Xirikara antzerki taldeko kidea

Olatz Etxeberria: «Hitanoa erabiliz bakarrik sustatu eta babestu liteke euskara»

Hitanoa, eta bereziki noka, ez erabiltzeak kezkatuta sortu dute ‘Zopa’ umorezko antzerkia, Segurako euskara taldearen enkarguz. Etxeberria eskertuta agertu da, asko ikasi dutelako antzerkiarekin.

Xirikara antzerki taldea
Xirikara antzerki taldeko kideak. Behean eskuinean, Olatz Etxeberria. RAUL BOGAJO / FOKU
ane insausti barandiaran
2023ko abenduaren 2a
05:00
Entzun

Su geldoan egosten egon ondoren, bihar estreinatuko dute Zopa antzezlana Segurako (Gipuzkoa) Xirikara antzerki taldeko kideek. Erretiro espiritual batean kokatutako komedia bat da, eta hitanoa erabiltzen dute aktoreek. Mirari Martiarenak ondu du gidoia, eta Idoia Uranga aktoreak zuzendu. Olatz Etxeberria (Berastegi, Gipuzkoa, 1985) antzerki taldeko kidea da, eta eskertuta agertu da, herriko talde bat izanik, asko ikasi dutelako haiengandik. Bi saio egingo dituzte Botikaxaharren, 17:00etan eta 19:00etan; bietarako sarrerak amaituta daude.

Zer kontatzen du Zopajaleen Zopa antzezlanak?

Zopaantzezlana da, Seguran ere zopajaleak garelako, eta horri egiten dio erreferentzia, hein batean. Barne bidaia bat izango da antzezlana, barruko itzalak argitzeko, edo ez. Ez dakigu zer gertatuko den.

Erretiro espiritual batean dago kokatuta, ezta?

Bai, eta bertan talde bat elkartuko da, gidari batekin, eta ikusiko da zer gertatzen den.

Hitanoa erabiltzen duzue antzerkian. Zergatik?

Segurako Hitz edo Irri, euskaraz elkarri izeneko euskara elkarteak eman zigun diru laguntza bat, nahi zutelako hitanoa erabili, gehienbat noka. Hori bultzatzeko, pentsatu zuten izan zitekeela aukera on bat antzerki obra bat egitea. Guk umorea jorratu izan dugunez hainbat eta hainbat urtetan hemen, Seguran egin izan ditugun emanaldietan, gurekin harremanetan jarri ziren, eta antzerkia egiteko aukera eskaini ziguten. Segituan eman genien baiezkoa.

Laguntza profesionala izan duzue, gainera.

Orain arte, guk idazten genituen gidoiak, zuzendari lanetan ni ibiltzen nintzen... Baina, kasu honetan, hitanoak berak behar duen bultzada ikusita, eta, gaur egun pil-pilean dagoen gai bat denez, galtzear dagoelako, apustu egitea erabaki genuen. Diru laguntza jaso dugula baliatuta, gidoilari bat eta zuzendari bat kontratatzea pentsatu genuen. Euskara elkarteak diru laguntza hori emateaz gain, beste baldintza bat zen hitanoa eta noka sustatzea antzerkian, umorezkoa izatea, eta beste herri batzuetara zabaltzea bira. Horregatik, Mirarirekin-eta jarri ginen harremanetan.

Zer izan da zuentzat laguntza profesionala jasotzea?

Ni neu, gidoia jaso nuenean, ez ninduen guztiz bete. Gero, oholtza gainera eraman, eta izugarria izan da ikustea Idoiak zer puntu atera dion pertsonaia bakoitzari eta esaldi bakoitzari. Lehen irakurketatik hona, sekulako aldaketa izan du lanak. Eta nik neuk ez ezik, eta denok ere komentatu izan dugu asko ikasi dugula. Lehen, herrirako antzerkiak egiten genituen, baina horrelako profesional bat, esperientzia daukana ekarri, eta horrelako zukua ateratzea pertsonaia bakoitzari, sekulakoa izan da; poz-pozik gaude.

Erronka izan da antzerkia hitanoz egitea?

Taldean dauzkagun bi mutilek hika hitz egiten dute: Koldok [Alustiza], adibidez, mutilen artean; baina Lulik [Telleria], bai mutilei eta bai neskei. Arantxik ere bai familiako batzuei, eta gero, nik, [Segura] Irratian ere bai [bertako langilea da], euskara sustatzeko egiten dugun saioan, Bixi bixi-n, saiatzen naiz gonbidatuekin hika egiten. Bestela, egunerokoan ez dugu hitz egiten. Baina arrotza ez zaigu egin, zeharka ere hitanoa aditu izan dugulako. Seguran ere, nik uste, gazteen artean, mutiletan, baietz. Eta gero, helduetan, bai noka eta bai toka ere. Baina herriko euskara elkartea ari da azken hilabeteetan ostiralero talde bat elkartzen, hitanoaren inguruan hitz egiteko, ez dakienak ikasteko... ikastaro moduko zerbait informala ari dira egiten. Antzerki horretarako laguntza eman zigutenean, kezka zutelako izan zen, herrian galtzear zegoelako. Baina nik uste orokorra dela arazoa.

Gainera, Segurako hitanoa erabili duzue, ezta?

Bai, eta Idoia zuzendariak, adibidez, ariketa bat egin behar izan du Segurako hitanora ohitzeko. Idoiak hitanoa erabiltzen du egunerokoan, ohituta dago. Berak dioen moduan, hitanoa hitz egiten bakarrik susta liteke eta era horretan bakarrik babestu liteke euskara. Idoia azkoitiarra da, eta hango hitanoa erabiltzen du. Hori da euskarak daukan gauzarik politena, herri bakoitzak daukala bere euskalkia. Bakoitzak dauka bere hitanoa.

Antzerkia, zuen kasuan, hainbat belaunaldi elkartzeko aitzakia ere bada?

2014an sortu genuen umorezko antzerki taldea Seguran, eta hasieratik kide berak daude. Gazteenak, Ekiñek [Izagirre], 25 urte ditu, eta Lulik [Telleria], 78.

Emanaldiak Euskal Herrira zabaltzea da asmoa?

Bi herrirekin hitzartuta daukagu, datak zehazteke; beraz, herriak ez ditugu esango, badaezpada. Baina orain hasiko gara promozioa egiten, eta udalen, euskara elkarteen edo emakumeen edo talde feministen ateak jotzen. Kontratazioetarako, [email protected]-era idatzi behar da.

LOTSABAKO

Zopazalea zara?
Bai. 

Joango zinateke erretiro espiritual batera?
Bai, antzerkikoa bezalakoa bada, begiak itxita. 

Segurako hitanoko hitz berezi bat?
Zikun. 'Gustatzen zikun' esaten da [zitzaigun].

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.