Asteburu honetan Larrabetzun Literaturia dugu. Hitzaren aztertzeak balio du: uria baitakar berarekin. Uri, hiri edo beste forma batzuetan, idi bezala, ili ere (erromatarren garaiko hirien izen batzuetan), gotorlekuen izen dira, Jakes Casaubonek bere ikerketa lanetan agertzen duen bezala. Bai, literaturak gotorleku bat premiazkoa duela erakustea osasungarri da. Hitzaren lantzea, testu, saio, olerki, kanta, bertso moduan, gure hizkuntzaren alde aritzea da. Baina, jakina, harresirik ezin da jarri kultur urratsetan, batek bestea ontzen eta aberasten baitu, eta kultura ezin baita izan bizi mugimendu horretan baizik.
Gaurko albisteen tituluetan hor ditugu ere misteriozko bakterioaren hedatzea, hor ere Sirian podereek egindako krimak eta umeen sarraskiak, edo ere duela gutxi urperatu libiar errefuxiatuez kargatu ontzia Mediterraneoan. Literaturia hau guztitik urruti dabilala? Ez, dabil ez gauza ororen gainetik baina ororen barrutik. Gauzak eta errealitateak izendatuz, zeren eta izen bat duena bizi baita, ikusten baita eta guretzen baitugu. Hitzak oro finkatuz, bizia eta munduaren erditik gabiltza, eta are gehiago ororen zentru bilakatzen gara. Biltzen gaitu literaturak gure izatearen muinean.
Rabelais idazleak hitz eta eleizoztuak aipatu zituen bere idazlanetan. Haiek berotu behar zirela eta biziarazi gomendatzen zuen. Pantagruel pertsonaiak zion hitzen ematea amorosen ekitaldi zela eta aldiz hitzen saltzea abokatuena... Beraz, bero eta maita ditzagun hitzak, gure gotorleku irekietan!
Maratila
Hitzen gotorleku
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu