...

—Ez dakit, bada, nik. Horixe ez dizut esango, ez dakit eta.

Hego haizearen konpasean segitu behar, nahitaez...

Blanca Oar Larrañaga

Oraingo egunean, gerra aurreko euskal eskola haren aztarnak ez dira gutxi baino gehiago. Pilar Landabururen etxean, esaterako, «ez paper-mutur, ez agiri, ez irudi, ez argazki, ez ezer» dute, andereño haren alaba Maiteren hitzetan. «Gerrarekin, eta harekin batera etorri zen errepresioaren beldurrez, den-dena erre zuten, edo desagerrarazi!». Beharrik, aztarna zaharrak beti gutxi izanik ere, urregorria balio dute noizetik noizera ageri ohi diren zantzu egiazkoek.

Esaterako, «ikastola» hartako ikasle izandako Andoni Perez Cuadradok inoren eskura jarri ohi zuen jaunartze-oroigarrian ageri den zerrendak baiona balio du. Hark bezainbeste, edo baino gehiago, gorago aipatu dugun Roman Berriozabalek Sabino Arana Fundazioan aurkitua duen agiria, zeinen arabera delako ikastolara biltzen ziren neska-mutilen artean batira «Albinarrate, Emili; Albinarrate, Amantze; Alvarez de Arkaia, Eloisa; Andoin, Miren; Arbulo, Amaia; Arbulo, Mariñe; Arozena, Paquito; Arrieta, ?; Arroiabe, Consuelo; Beitia, Eloisa; Concha, Pili; Conde, ?; Crespo, Pili; Delgado, Avelina; Etxebarria, ?; Fernández, Puri; Gamarra, Ángeles; Gonzalez de Zarate, Pepe; Lasheras, Txaro; Lopez de Uralde, Nati; Mandajona, Nati; Mekolai, ?; Ormaetxea, Jose Mari; Romarategi, Peli; Saez De Villaverde, Tomás; Saratxo, Mariasun; Setien, Carmen; Valdivielso, Concha; Viniegras, Blanca; ?, Pepita; ?, Tere». Bidenabar esanez, deigarri da beti hor Peli Romarategiren izena, oraindik bizirik duguna, «ehun urte eta erdi» beteak, berak esan ohi duen moduan esatera.

Berriozabalen bideari jarraikiz, eta koska bat estutuz: «Blanca Oar Larrañaga izan zen hango lehenengo andereñoa. Emilio Apraizekin ezkondu zen, eta irakaskuntza utzi zuen. Orduan, Pilar Landaburu Fernandez de Betoñok hartu zuen haren lekua». Oar Larrañaga, lehen; Pilar Landaburu Fernandez de Betoño, hurren. Izaskun Arrue, gerraondoan.

Gerra aurre hartan badira izen gehiago ere, inork izana erantsi zain. Berriozabal, beti: «[Euzko Gastetxu Batza] mugimenduko arima nagusia Isabel Lopez de Uralde izan zen, 1935ean Berrizko Misiolari Mesedetakoen Institutuan sartu zen arte. Bera, bere lagun Maritxu Alava Sautu eta laguntzaile ugari, gazteenekin aritu ziren. Laguntzaile horien artean dira Angel eta Julian Agirre anaiak, Peli Reparaz, Julia Erauskin, Carmen Arroyo, Manolo Yus, Fernandez de Barrena solidarioa [ELA], Gregorio Ormaetxea eta Frantzisko Salazar kalonjea». Horien denen artean gauzatu zuten gerra aurreko ikastola hura.

Gerra garaian, desagertua.

Gerraondoan, 1963ko abenduaren 4an, berriz agertua.

Eta oraingo egunera arte hego haizeak ekarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.