Historia bestela kontatuz

Playmobil figuratxoen zaleek huts egin ezineko erakusketa bat dute Bilboko Euskalduna jauregian: 25.000 panpina baino gehiago bildu dituzte 18 maketatan.

Bilbo
2012ko abenduaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Playmobil piezak ez dira sekula modaz pasatzen. Hainbat motatako panpinak, animaliak, gazteluak, itsasontziak... jostailutxo horiek ikusteko aukera egongo da Gabon hauetan Bilbon. Izan ere, Euskalduna jauregian Playmobil panpinez egindako 18 maketako erakusketa ireki dute. Aesclick zaleen elkarteak antolatu du Clickek Bilbo inbaditu dute erakusketa. Javier Sagredo elkarteko presidenteak esan duenez, 25.000 panpina baino gehiago erabili dituzte maketak osatzeko; «Guinnes errekorra irabazi duen erakusketa bat baino ez da hau baino handiagoa», kontatu du. Euskaldunako gune berrian jarri dute erakusketa, eta 1.200 metro koadroko azalera du.

Haurrentzako egitarauaren barnean dagoen arren, ume zein helduentzat da erakusketa. «Oso erakusketa didaktikoa» dela azaldu du Agustin Badiola Erakusketako Komisarioak. «Haurrei historian gertatutakoa beste era batera kontatzeko balio du, modu ezberdin eta entretenigarri batean», nabarmendu du Badiolak.

Askotariko gai eta garaiek osaturiko agertokiak daude ikusgai: Afrikako sabana, Sevillaren Erdi Aroko konkista,espazioa, erromatar inperioa, bikingoak eta dinosauroak, besteak beste.

Zinemak eragin handia izan du diorametan, Aesclickeko kideek azaldu dutenez; Jurassic Park, Erdi Aroko guduak, eta Star Warsen oinarritutako dioramak daude.

Figuratxoetako batzuk ezin dira dendetan topatu. Izan ere, maketak osatzen dituzten piezetariko asko ez dira bere horretan existitzen, hau da, elkartekoek sortu dituzte euren beharren arabera: hainbat solairuko gaztelu erraldoiak, soldaduen kasko eta ezkutuak. «Zirko erromatarrak izatez solairu bat baino ez du, baina erakusketarako, beren-beregi, hiru solairuko bat egin zuen kide batek», kontatu du Sagredok. Bitxikeria bat ere badu zirku erromatar horrek: erdian San Mames santua dago lotuta, lehoi gosetiek inguratzen duten artean.

Xehetasunak benetan zaintzen dituzte Aesclick elkarteko kideek, eta erakusketak antolatzen dituzten hirietan, bertako adierazgarria den zer edo zer jartzen saiatzen dira beti. Oraingoan, herri kirolak sartu dituzte maketetako batean: aizkolariak, idi-probak, harri jasotzaileak... Horrez gain, etxe batzuen balkoietan Athleticeko banderak ere jarri dituzte; begi bistan dago, beraz, Bilbon dagoela.

Figura bakoitza dagokion tokian jartzeaz gain, gaiaren araberako paisaiak ere sortu behar izan dituzte. Horretarako, material ezberdina erabili dute: urdinez tintaturiko arroza sabana afrikarreko erreka bat egiteko, eta autoen sabaian egoten den goma aparra espazioko harri puskak irudikatzeko, besteak beste.

Gurutzetako Ospitalera (Bizkaia) ere iritsi dira panpinak: bigarren urtez, Aesclick elkarteak Playmobil piezaz osaturiko jaiotza bat jarri du ospitalean. Onkologia Saileko haurrei egingo dio donazioaelkarteak.

Astelehen arratsaldean ireki zuten erakusketa, eta urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik. Sarrera bost euroren truke izango da, eta hiru urte baino gutxiago duten umeak dohainik sartu ahalko dira. Erakusketa bukatzean, Playmobil pieza batzuk zozkatuko dituzte sarrera erosten dutenen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.