Hitzen inguruko antzezlan bat, hainbat bertsolariren testuak erabiltzen dituena. Hori da, laburrean, Balitzen Hioa. Hitzen balioaren inguruko hausnarketa gaur taularatuko dute Villabonan (Gipuzkoa), Korrika Kulturalaren barruan.
Begiradak taldeko Esti Curielek, Leire Ugartek eta Hodei Unzuetak antzezten dute pieza, eta Ainhoa Alberdik zuzendu du. Hitzen inguruko pieza bat egin nahi zutenez, hitzen artistengana jo dute, berbei buruzko hausnarketak jasotzeko. «Gaur egun, bertsolariak alor asko lantzen ditu; idazle ere badira haietariko batzuk, eta bagenekien kalitate handiko lanak jasoko genituela», dio Unzueta aktoreak. «Txikitan, liluratu egiten ninduten hitzek», Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariaren arabera. «Hitzak egin gaitu, eta, aldi berean, geuk sortzen dugu hitza», Andoni Egañaren aburuz. Bertsolariei askatasun osoa eman zieten hausnartzeko. «Edonork esan dezake edozer? Nola ulertuko dut orduan hitzek zer esan nahi duten? Hitzak trofeoak baldin badira... soinuzko perlak ahoan... Horrek ematen dit min. Mina. Ulertzen?», idatzi die, esaterako, Maialen Lujanbiok. Askatasun horren ondorioz, denetako testuak bateratu behar izan dituzte antzezlanean. Uxue Alberdik dioen bezala, «lehen baziren bost duroko hitzak.Baina gero zuloa egin zieten bost durokoei, eta gutxiago balio zuten».
'BALITZEN HIOA'
Noiz. Gaur, 22:30ean.
Non. Gurea aretoan(Villabona, Gipuzkoa).
Hitzen lilura eta gezurra
'Balitzen Hioa' obra taularatuko dute gaur Villabonan; zenbait bertsolariren testuak erabili dituzte piezan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu