Krisi hitzarekin itotako munduan inoiz baino gehiago poesia eta musika behar direnean dator Ruper Ordorika (1956, Oñati, Gipuzkoa) Hodeien azpian azken diskoarekin. Euskal musikarekin amesteko eta bihotz taupadak sosegatzeko beta izango dute gaur Durangon, Ordorikak Plateruenean emango duen kontzertuan. New Yorken dago grabatuta azkeneko diskoa, eta baikortasunez zipriztindutako 11 kantu biltzen ditu. Lana Ordorikaren bihotzetik sortutako hitzekin eraikitako altxor bat da. Zehaztasun guztiak zaindu ditu musikariak, eta emaitza erakargarria lortu du. Lasaitasuna eta sentikortasuna transmititzen ditu, kezka eta ezinegonak baztertu. Ondorengo gogoeta egiten du Ordorikak diskoaren gainean: «Uste dut euskal munduan ez ote garen sarri ibili oraingo egoera honetan, ETAk jarduera amaitu duen honetan, kokatuak aspaldi, mundu paralelo bat sortu nahian bezala, literaturan edo musikan errealitate bat balego bezala». Kulturgintzak aspaldi egin zuen gatazka gainditzeko ahalegina, hodeien azpian ere argia ageri baitaiteke egunen batean.
1980an kaleratu zuen Ordorikak lehen diskoa, Hautsi da anphora, eta geroztik, hemeretzi atera ditu. Bere lekua lortu du euskal kulturaren barruan.
RUPER ORDORIKA
Noiz. Gaur, 22:00etan.
Non. Plateruenean, Durangon (Bizkaia).
Hodeien azpitik, bihotzetara
Ruper Ordorikak kontzertua egingo du Durangon, azken diskoa aurkezteko biraren barruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu