Hizkuntzarekin jolasean

Gaur zortzi jokatuko da Hitz Gurutzatuen Euskal Herriko Txapelketa; zabalik dago izena emateko epea

Azken proba denen bistara egin beharko dute, zutik. GARI GARAIALDE / ARP.
Maialen Unanue
2012ko azaroaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arkatzak zorroztu, eta buruari eragin beharko diote Hitz Gurutzatuen Euskal Herriko Txapelketako parte hartzaileek. Luma aldizkariak antolatzen du hizkuntza jolas hartzen duen lehiaketa: aurten, seigarrenez egingo dute, eta iaz bezala, Irungo (Gipuzkoa) Ola sagardotegian izango da. Azaroaren 24an izango da, eta zabalik dago izena emateko epea: azken eguna asteartea da (www.xedera.com). Hainbat eratara egin daiteke izena ematea: ohiko postaz, Internetez eta telefonoz.

Hainbat proba egin beharko dituzte parte hartzaileek. Hasteko, guztiek bi taula osatu beharko dituzte: 10x10 eta 11x11 neurrikoak. Hiru ordu laurden izango dituzte horretarako.

Horietatik guztietatik, hamasei sailkatuko dira finalerdirako: 12x12ko taula bakarrera jokatuko dute. Lau baino ez dira izango finala jokatuko duten lehiakideak. Luma-ko kide Iñaki Agirresarobek azaldu duenez, ordura arteko ariketa guztiak «eskolan bezala, eserita» egingo dituzte, baina azkena zutik eta denen bistara izango da: «Kubo handi baten alde bakoitzean jokalari bakoitzaren taula jarriko dugu, hala, ez dute ikusiko beste lehiakideek zer egiten duten». Azken taulak 15x15 neurria izango du, eta ordubete izango dute bukatzeko.

Txapelketan parte hartzearen eta bazkariaren truke 25 euro ordaindu beharko dute lehiakideek; Luma-ko harpidedunek, 20. Horrez gain, norbaitek bazkarira joan nahi ez balu, 5 euroan eman dezake izena, eta harpidedunek, doan. Ordainketa txapelketaren egunean egingo da.

Sariak, guztientzat

Agirresaroberen arabera, bi faktore hartzen dituzte kontuan sailkapena egiteko: «Egindako hutsak eta denbora. Denbora erabiltzen dugu, batik bat, lehiakideek egindako okerretan berdinketak baldin badaude». Beraz, azkarra izateak bere balioa du, baina ez beti: «Demagun norbaitek 44 minutu pasatzen dituela ariketak egiten, eta hutsik gabeko ariketa osatzen duela, eta beste lehiakide batek, berriz, ordu laurdenean egiten dituela, baina oker batekin. Kasu horretan, hutsik egin ez duenak irabaziko luke».

Hitz gurutzatuen txapelketa 09:30ean egin dute. Ariketak bukatutakoan, bazkaldu, eta jai giroan pasatuko dute arratsaldea: sari banaketa, kantu saioa eta bertsolariak izango dira.

Okerrik ez egitea eta lastertasuna lehiakideen ezagutzaren araberakoa izango da: «Denetik pixka bat jakin behar da txapelketa irabazteko. Taula bakoitzean denetarik sartzen da: geografia, hizkuntzarekin lotutako hitzak... Baina batez ere, ondo ulertu behar da emandako definizioa, eskatzen dena ondo irakurri». Hori bai, «nahi adina» hiztegi eraman daitezke, paperezkoak badira.

Txapelketa irabazten duenak txapela eta 350 euro irabaziko ditu. Bigarrenak, 225 euro. Hirugarren postua eskuratzen duenak, 120 euro, eta laugarrenak, 60. Finalerdira iristen diren gainontzekoek 20 euro jasoko dituzte sari gisa. Parte hartzaile guztiek Eusko Labela duen produktu sorta bana eskuratuko dute.

Iazko txapelduna Bilboko Ainhoa Arregi izan zen, eta lau finalisten artean zegoen Txipi Ormaetxea arrasatearra, 2008ko eta 2009ko irabazlea.

Hamarkada betea

Hamar urte bete ditu dagoeneko Luma hilabetekariak; guztira, 116 zenbaki kaleratu dituzte.

Txapelketa geroago etorri zen, eta aurtengoa seigarren aldia izango da. Lehenengoan, hogei lehiakide ibili ziren taulak osatzen, eta iaz, 37. Aurten zenbat arituko diren, batek daki: «40 pertsonaren bueltan ibiliko gara, baina ezin jakin: iaz, jende gehienak epez kanpo eman zuen izena».

Hizkuntza langai hartzen duten probak «ez dira ohikoak» Euskal Herrian, eta beste herrialdeetatik hartu dute ideia, Agirresarobek dioenez. Badituzte600 harpidedun inguru, eta kioskoetan beste horrenbeste saltzen dituztela ikusita, txapelketa sortzea erabaki zuten: «Internetez jakin genuen atzerrian horrelako txapelketak egiteko ohitura handia dagoela, besteak beste, Frantzian, Belgikan, Britainia Handian eta AEBetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.