Historia, liburutik pantailara

Ibaizabal-Mendebalde kultur elkartea 'Euskara Jendea' dokumental sorta egiten ari da, 2006an Xamarrek izen berarekin plazaratutako liburuari jarraipena emateko.

Euskara Jendea dokumental sortaren grabazioa. IBAIZABAL-MENDEBALDE KULTUR ELKARTEA.
Donostia
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Juan Karlos Etxegoien Xamar-ek 2006an idatzitako Euskara Jendea liburuak jarraipena izango du. Azken urte eta erdian, Ibaizabal-Mendebalde kultur elkarteko kideak lanean dabiltza liburuaren izen bereko dokumental sorta batean. Lan berriak Xamarren liburua du oinarri, eta Euskal Herriaren historia, hizkuntza eta bertako hiztun komunitatearen historia kontatzen ditu. «Ezinezkoa litzateke Euskal Herriaren historia aztertzea euskal hiztunen historia aztertu gabe, eta alderantziz», dio Mikel Arredondok, egileetako batek.

Xamarren liburua baino gehiago da dokumental sorta berria. Batetik, unibertsitateko eta bestelako goi mailako adituekin ikerketa lana egin delako; eta bestetik, paperetik pantailara eramanda, ikus-entzunezko grafika eskaintzen duelako.

Lanaren helburua da ikus-entzunezkoen munduan euskararen eta euskal jendearen inguruan dagoen hutsunea betetzea. Arredondoren hitzetan, «idatzizko lan asko daude; baina ikus-entzunezkoetan, hutsunea oso nabaria da. Ikus-entzunezko lan dibulgatiborik ez dago, eta behar da. Euskal Herriaren inguruko topiko asko zabaldu dira, eta horiek amaitu nahi ditugu».

Euskara Jendea dokumentala sei atalez osatuta dago. Atal bakoitzak 45 minutu inguru iraungo du, eta historiako garai batean kokatzen da: historiaurrea, Erromatarren garaia, Erdi Aroa, Aro Modernoa, XVIII-XIX. mendeetako gerrak, 1936ko gerra eta II. Mundu Gerra, eta, azkenik, gaur egungo historia: XX-XXI. mendeetakoa. Guztira, lau ordu eta erdiko dokumental sorta da. Arredondok dioenez, «ataletan banatu genuen beharra zegoelako eta logika zuelako». Dokumental guztietan, narratzaile bat egongo da, dokumental sortaren haria emango duena.

Ibaizabal-Mendebalde kultur elkartearen proiektua talde lanean oinarritu da: «Talde lana izan da proiektu honen muina, eta beti adostasunez egin dugu lan». Sei lagun aritu dira proiektuan lanean: Maria Uriarte, Mikel Arredondo, Hibai Castro, Adur Larrea, Lutxo Egia, Lon Fernandez eta Xamar bera. Horiez gain, ezinbestekoa izan da goi mailako aditu talde handi bat: historialariak, hizkuntzalariak, arkeologoak eta kulturgileak aritu dira lanean.

Atal bakoitzean, batez beste, lau adituk parte hartu dute. «Kasu batzuetan, aholkulari lanak egin dituzte, pantailan agertu gabe, gure zalantzak argitzen eta gomendioak ematen. Beste asko pantaila aurrean agertu dira, eta elkarrizketak egin dizkiegu», kontatu du Arredondok. «Hala ere, dokumentalak ez dira izango elkarrizketa hutsak. Dibulgazio lana interesgarri egin behar da. Horregatik, grafismoak eta antzezpenak ere leku garrantzitsua du atal guztietan».

Udan, azken esprinta

Euskara Jendea dokumental sortaren azken lanetan buru-belarri sartuta dabiltza Ibaizabal-Mendebalde kultur elkarteko kideak, eta proiektua aurrera doala azpimarratu du Arredondok: «Oraindik ez dakigu noiz estreinatuko dugun, ezta nola zabalduko dugun ere. Baina aurrera doa, eta laster kaleratuko dugu. Lehen lau dokumentalak ia guztiz amaituta daude, post-produkzioan, eta orain, uztailean, azken esprint bat jo nahi dugu grabaketa guztiak amaitzeko. Bosgarren dokumentala grabatzen ari gara, eta seigarrenaren gidoia amaitzen».

Lantaldeak oraindik ez daki nola zabalduko duten Euskara Jendea dokumental sorta, «baina badakigu zabaltzeko aukera askotarikoa dagoela: izan Internet, izan telebista… Aukerak badaude, eta erabili egingo ditugu. Izan ere, ez dago gisa honetako lan dibulgatiborik, eta beharrezkoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.