Ez da ohikoa Madrilgo bati halakoak entzutea, baina zientzia eskuetan, Espainiako hizkuntza nazionalismoa aztertzen eta salatzen du Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalariak. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedraduna da Moreno. Gaur Iruñean izango da, hizkuntza nazionalismoak eragiten dituen kalteez hitz egiten. Karrikiri elkarteak antolatu du hitzaldia.
«Norberaren hizkuntza bestearenaren gainetik dagoela aldarrikatzea da nazionalismoa», adierazi du irakasleak Miel A. Elustondo idazleak egin eta Administrazioa Euskaraz aldizkarian argitaraturiko elkarrizketan. Hizkuntza nazionalismoa ideologia da, azken batean. Boterea eskuratu eta zabaldu duen talde batek bere burua hizkuntza batekin lotzen du. Bere boterea beste herri eta nazioen gainera zabaltzeko, hizkuntza nazionalismoa erabiltzen du, argudio faltsu gisa. Hau da, bere hizkuntza besteena baino garatuagoa, kultuagoa eta konplexuagoa delaeta hiztegi zabalagoa duela, ñabardurak eta abstrakzioak hobeto adierazteko balio duela... Horren bitartez justifikatzen du bestei bere hizkuntza inposatzea; haien mesederako delakoan, gainera.
Euskaldunok askotan entzun behar izan dugun arrazoibide hori, eta nola funtzionatzen duen azalduko du hizkuntzalariak.
HITZALDIA
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non. Karrikiri elkartearen egoitzan (Xabier karrika, 4),Iruñean.
Hizkuntza nazionalismoaz
Juan Carlos Moreno hizkuntzalariak gazteleraren gainean eraikitako mitoak aztertuko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu