Hiztun berrien kluba

Bilboko Cruz Blanca garagardotegian elkartzen dira Veronica Vivo, Amaia Ruiz Ukar, Itsaso Ron eta Mirari Isasi. Euskaldun berriak dira denak, eta euskaraz maiztasunarekin aritzea garrantzitsua da eurentzat.

Veronicak, Amaiak, Mirarik eta Itsasok hitzordua egiten dute astero euskararekin. LANDER MUÑAGORRI.
2011ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Asteazkenetan hitzordua dute Veronica Vivok, Amaia Ruiz Ukarrek, Itsaso Ronek eta Mirari Isasik;Bilboko Cruz Blanca garagardotegian elkartzen dira euskaraz hitz egiteko. Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Berbalaguna egitasmoan parte hartzen dute, eta asteroko topaketok oso baliagarriak zaizkiela aipatu dute. Itsaso Ronek laburbildu du xedea: «Euskaraz hitz egitea da guk behar duguna».

Egitasmoaren oinarria euskaldun zahar eta berrien arteko harremana sustatzea da, denen arteko elkar eragina bultzatzeko, baina Cruz Blancako taldean denak dira euskaldun berriak. «Bilbo den hiria kontuan hartuta, kosta egiten da proiekturako euskaldun zaharrak edo ongi hitz egiten dutenak topatzea», dio Liher Ajuriagerra Berbalaguneko dinamizatzaileak.

2008an jarri zuten martxan lehendabizikoz ekimena Bilbo Zaharra euskaltegian, eta orduz geroztik mintzapraktikak egitera animatzen den jendea ugarituz joan da. Estreinako urtean hogei lagun inguruk eman zuten izena, eta egun 130 pertsona inguru batzen dira euskaraz hitz egiteko hamazazpi taldetan .

Euskaraz hitz egitera inguratzen den pertsona bakoitzak bere arrazoiak dauzka; Vivok, Ronek eta Isasik lana dute aitzakia. «Funtzionarioa naizenez, hizkuntza eskakizunak bete beharra dauzkat, eta oraintxe bertan liberatuta nago euskara ikasi ahal izateko», dio Veronicak. Oraindik normalizazio linguistikorik ez dagoela uste du: «Euskara ikastera behartzen gaituzte lanerako, baina kalean bestelakoa da erabilpena». Bere inguruan, gainera, inor gutxi dauka euskaraz hitz egin ahal izateko, eta bere aukera batik bat euskaltegia dela azpimarratu du. Etorkizunean Berbalaguna ekimenean parte hartzeko prest dago, hala ere; «beste norbaiti aukera emango diot, eta nik ere euskaraz hitz egin ahal izango dut».

Itsaso Ronek bere inguruan euskara erabiltzeko aukera ukan badauka, «baina Bilboko errealitatea ez da sobera ona euskaraz hitz egiteko. Haurrekin hitz egin daiteke, baina helduek, oro har, ez dute askorik hitz egiten».

Orain arte hiru aldiz elkartu dira Vivo, Ruiz, Ron eta Isasi, baina dagoeneko elkarrizketa luzeak izan dituzte. Oraingoz ez dute euskaldun zahar baten beharrik sumatu. «Batzuetan ulertzea ere kosta egiten zaigu», dio Vivok, «eta asko, gainera». Euren arteko bilerak aurrera doazen heinean hobetuko da hori, Berbalagun ekimenean parte hartzen duten bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.