Ezarian. Espaziotik

Hondamendien zauriak

Gizakiaren eragina klima aldaketan esanguratsua dela berretsi dute 'Nature'-ko bi artikuluk. Espaziotik begien bistakoak dira ekaitz, uholde, lurrikara eta urakanek Lurrari eragindako zauriak.

xabier martin
2011ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Oinarri ulergarria daukate Fracis Zwiersek eta Pardeep Pallek idatzitako artikulu bik: bero gehiagok energia gehiago ekartzen du atmosferara, eta horrek, ur lurrin gehiago. Eurien jarioa, neurria eta maiztasuna nola aldatuko diren aurreikustea zaila dela dioten arren, zientzialariak seguru dira aldaketa badatorrela, ekaitzak sarriago izango direla, elurteak eta uholdeak, urakanak eta euri jasak gero eta gehiago ikusiko dituela gizakiak. Azken urte honetan (2010) eguraldiaren ohiz kanpoko fenomenoak aztertuz gero, gauzatzen ari da aldaketa hori jadanik. Sumendien erupzioak (Merapi, Indonesian; Eyjafjallajokull, Islandian…), uholde erraldoiak (Australian, Erdialdeko Europan, Txinan…), elurteak eta izotz ekaitzak (AEBetan inoizko handienetakoak, Korean…), lurrikarak (Txilen, Haitin…); ozen aritu da planeta munduko gobernu guztiek ezagutzen duten arazoaz ohartarazten: klima aldaketa badator.

Berotegi efektuko gasek zerikusi handia dute gertatzen ari den beroketa orokorrean. Hala diote Torontoko Climate Research Division elkarteko Zwiersek eta Oxford Unibertsitateko Pallek. Pallek dioenez, zenbat eta bero handiagoa egin, orduan eta aukera gehiago izango da Ingalaterran 2000. urteko uholdeen neurrikoak gertatzeko. 1766tik, neurketak daudenetik, 2000. urtekoa izan zen udazkenik hezeena han. Duela hamar urteko uholde horiek izugarriak izan ziren, baina gizakiaren eraginak egin zituen hain handiak, zientzialariak dioenez. Ordenagailuetan kalkulatu dituzte orduko aldagai guztiak, azken mendeetan gizakiak atmosferara jaurtitako berotegi efektuko gasen eragina salbu. Emaitza argia da: uholdeak ez ziren hain larriak izango.

Datu zientifikoek ez dute gezurrik esaten. Torontoko elkarteak euri neurketarako 6.000 estazioren liburuak arakatu ditu, eta 1951tik 1999ra arteko datuak ikertu, iparraldeko hemisferiokoak guztiak. Lurraren hemisferio horren azalera osoaren bi herenetan euriarekin lotutako fenomeno bortitzak areagotu egin dira azken hamarkadetan. Gizakiaren eragina begien bistakoa da, baita sortzen ari den sufrikarioa ere hondamendiak direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.