Beran dago (Nafarroa), Itzea du izena, eta harriz beste dago hitzez eraikia. Izen bati eta data bati dago lotuta baserri horren historia. 1912an erosi zuen Pio Baroja idazleak, eta, orduz geroztik, hormetan itsatsita dirudi bere abizenak. Ehun urtez izan dira barojatarrak bertan. Han idatzi zituen Pio Barojak bere eleberrietariko asko; han margotu zituen bere koadroak Ricardok; han idatzi zituen bere poemak Carmen Barojak; eta han hasi zituen Julio Caro Barojak bere ikerketa etnografikoak, Pio Caro Baroja anaiarekin batera. Etxea museo bilakatzeko asmoa azaldu zuen garai batean Nafarroako Gobernuak, baina egun ez da egitasmo haren berririk. Barojatarrek liburuetan bildutako oroitzapenek ageri dutenez, ordea, etxea bada nahiko museo. Hitzez hitz eraikia.
«Beti Madrilen bizitzeaz nazkaturik amari esaten nion uda landa guneren batean eman behar genukeela, itsasertzean. Hoteltxo bat alokatzea ez zitzaidan oso atsegina iruditzen, eta etxe zahar bat erosi eta zortzi bat urtez konpontzea iruditu zitzaidan onena. Begiratu bat ematen genien Donostiako egunkariei, eta azkenean El Pueblo Vasco izenekoan ikusi genuen Berako etxe bati buruzko iragarki bat, fabrika edo komentu izateko ona omen zena eta errekatxo baten ondoan zegoena. Merke ematen omen zuten. Berara joan nintzen ikustera; hondakina baino ez zen hura. Hala ere, erosi egin nuen, eta denborarekin nahiko txukun utzi dugu». Hala hasi zen dena, Pio Barojak Euskal Herriari buruz idatzitako gidan kontatzen duenez.
Han aurkitu zuen, besteak beste, Memorias de un hombre de acción liburuko pertsonaiak eraikitzeko materiala. Eta Zalakain abenturazalea liburuaren zinemarako moldaketaren zati bat ere hantxe egin zuten. Ricardo Baroja anaiak ere baditu nahikoa koadro Itzean eginak. Eta Carmen Barojak ere badu poemarik Berako etxeari buruz. Sorkuntzari lotutako familia zen, eta sortzen aritu ziren baserri hartan ere. Ricardo osabaren idazmakinaren zarata etengabea gogoratzen du, adibidez, Pio Caro Barojak, Pio Barojaren ilobak, Itinerario sentimental (Guia de Itzea) izeneko liburuan.
Udako etxea zuten Berakoa, baina urteekin sustraitu egin ziren barojatarrak herrian. Pio Caro Baroja oraindik ere joaten da uda pasatzera. Maiz ireki ditu ateak bisitarientzat. Haien etxea zen, ordea, eta haien etxea da. Sendi bati lotutako harri piloa. Etxeko altzariak egiten gogoratzen du Ricardo Baroja osaba, baita atarirako armarri bat egiten ere. Sakonak dira erroak, Caro Barojak azaltzen duenez. «Herriko hilerrian daude Serafin eta Carmen aitona-amonak, Ricardo osaba eta Julio anaia ere».
Barojatar belaunaldi gazteei ere heldu zitzaien aurrekoek sentitutako maitasun sentimendu hori. Haurtzaroko egunekin lotzen dute maiz haren oroitzapena. Julio Caro Barojak, esaterako. Askatasun gunea zen Bera harentzako. «Trabarik gabeko familia bizitzarekin lotzen dut Bera, eta Madril, aldiz, eskola, iskanbila eta hondamendiarekin. Nire amonaren eta nire osaba Pioren etxearen ordena da, nire etxe propioaren tentsioaren aldean. Nahi nuena irakurtzeko aukera, irakasleek agindutako irakurketen ordez. Natura ere bada Bera, eta ez bizitza artifiziala. (...) Beratik Castillara heltzea bizitza utzita, heriotzara heltzea zen».
1936ko gerra
Gune latza ere izan zen, ordea, Itzea baserrikoa barojatarrentzat. Han harrapatu zituen 1936ko gerrak. Pio Caro Barojak ematen du historiako pasarte hark beren etxean izan zuen eraginaren berri. Anekdota baten bidez azaltzen du pasatako estualdi ekonomikoa. Ordura arte ukuilu gisa erabili ez zuten ukuilua ukuilu bihurtu behar izan zuten. Halabeharrez. Aita Madril errepublikarrean gelditu zitzaien, eta Pio Baroja osaba Frantziara ihes eginda. Itzean, Ricardo Baroja eta emaztea, Julio Caro Baroja, Pio Caro Baroja, haien ama eta haren beste bi semeak.
Pio Barojak era larri pasa zuen garai hura. Leihotik bota zizkioten erreketeek liburuak, atxilotu egin zuten gau batez, eta muga pasa aurretik entzun behar izan zuen heriotza mehatxurik ere. Ayer y hoy liburuan egiten du erreketeek harrapatu zuteneko kontakizuna: «Pistolaz mehatxu egin zidan gizon altua gure autora hurbildu zen orduan, eta niri keinu egin eta erreketeei nor nintzen azalduz esan zuen: 'Hau da bere liburuetan erlijioaren eta tradizionalismoaren aurka egin duen zahar miserablea'. Nik ez nuen ezer erantzun. 'Hil egin behar genuke', esan zuten erreketeek. Harritu egin ninduen publikoaren baretasunak, inork ez zuen-eta inolako kexarik azaldu. Argazkilari bat argazki bat egiten saiatu zen, baina norbaitek makinari zaplazteko bat eman eta lurrera bota zuen. Soldadu eta errekete batzuk hurbildu egin zitzaizkidan aurpegia ikusteko, piztia bat banintz bezala. Ordu erdiren ondoren, Berara joan behar genuela esan zuen nagusietako batek, eta une horretan heldu zen ukabilkada bortitz bat, eta ozta-ozta ukitu zidan aurpegia. Orduan pentsatu nuen haietakoren batek besotik heldu, autotik bortizki atera eta errepidean botata utziko ninduela». Ez zen, ordea, halakorik gertatu, eta ihes egitea lortu zuen, azkenean.
Etxeko unibertsitatea
Jakintza biltokia izan da Itzea. Elkarrizketak, eztabaidak eta gogoetak, denak ematen ziren sutondoan, eta, Pio Caro Barojak dioenez, hura izan zen bere hezkuntzaren zatirik garrantzitsuena. «Nik tximinia ondoko txoko horri unibertsitatea deitzen diot. Hor eserita, amari, aitari, osaba Piori, osaba Ricardori, amonari eta gero Julio anaiari so, haiek erraten zutena entzunez, edozein eskolatan edo unibertsitatetan ikas nezakeen baino anitzez gehiago ikasi dut. Halako sendi batean jaiotzeak bizitzari buruzko ikuspegi zehatz bat ematen dizu. Geneak hor daude, eta, horrekin batera, ikasbidea, entzun eta ikusi egin duzuna. Horrek zure nortasuna osatzen du».
Sutondo ber hartan hasi zuen Julio Caro Barojak ere bere etnografo lana. Herritik abiatu zuen ikerketa. Horren lekuko da La vida rural en Vera de Bidasoa lana (Landa bizitza Beran). Nafarroako ohiturak biltzeko dokumental sorta hasi zuen gero, Pio Caro Barojarekin, eta gaur egun ere Julio Caro Barojak bildutako objektu asko daude oraindik etxean. Eta liburuak. Liburu mordoa. Milaka eta milaka liburu. Sendi oso baten kezka eta ezinegon artistikoak apalategietan bilduta.
Kea. Hori da Pio Caro Barojak Itinerario sentimental (Guia de Itzea) liburuan Berako baserriaz azpimarratzen duen elementuetan azkena. «Itzeako tximiniatik ateratzen den kea bestelakoa da, bestelako hondarrek osatzen dute; elkarrizketek, hitz solteek, maitasun eta atsekabeek. Batzuetan trinkoa da kea, eta besta batzuetan hari fin bat baino ez, suspirio baten gisakoa, edo bestela txinpartaz betetako bafada bat izaten da. Batzuetan, alde baterantz egiten du; besteetan, besterantz, eta beti desagertzen da zeru berean».
Ezarian. Barojatarrak Beran
Hitzak adreilu
1912an erosi zuen Pio Baroja idazleak Berako Itzea baserria, eta ehun urtez izan dira barojatarrak bertan. Sorkuntzari lotutako familia zen, eta sortzen aritu ziren Itzea baserrian ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu