Telesailak

Hondamendi nuklearraren epilogo basatia

‘Westworld’ telesaileko sortzaileek ‘Fallout’ bideojoko ezaguna pantaila txikira egokitu dute. Zortzi atal ditu eta Amazonen dago ikusgai.

'Fallout' telesaila. AMAZON PRIME VIDEO
'Fallout' telesaila. AMAZON PRIME VIDEO
Mikel Yarza Artola.
2024ko apirilaren 13a
05:00
Entzun

Resident Evil, Tomb Raider, The Witcher, Assasin’s Creed, Halo... geroz eta luzeagoa da urteen poderioz telesail bihurtu diren bideojokoen zerrenda. Iazko The Last of Us laudatuak bultzada erantsi bat eman zien apokalipsi osteko munduetan giroturiko egokitzapenei eta Metal Gear Solid eta Red Dead Redemption joko ezagunak ere film bilakatzeko bidean dira.

Zuhaitz horretako adar seinalatu bat da Fallout. Atompunk estiloko istorio retrofuturistak hamaika aldaera izan ditu 1997an estreinatu zutenetik eta kontakizuna zinemara eramateko hainbat ahalegin hutsalen ostean, telebistaren formatu zatikatuan topatu du gerizpea.

Apokalipsia gertatu eta berrehun urte geroago, lur azpiko haien babesleku idilikoak halabeharrez utzi behar dituzten bizilagunak dira istorioaren ardatz nagusia. Lurtarrek emakume protagonistaren aita bahitu ostean, neska gaztea hura bilatzeko bidaia pertsonalean murgilduko da hondamendi nuklearrak suntsituriko Los Angeles hirian barrena.

Westworld-en sortzaile izandako Jonathan Nolan eta Lisa Joy dira Amazonen nobedade honetako ekoizle exekutiboetako bi. HBOk behinola Game of Thrones-en oinordeko modura saldu zuen proiektua modu bortitzean amildu zen arrakastaren aparretatik ahanzturaren zulo beltzera eta, hala ere, Fallout nobedadea baino apustu zinematografiko sendoagoa da, aurreneko begiratuan behintzat.

Nolanek zuzenduriko lehen hiru ataletan ez da sumatzen aparteko nortasun zinematografikorik, eta ahulgune berbera igar liteke azken urteetan telebistan etengabe ugaritu diren zientzia fikziozko hainbat ekoizpen milioidunetan. Hori bai, telesailaren erritmoa bizia da, eta abentura, entretenigarria, gai da argumentua etengabe elikatu eta ikuslea adi-adi mantentzeko.

Aktoreen artean badira nabarmentzeko moduko hiru izen. Kyle McLachlan beteranoa telebistan dabil beste behin ere, Twin Peaks klasikoaren itzuleran parte hartu eta zazpi urtera; Walton Goggins, berriz, The Shield polizia thriller dramatikoan eta Justified western modernoan protagonista izandakoa inspiratuta ageri da aurpegi desitxuratuko sari-ehiztariaren azalean. Homeland telesailean eta The Hunger Games sagan bigarren mailako roletan jardundakoa da Sarita Choudhury, eta berak ere distira propioa du, zer esanik ez soinu banda sinatu duen Ramin Djawadik. Emmy saria bitan irabazi duen erreferentziazko konpositoreak 3 Body Problem estreinatu eta gutxira utzi du beste arrasto bat telebistako aktualitatean.

Fallout telesailak ez du inolako termometrorik behar izan aurrera jarraitzeko. Bigarren denboraldia ziurtzat jo izan da estreinako atalak plazaratu aurretik. Gainera, kritikak ia aho batez txalotu du lehen atal sorta. Telebistarako egokitzapena denboran nabarmen luza liteke, eta haren esanahia aldatu ere bai. Izan ere, 25 urte geroago, gizartearen kezkak bideratuagoa dirudi klima larrialdira hondamendi nuklearrera baino. Orain, Graham Wagner eta Geneva Robertson-Dworet sortzaileek Tim Cain bideojoko garatzailearen unibertsoa zenbateraino zabaltzen duten argitzea besterik ez da falta.

fitxa

  • Sortzaileak. Graham Wagner eta Geneva Robertson-Dworet.
  • Aktoreak. Ella Purnell, Aaron Moten, Walton Goggins, Kyle MacLachlan eta Xelia Mendes-Jones.
  • Herrialdea. AEBak.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. Amazon Prime Video. 
  • Atal bakoitzaren iraupena. 60 minutu.
  • Generoa. Zientzia fikzioa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.