Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

'Homo' generoa

Mikel Iriondo Orensanz.
2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Azken urteetan Homo generoaren sorreraren inguruan aurrerapen nabariak egon dira; hipotesi berriek gureeboluzioaren ezaguera goitik behera aldatu behar dugula iradokitzen dute, eta hiru indar-ideia bereizi ditzakegu. Azter ditzagun:

Harrizko tresnak lantzea ez da Homo generoaren ezaugarri bereizgarria. 1959. urtean Homo habilis espeziearen lehen aztarnak aurkitu zituztenean bazirudien espezie hori izan zela harrizko tresnak lantzen lehena, hezurrik eta tresnarik zaharrenak orain dela 2,3 milioi urtekoak baitziren. Hala ere, poliki-poliki, gero eta lehenagoko harrizko tresnak agertuz zihoazen, habilis-ak zahartzen ez ziren bitartean. Horrela, 1997. urtean, orain dela 2,6 milioi urteko tresnak aurkitu zituzten, eta, 2010. urtean, Shannon McPherron-ek ia milioi bat urte atzera bota zuen harrizko tresnen erabilera, Etiopiako aztarnategi batean orain dela 3,4 milioi urtetako belarjale handien hezur-aztarnetan ebaketa-markak aurkitu baitzituen. Garai horretan zeuden hominino bakarrak australopitekusak zirenez, beraiek izan ziren derrigorrean aurkituriko ebaketen egileak.

Hipotesi berriek Australopithecus habilis hobesten dute. Harrizko tresneria gure generoaren ezaugarri bereizgarria ez denez, habilis-ak Homo generoan sailkatzeko zegoen arrazoirik nagusiena desagertu da. Horrekin batera, azken urte hauetan paleoantropologoek habilis-en hezur-aztarnak berraztertu dituzte, eta datu berriak lortu. Horrela, 2009. urtean, Christopher Ruff-ek egindako habilis-en gorputz-adarren hezurren zehar-ebakien azterketak, espezie sendoa zela iradokitzen zuen. Hezur horiek zutenindar-banaketak zuhaitzetan maiz zebiltzan espeziea irudikatzen dute, Homo generoan ikusten dugunaren kontrakoa. Horrekin batera, Journal of Human Evolution aldizkarian argitaratzear dagoen lan batean, Peter Ungar-ek desberdintasun garrantzitsu bat aurkitu du H. habilis eta H. erectus espezieen artean: bi mikroskopio sofistikatu erabilita, zenbait espezie fosilen hortzen azalera hiru dimentsiotan aztertu ditu. H. erectus espeziearen hortzek zulotxoak dituzte, fruitu lehorrak, haziak eta haragi trinkoa jatetik sortuak; habilis-etan aldiz, Paranthropus generoko espezieetan bezala, ez dago horrelako zulotxorik, fruitu eta hosto bigunak jaten omen zituztelako. Habilis-ek ez zuten Homo generoko espezieok dugun malgutasuna ingurune desberdinetan bizitzeko eta elikagai-hein zabal batetaz elikatzeko. Habilis-ek, Paranthropus eta Australopithecus espezieen antzeko bizimodua zuten. Habilis-ak ez ziren, hortaz, Homo.

Homo generoa Eurasian sortu zela iradoki dute. Habilis-ak, Australopithecus habilis izendatu behar baditugu, zein da orduan Homo generoko lehen espeziea? Paleoantropologoen hipotesirik berrienaren arabera, espezie horren bila joateko kontinentez aldatu behar dugu. Homo georgicus Georgiako Dmanisi-ko aztarnategian aurkitu zuten, joan den mendeko azken hamarkadan. Orain dela 1,85 milioi urteko altuera txikiko eta garezur-edukiera txiki-ertaineko (600-690 cm3) espezie horrek, arazo filogenetiko ugari sortzen zituen, primitiboa zirudielako baina Afrikako beste Homo espezien ondorengoa izan «behar» zuelako. Orain plazaraturako hipotesiaren arabera, Australopithecus habilis izango litzateke Afrikatik ateratzen den lehen homininoa, gutxi gorabehera orain dela 2 milioi urte, eta ondoren, Eurasian, gure generoa sortu zen. Homo georgicus horrek H. antecessor, H. erectus eta H. floresiensis espezieak eman zituen Eurasian, eta Afrikara ere bueltatu zen, eta gure arbasoa den H. ergaster afrikarra sortu zuen.

Gure eboluzioari argia ematen jarraitzeko, paleoantropologoen hurrengo helburu zientifikoa Eurasia da, zalantzarik gabe. Edonork pentsa dezake Eurasiako aztarnategiak oso ondo ezagutzen ditugula, baina ez da horrela. Goian aipaturiko Dmanisiko, eta Atapuerkako eta Txinako aztarnategiak dira 0,5 eta 2 milioi urte tartean ezagutzen ditugun aztarnategi bakarrak. Hiru puntu ñimiño gure kontinente osoan zehar. Pikatxoia eta pala hartu behar?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.