Hitz jarioaren maratoia

Euskararen maratoia egin dute asteburuan Lasarte-Orian. Berrogei orduz jarraian, euskaraz hitz egiten aritu dira oholtza gainean, isildu gabe, eta hainbat kultur eta kirol ekitaldi antolatu dituzte.

Mikrofonoa isildu gabe egon zen egun osoan Lasarte-Orian, euskararen maratoian. CONNY BEYREUTHER / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Lasarte-Oria
2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Hasierako urteetan lo, jan eta pixa ere oholtza gainean egiten genuen, handik jaitsi gabe. Oso zorrotz eramaten genuen kontua. Mikrofonotik 40 orduz euskaraz jardutea, etenik gabe, erronka handia zen guretzat», esan du Jose Mari Agirretxek, Porrotx pailazoak. Euskararen maratoia egin dute asteburu honetan Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Bihotzetik plazara lelopean, larunbat goizetik atzo gau erdira arte 40 orduz, euskaraz hainbat ekitaldi antolatu dituzte, Okendo plazan. Mikrofonoa ez da isildu asteburu osoan; gehienez, bost minutuko etenak egin dituzte, bai egunez eta bai gauez.

Lau urtetik behin antolatzen dute festa, eta aurten zortzigarren aldia da. Eguraldi desatsegina izanagatik, giroan sartuta ageri da Agirretxe. Maratoia oholtza gainetik mikroarekin animatzeko ardura duen zortzikoteko partaide izan da hastapenetik. Egoera asko aldatu dela dio. «Gaur egun, herrian euskaraz aritzeko talde ugari ditugu: antzerki taldea, abesbatza... eta aise betetzen dugu egitaraua».

Euritik babesteko, karpan sartuta dago jendea. Ez dago guztiz beteta, baina festa giroa badago. Eguerdia izanik, tabernak du arrakastarik gehien, eta babarrun txapelketan parte hartzen ari direnen lapikoek ere erakartzen dute arreta. Arantxa eta Mila Urdapilletarenek itxura ona dute. «Alabak bultzatuta parte hartu dugu. Hura non dagoen? Beste nonbait ari da laguntzen. Ondoan zaintzen egotea da garrantzitsuena; mimoak ematea, azken batean», esan du batek. Suarekin kexatu da bigarrena: «Begira nola geratu zaizkigun eltzeak!». Lapikoen ipurdiak belztuta daude erabat.

Irrintzi luze eta ozen bat entzun da bat-batean. Lasarte-Oriako Sumela abesbatza ari da kantuan oholtza gainean. «Behin betiko, behin betiko sinple bezain tinko, euskaraz ta kito».

Familiak dira nagusi, tartean behin gaztetxoak ere ikusten diren arren. Mari Azpirozek azaldu du karparen babesa eskertzen dela haurrekin egoteko. «Eguraldiak ez du lagundu, tamalez. Atzo Takolo, Pirritx eta Porrotx ikustera etorri ginen; hiru pailazoak egon ziren, eta gaur senarra animatzera. Buruntzako proban parte hartzen du». Bizikletan eta lasterka herritik Buruntza mendira joan-etorria egin behar dute parte hartzaileek.

Abesbatzaren kontzertuaren ondotik, harri-jasotzaileak hasidira ekinean. Agirretxek bota du erronka mikrofonotik. «Norbaitek nahi al du probatu?». Inor ez da animatu, eta bera ausartu da. Harria lurretik mugitu ezinda, aurpegia gorrituta amaitu du, ikusleen artean algarak sortuz.

Maratoiko ezkontza

Udaleko Euskara Batzordeak eta Ttakun kultur elkarteak elkarlanean antolatu dute maratoia. Aurtengo berrikuntza maratoian bertan ospatu den ezkontza izan da, Alex Tello eta Ion Martinezen artekoa. «Alkateak ezkondu zituen, eta jende ugari hunkitu egin zen. Antzerkia zela jakin zuten ondoren», azaldu du Agirretxek.

Karparen alboan, eskulangileen azoka dago jarrita. Janari ekologikoa ere saltzen dute zenbait saltokitan. Aizpea Izagirre Sosola baserriko gazta saltzen ari da.«Honek ez dit tentsioa igoko, ezta?», galdetu dio pintxoa erosi dion emakume batek. Ekitaldiaren diseinuarekin asmatu zela uste du Izagirrek. «Gero eta mugimendu handiagoa nabaritzen da herrian. Maratoian nire ekarpena egiteak ilusioa egiten dit; talde batean partaide sentitzea bezala da». Aurten, gainera, egun berezia egokitu da. «Gauean, bozen berri emango dute zuzenean. Ikusteko dago oraindik zer pasatuko den, baina iruditzen zait parranda ederra egongo dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.