Berako Toki Ona-Bortziriak saskibaloi taldearen izenean bota du Jesus Alacidek herriko bestei hasiera eman dien hiru puntuko txupinazoa. Aurten, hamahiru urte bete ditu taldeak, eta Alacid izan da kirol horren sustatzaile eta koordinatzaile nagusia urte horietan guztietan. Erretiratu eginen zela iragarri zuen orain pare bat hilabete: «Guztiak dauka bere hasiera, baina amaiera egokia bilatzen jakin behar da», esan du. Bigarren suziria Maialen Txantrek bota du, saskibaloian aritzen diren neska guztien izenean.
Iritsi dira beratarrentzat «hain bereziak» diren sanestebanak. Herritarrak gau eta egun besta giroan murgildurik dabiltza atzo eguerditik. Bestak eguerdiko hamabietan hasi ziren, eta, Mikel Irazoki saskibaloi taldeko kidearen arabera, «Herriko Etxeko plaza jendez gainezka zegoen». Alacidek botatako suziria lehertzearekin batera hasi ziren bestak. «Berako alkateak txupinazoa botatzeko eskaintza egin zidanean, talde osoaren saritzat hartu nuen, poz handia eman zidan», nabarmendu du Alacidek. Euskaraz ez dakien arren, txupinazoa euskaraz bota zuen, saskibaloi taldearen izenean eskerrak emanez. 1999an sortu zen lehenengo saskibaloi taldea Beran, eta, pixkanaka, hedatuz joan da. Gaur egun, talderik gehienak neskez osatuta daude.
Txantrek azaldu duenez, orain arteko lorpenak denen elkarlanaren esker iritsi dira: «Batetik, herrian kirol berri bat sustatzea lortu da; eta, bestetik, neskentzat beste aukera bat sortu da. Lehen ez zegoen neskak kirolean ibiltzeko talderik, eta saskibaloiak kirolaren parte izateko beta eman digu». Horren harira, udaletxeko balkoian Kirolean ere berdintasunaren alde leloa zeraman pankarta bat ezarri zuten.
Debekuari aurre eginez
Aurten, Nafarroako ikurren legeak udaletxean ikurrina jartzea debekatu du, baina herritarrek erantzun zuzena eman zioten atzo debeku horri. Izan ere, Herriko Etxeko plaza ikurrinez gainezka zegoen goizean goizetik. Nor bere ikurrin txikiak eramateaz gain, parrokiako paretan ere beste handi bat jartzea erabaki zuen jendeak. Saskibaloi taldekoak ere ez ziren ezer egin gabe geratu. Txupinazoa baino hamar minutu lehenago, ikurrina margotua zeukaten plastikozko baloiak bota baitzituzten balkoitik.
Aurtengo bestek hainbat berrikuntza ere badituzte. Esaterako, Altzateko plazako txosnen gunean plataforma bat jarri dute, eta, han, herriko DJak izanen dira, musika jartzeko prest. Herritarrak hain kontent ez dituen beste berrikuntzaren bat ere bada, ordea. «Madrid Arenarekin gertatu zenaren ostean, segurtasun neurriak zorroztu dira, eta, Eztegarako pilotalekuaren goiko harmailetan bi irteera ez daudenez gero, ez erabiltzea erabaki da», dio burumakur Julen Zelaieta bertsolariak. Ondorioz, atzoko dantza festibalean jende asko geratu zen sartzeko aukerarik gabe, eta seguruenik gauza bera gertatuko da biharko pilota partidetan ere. «Sekulako pena da jendea kanpoan gelditu behar izatea», baieztatu du Zelaietak.
Gaur dute egun handia beratarrek. 09:30ean, txistularien argi-soinuarekin ekingo diote bestetako bigarren egunari. Bertsoak, dantzak, bandaren kontzertua... denetarik izanen da.
Jaiak. Sanestebanak Beran
Hiru puntuko txupinazoa jaiak hasteko
Debekuari erantzunez, inoiz baino ikurrin gehiago jarri dituzte beratarrek; esaterako, parrokiako paretan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu