Datorren asteko estreinaldiak

Hogei urte pasatxo geroago

1990eko hamarkadan ikur izan zen 'Trainspotting' filmaren segida egin dute Danny Boylek eta Ewan McGregorrek. Berriro ere Irvine Welsh idazlearen eleberri batean oinarritu dira

Lehen zatiko aktore talde berdinak hartzen du parte T2: Trainspotting pelikulan. BERRIA.
Gontzal Agote.
2017ko otsailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
1996koa da lehenengo Trainspotting. Orduan nahiko ezezaguna zen Danny Boyle zuzendaria, ez baitzuen oraindik etxean Slumdog Milloinaire-rekin oparituko zituzten Oscar sorta. Are ezezagunagoa zen Ewan McGregor. Artean ez zen Obi-Wan Kenobi, eta film hori izan zen ospetsuegiteko plataforma ezin hobea. Azkenik, zertxobait ezagunagoa zen Irvine Welsh idazlea, baina 1993. urtean agertu zen liburuaren moldaketak berebiziko bultzada eman zion haren ibilbide literarioari.

Trainspotting-ek arrakasta itzela lortu zuen. Filmaren kostua ez zen lau milioi dolarretara ailegatu, eta 70 milioi baino gehiago lortu zituen. Zinema aretoetan zortzi milioi ikusle izan zituen, horietatik bi milioi baino gehiago Britainia Handian. Horrez gain, sari ugari jaso zituen pelikulak, besteak beste gidoi onenaren British Film Award saria. Kategoria berean Oscar sarietarako ere izendatua izan zen.

Dena den, etekin ekonomikoetatik eta sarietatik harago neurtu behar da Trainspotting-ek izan zuen eragina. Gisa horretako film batentzat pentsaezina da lortu zuena, esaterako, Cannesen egotea nahiz eta lehiaketaz kanpo izan. Hori bai, zer gerta ere, gauerdiko saioan programatu zuten pelikula.

Musikaren garrantzia

Horrekin guztiarekin, kultu pelikula bihurtu zen berehala, gehienbat Europako ikusle gazte askorentzat. Nolabait, pertsonaiengan islatuta ikusi zuten haien burua. Identifikazio horretan bideoklipekin zorretan dagoen estetikak garrantzi handia izan zuen; eta, nola ez, musikak.

Soinu banda ahaztezina du lehenengo Trainspotting-ek. Nobedaderik ez; bai, ordea, 1970eko, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako aukeraketa zaindua: Iggy Pop, New Order, Blur, Primal Scream edota Underworld. Hain zuzen, filmak duen momenturik gogoangarrienetakoa Lou Reeden Perfect Day kantaren doinupean gertatzen zen.

Arrakastarekin batera, polemika ere ezagutu zuen Trainspotting-ek. Gazteen artean drogen kontsumoaren apologia egitea leporatu zioten hainbatek Boyleri, filmaren mezua guztiz desegokitzat joaz. Polemikak polemika, pelikulak izan zuen harrera beroak ahots kritiko gehienak ezabatzeko balio zuen.

Horiek horrela, harrigarri samarra zen filmari segidarik ez ematea. Kontua da gai horretan Ewan McGregorren eta Danny Boyleren arteko tirabirak sortu zirela. Izan ere, aktoreak ez zion barkatu zuzendariari The Beach filmaren rol protagonista Leonardo DiCapriori eman izana. Nonbait, denborak orduko zauriak itxi ditu, eta biek aukera ikusi dute T2: Trainspotting hau grabatu ahal izateko.

Berriro ere, Irvine Welshen eleberri batean oinarritu da Boyle; kasu honetan Porno liburuaren moldaketa da filma. Harrera komertziala ez zailtzeko-edo, izenburua aldatu dio.Gainera, horrekin batera ohartarazi du liburuaren oso egokitzapen librea egin duela.

Hogei urte pasatu diren arren, lehenengo pelikulako aktore talde berak errepikatu du jarraipenean, McGregorez gain, hor dira Robert Carlyle, Ewan Bremner edo Kelly MacDonald.

Mark Rentonek segitzen du protagonista izaten, eta etxera bueltatuko da. Hor ditu zain garai bateko lagunak, eta horiekin batera bestelako sentimenduak ere: gorrotoa, desira, beldurra, damua...

'T2: TRAINSPOTTING'

Zuzendaria.Danny Boyle.

Aktoreak. Ewan McGregor, Robert Carlyle, Jonny Lee Miller, Ewen Bremner, Kelly Macdonald.

Herrialdea. Britainia Handia.

Urtea. 2017.

Iraupena. 117 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.