Beste urte batez, Izaro irla izan da Bermeoko (Bizkaia) jaietako protagonista. XV. mendetik datorren ohiturari jarraituz, Idurre Bideguren alkate bermeotarrak itsasora teila bota du 12:30ean, Izaro irlaren aurrean, honako hau esanez: “Honaino heltzen dira Bermeoko itoginak!”. Kondairak dioenez, Mundakak eta Bermeok estropada batean jokatu zuten irlaren jabetza, Elantxobe epaile zutela. Bermeotarrek irabazi zutenez, Izaro irla Bermeoko “teilatupean” dago geroztik, eta hori aldarrikatzeko botatzen da teila uretara.
Alkateak azpimarratu duenez, Madalen eguna oso berezia da Bermeon: “Mendeetan zehar Bermeoko herriak Izaro irlarekin duen konpromisoa mantentzen delako, bermeotarrok jai hau era hunkigarrian eta berezian bizi dugulako eta bermeotarrak itsasoarekin dugun harremana agerian gelditzen delako; izan ere, itsasoak gure izaeran, ohituretan eta identitatean duen eragina handia da”.
Milaka herritar hurbildu dira Bermeora Madalen jaiez gozatzeko, eguraldia lagun, eta larunbata dela aprobetxatuta. Han izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria, EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriarte, EAJko EBBko lehendakari Andoni Ortuzar eta abar. Halaber, Kataluniako Generalitateko Arrantza sailburu Meritxell Serret eta Junts Pel Siko parlamentari Ferran Civit egon dira, Bermeoko Udalak gonbidatuta.
Izaro irlaren aurrean teila bota eta gero, Bermeoko agintariak Elantxoberaino heldu dira. Mundaka izango dute hurrengo geldialdia, Bermeora bueltatu baino lehen.