Hizkuntza aldarri hartuta, Euskararen Maratoia egingo dute Lasarte-Orian

Oholtza gainean euskaraz 40 ordu hitz egiten ariko dira herritarrak larunbatean eta igandean

Porrotx, Takolo eta Marimotots, oholtza gainean, duela lau urteko Euskararen Maratoian, haur mordoaren aurrean. TXINTXARRI.
Iñaki Lasa Etura.
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Dantzarazi ez, korrika eginaraziko die mingainei Lasarte-Orian (Gipuzkoa) asteburu honetan, iraupen luzeko hizkuntza lasterketan. Lau urtez behin, herriko euskaltzaleek mihi luzea dutela erakutsi, eta Euskararen Maratoia egiten dute berba etengabean. Zortzigarren maratoia dute jada herritarrek, eta larunbateko 08:00etatik igandeko 00:00ak arte, 40 orduz etengabe ariko dira euskararen alde.

Udaleko Euskara Batzordeak eta Ttakun Kultur Elkarteak elkarlanean antolatu dute maratoia, aurreko ekitaldi guztietan bezala. 1986tik dabiltza elkarrekin, egitasmoa lehenengoz egitea erabaki zutenetik. Kultur elkarteak dinamizatzen du maratoia, eta udalak baliabideak jarri. Aurten Bihotzetik plazara eramango dute maratoia.

Euskaltzalez beteko da Okendo plaza larunbatean eta igandean. Maratoiaren xedea sinplea da: 40 orduz etenik gabe euskaraz aritzea. Asko jota, bost minutu jarraian eman ditzake mikrofonoak isilik; ez gehiago. Berdin dio gaua edo goiza den, euskarak ezin du atseden hartu asteburu osoan.

Hori gerta ez dadin, maratoia dinamizatzeko ardura hartuko du zortzikote batek: Joxe Mari Agirretxe, Rebeka Garzes, Enara Ieregi, Martin Anso, Agus Mujika, Veronica Lopez, Bea Egizabal eta Rosa Elizondo herritarrek. Batzuk beteranoak dira dagoeneko euskara maratoiak dinamizatzeko lanetan: Agirretxek, adibidez, zortzigarren maratoia du, eta Mujikak eta Garzesek askotan hartu dute ardura hori. Beste guztiek, berriz, lehen aldia dute zortzikoteko kide gisa. Oholtza gainean zein plazan zehar ibiliko dira maratoian parte hartzen dutenak elkarrizketatzen eta herria girotzen, umore ona eta euskara akuilu dutela.

40 ordu horiek euskaraz betetzeko erronka ilusioz eta irudimenarekin hartzen dute lasartearrek. Adin guztietako euskaltzaleek dute tokia, bai txikienek etabai adinekoen elkarteek ere. Izan ere, antolatzaileek egitarau oparoa prestatu dute, eta guztiek izango dute oholtza gainera igotzeko tartea. Parte hartze handia du Euskararen Maratoiak, herritarrek euskaraz bizitzeko grina dutela erakusten dute. Hilabeteak ematen dituzte taula gaineko emankizunak prestatzen, lau urteko egonaldia luze egiten baita.

Hitza da maratoiaren ardatza, oholtza gainean entzun daitezkeen bertsoak, abesbatzak, haurren emanaldiak, eta abar eta abar. Kontzertuek ere izango dira. Herriko bost talde ariko dira jaialdiaren bi egunetan. Larunbat arratsaldean Trikihots taldeak plaza dantzan jarriko du, eta, ordubete geroago Ahuen taldeak hartuko du lekukoa, herriko gazteek antolatutako txandan. Gaua Makulu Ken eta Gaueko Itzalak-en eremua izango da. Batzuek erritmo afro-euskaldunak jorratzen dituzte, eta besteek, metal doinuak. Igande arratsaldean, Hitzarturen erromeria egongo da.

Ekitaldi bereziak

Maratoiaren 40 orduak Okendo plazako oholtza gainean hezurmamitzen badira ere, taulatik kanpo ere bizi da euskara. Elkartasunaren esparruan diharduten herriko elkarteek ezagutarazteko aukera izango dute larunbat goizean, elkartasunaren azokan.Gainera, DYAk eta suhiltzaileek istripu baten itxura egingo dute larunbat eguerdian.

Iñigo Artolak azken bi urteetan jende ezagunei ateratako argazkiak ikusgai egongo dira photo call berezian. Euskal kulturako eragileei ateratakoak dira gehienak. Berritasun berezi bat ere badu aurten: ezkontza bat. Alex Tello eta Ion Martinez aktoreak aurreko maratoian elkar ezagutu zuten, eta, horregatik, lau urte geroago ezkontzea erabaki dute. «Jende guztia gure zoriontasunaren lekuko izatea nahi dugu»,adierazi dute Txintxarri aldizkarian. Ezkontza bazkaria Okendo plazan egingo dute.

Okendotik kanpo, Ostadar kirol elkarteak ibilaldiak antolatu ditu Benedika mendira. Postontzi bat jarriko dute, eta herritarrek ipuin bat osatzeko aukera izango dute. Horrez gainera, hainbat kirol proba egongo dira: herri kirolak, proba konbinatua eta Buruntzako errekorra hausteko saiakera.

Euskararen Maratoia Lasarte-Oriako euskaltzaleen jaia da, euskaldun izateko nahia sinbolizatzen duen festa. Baina benetako maratoia elikatzen laguntzen duen ekitaldia ere bada; benetakoa, garrantzitsuena, eguneroko maratoia baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.