Beste bizimodu bati ekiteko asmoz iritsi zen Los Angelesera Enrike Zaldua artista (Zumarraga, Gipuzkoa, 1964). NBE Nazio Batuen Erakundean itzultzaile gisa jardun ondoren, aktore lanak egiteko astia izan zuen. Euskal Herrian da egunotan, eta Hollywood, soledad city argazki erakusketa zabaldu du ZumarragakoZelai Aristi kultur etxean (10:30).
Duela lau urte heldu zinen Kaliforniara. Amerikar ametsa betetzera joan zinen ozeanoaren bestaldera?
Amerikarra barik, nire amets pertsonalaren alde borrokatzeko joan nintzen AEBetara. Aktore lanak egiten nituen, eta erregistro horretan sakondu nahi nuen.
Munduak ba al daki zein den Los Angelesen benetako aurpegia?
Ez. New York aski ezaguna zaigu denoi, han daudelako AEBen eta Europaren bilguneak, hala nola hedabideetako berriemaileak. Los Angeles, ordea, ezezaguna da, eta topikoak eta betiko kanonak baino ez ditugu. Ikuspegi horiek aldatzeko senak bultzatu ninduen erakusketa hau egitera.
Glamour-arekin eta zinemako izarrekin lotzen dugu Los Angeles. Irudi okerra dugu, hortaz?
Bai. Hollywooden inguruan dugun irudia mito hutsa da, eta ez dator bat Los Angelesen benetako aurpegiarekin.
Zein da benetako aurpegi hori?
Mugarik gabeko hiri bat da. Geografia aldetik amaigabea da, eta oso zaila da hiri barruan toki batetik bestera joatea. Gainera, arinkeria da jaun eta jabe herritarren arteko harremanetan, beste inon ez bezala. Eta, azkenik, jendea nahiko bakartia dela esan daiteke.
Beraz, New York argiaren hiria bada, eta Paris amodioarena, zer da Los Angeles?
Kartoizko hiria. Munduan ezagutzen dugun Los Angeles mito hutsa da, eta antzoki handien backstage-an pobrezia, indibidualismoa eta bakardade handia dago.
Ikuspegi hori islatu nahi izan duzu erakusketan?
Bai. Baina ez dut irudien bila joan nahi izan, eta hiriko errealitatea den bezala islatu dut argazkietan, tranparik gabe.
Argazkien gai nagusia bakardadea dela esan duzu aurkezpenean.
Beste toki batzuetan bizi izan naiz, eta Los Angelesen inon baino gehiago sumatu nuen bakardadea, nahiz eta lagunak egin. Hango kulturaren zutabe nagusietako bat da. Baina mendebaldeko hiri handietan ere oso ohikoa da halako sentipena.
Zure pentsamenduak indartzeko egin dituzu halako irudi sinbolikoak?
Bai. Hollywood dioen kartela, esaterako, sinbolismo horren eredu nagusia da. Ezin famatuagoa da, eta denoi gustatzen zaigu ordezkatzen duena, baina kartoi hutsez egina dago. Gauza bera gertatzen zaio Los Angelesi.
Diozun hori irudiaren kulturaren sustraia dela dirudi. American way of life delakoaren isla al dira halako kontrasteak?
Eztabaida asko eragiten du gai horrek. Zer da American way of life hori? Askotan, lotura zuzena du gizartean adierazten dugun irudi faltsu horrekin. Baina ez dut uste orokortu behar dugunik; ez da komenigarria gehiegi orokortzea. Gainera, Europan pentsatzen dugu amerikarrak indibidualista hutsak direla, baina gero imitatu egiten ditugu haiek jarrerak.
Non dago, zure ustez, jarrera horien jatorria?
Ez dakit. Los Angelesko herritar askoren helburua irautea da, ahalik eta gauza gehien egitea bizimodu bat eraikitzeko. Hor sortzen dute euren irudia, eta nork bere interesak babestuko dituen jarrera bat izaten du.
Enrike Zaldua. Artista
«'Hollywood' dioen kartela bezala, Los Angeles kartoiz eginiko mito soil bat da»
Hollywoodeko fokuek argiztatzen ez duten egoerak argazki paperean josi ditu Enrike Zaldua artistak. Zumarragan bildu ditu irudiok, Zelai Arizti kultur etxean jarri duen erakusketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu