Hondorik gabeko ur putzua

Gorbeialdean kontatzen da hondorik ez duen ur putzu bat existitzen dela. Baita erreka bazterrean gerra osteko mendizaletasunari bultzadatxoa eman zion lagun talde bat sortu zela ere...

Josean Gil-Garcia.
2007ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Zaldibartxora doan zidorra Murgiatik (Araba) gertu dagoen Gorbeiako parke naturaleko Harrera Etxean edo Parketxean hasten da. Iparraldera egiten duen pista egokitu batetik hasiko gara ibilian. Baia ibaiaren harrabotsa berehala entzungo dugu, Zaldibartxoko zubi zintzilikaria ikusteko parada izango dugun lekuan hain justu. Zubia bide bazterrean egon arren, oharkabean igarotzea erraza da. Zubitxoa igaro eta gerra zibilaren ostean sorturiko Los Alegres Campistas de Zaldibartxo izeneko lagun elkartearen egoitza ikusiko dugu. Ibilbidean aurrera egin aurretik, Baiaren ertzeko txoko honek Arabako mendizaletasunari eginiko ekarpenaz aipamen bat edo beste egitea ezinbestekoa da. Izan ere, Mario Lopez de Guereñari eginiko elkarrizketa batean aitortu digunez, elkarte hura oso une latzean sortu zen, mendiarekin lotutako guztia susmagarria zen garai batean, hain justu ere. «Nire aita arotza zenez, lagunei proposatu nien erreka bazterrean aterpetxe bat eraikitzea. Eraikin arina zen, ez pentsa, eta berehalako batean altxatu genuen». Araudi bitxia garatu zuten lagun horiek, eta Gorbeiako gurutzeraino igotzea nahitaezkoa zuten. «Mendira joateko beharra sentitzen genuen, batez ere gerra hasteaz batera Los Amigos de las Cumbres eta Los Amigos de Urbasa Gasteizko mendi taldeek pairatu zuten egoera tamalgarria ikusi eta gero». Aterpetxe horren existentzia uste baino eraginkorragoa izan zen Gasteizen mendiko kirola berpizte aldera. Club Alpino Alaves mendi taldea urte horietan sortuko zen, eta, zorionez, mendiko kirolaren sendotzea behin betiko ekarriko luke.



HONDORIK GABEKO PUTZUA. Aterpetxetik pista nagusira irten eta ibarrean gora segituko dugu. Zaldi baten marrazkia landuta daukan mugarri baten ondora iristeak Zaldibartxoko ur putzuaren kokapena seinalatuko digu. Bertantxe sortzen den ur-jauzia ez da aparta, baina Lopez de Guereñarentzat eta bere koadrilarentzat xarma berezia darion erreinua da. «Zaldibartxoko ur putzua aurreneko aldiz ikusi genuenean [36ko gerra bukatutakoan] ikaragarri gustatu zitzaigun. Apodakako Lendia putzuak ezagutzen genituen, jakina, baina Gorbeiako putzua ezagutzean... Hura bai paradisua!».

Julian Olabarria Sautuk argitaratu zuen Zuiako ibarrari buruzko lan mardulak ere Zaldibartxo ur putzuaren inguruko kondaira polita dakar. Zuiako ibarrean ezaguna den karlistaldiko kontakizuna da, eta putzuaren hondoarekin erlazio zuzena du. Nonbait Zuiako karlista batek pairatzen zuen pertsekuzioaren ondorioz, aski ongi ezagutzen zuen Gorbeiaranzko bideari ekin eta Zaldibartxo parera iritsita, buruz bota zen uretara. Bizirik harrapatzeko itxaropena galduta, Zaldibartxotik alde egin zuten arerioek. Ordu batzuen buruan, ordea, ur azalera irten zen zuiarra, pozaz txoratzen, inork baino hobeto ezagutzen baitzituen putzuaren sekretuak. Kontatzen denez, hondoko zirrikitu batetik gora eginda ur maila gainditu omen zuen Zuiakoak, eta barrunbe txiki batean lasai-lasai egon omen zen, etsaiak asper eginda joan ziren arte.



ARLOBIKO IRUINARRIA. Baia ibaiaren konpainia utzi gabe, Oier Suarez, Miguel Martinez Fernandez eta Luis M. Martinez lagunek 2004ko martxoaren 20an aurkitu zuten iruinarri lirainari bisita egin diezaiokegu. Paseo goxoa eta samurra da hartaraino. Zaldibartxo ur-putzua atzean utzita, aurrera egingo dugu haltzak, ametzak, haritzak, urkiak eta sahatsak bidaide. Igatz zubia gurutzatu eta goratasun pittin bat hartu gero, Berretin mendira doan pista zabala ikusiko dugu. Pinudi baten ondoan dagoen desbideratze hori kontuan hartu gabe, baina, bide nagusiari segitu eta astigarrak, pagoak, haritzak, urkiak, ler gorriak eta basa udareondoak babesten dituen birlandaketa batera helduko gara. Aldarroko zubia gurutzatuko dugu aurrerago. Izen bereko txabolatik igarota, Arkaraiko arrantzaleen aterpera iritsiko gara. Errekaz bestaldean, Gorbeiarako bide bazterrean eta landaretzak erdi ezkutua, Arkaraiko zubi zaharra ikusiko dugu.

Iruinarrira doan bideak, aldiz, eskuinean utziko du ibaia eta hartxintxarrezko pistari ekinda, ibarrean gora egingo dugu harik eta Arralde gainean dagoen Arlobiko zubia ikusi arte (zubi honen ondoan, baina Padrobaso ibaiaren gainean, beste zubi zahar bat ikus daiteke). Baiaren ur emaria eskasa denean ez da beharrezkoa zubitik igarotzea, pista nagusitik jarraitzea nahikoa baita. Ekaitzen ostean, udaberri euritsuan edota negu gordinean, aldiz, zubia zeharkatzea ezinbesteko dugu. Halako egoeretan, harrizko zubia gurutzatu eta ezkerrera jo beharra dago berriz ere pista nagusiarekin bat egin arte. Buelta txiki bat da baina Baiako ur freskoak oinutsik zeharkatzea baino erosoagoa da. Garrastatxu eta Indusira doan pista zabala bazter egingo dugu bidegurutze batera heltzean. Parke naturaleko seinaleei kasu egin gabe goratasuna hartzen segituta Arlobiko txabolara iritsiko gara. Artzain babeslekutik gora eginda, Arlobiko gaina zapaldu eta Illunbeko lepoan ikusiko dugu ia bost metro luze den iruinarria. Indusketa arkeologikoak egin badira ere, beste kanpaina batzuk egitea espero dira. Orain arte, besteak beste, silexeko tresna ugari eskuratu dira bertan, eta baita harrizko eraunskailuak ere.

 

zaLDIBarTxo



Ur-jauzia: Zaldibartxo.

Erreka: Baia.

Herrialdea: Sarria (Araba).

Mendilerroa, mendia: Gorbeia parke naturala.

Ur-jauziaren neurria: 4 metro.



Gomendioak

Ura eta hamaiketakoa eraman.

Parke natural batean ibiliko garenez, Parketxean ibilbideei buruzko eta iruinarriari buruzko nahi beste informazioa eskura dezakegu.

Ur kalitateari begira, ingurumena errespetu handiz tratatzea erregutzen da.

Bisitatuko dugun ondarea begirunez zaindu: aterpeak, bordak, iruinarria...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.