Frontoiena gero heldu zen. Garai batean, hala jokatzen zen pilotan: hormarik gabe. Pilotariak aurrez aurre zirela, eta esku hutsez. Bote luzea esaten zitzaion Euskal Herrian joko mota horri, eta haren ondorengoa da egun ere Baztan eta Malerreka inguruan (Nafarroa) jokatzen den laxoa izeneko modalitatea. Europan, baina, gorde egin dute hasierako esku hutsezko joko mota hori zenbait gunetan. Belgikan, Frisian eta Herrialde Katalanetan, adibidez. Pilotari profesionalak ere baditu Llargues izeneko kirol modalitate honek herrialde horietariko batean baino gehiagotan, eta orain elkarrekin aritu ahal izango dira haietariko asko Iruñean. Ostiralaz geroztik, Luzeko Esku Pilotako Txapeldunen Kopa dago jokoan Iruñeko Antoniutti parkean, eta Europa osoko hamar talde dabiltza norgehiagokan. Atzo azken kanporaketak jokatu eta gero, gaur jokatuko da finala El Campello eta Tibiko taldeen artean. 11:30ean hasiko da lehia, eta orduan jakingo da zein den aurtengo txapelduna antzinatik datorren pilota modalitate honetan.
Goizetik hasita bildu zen jendea Antoniuttin muntatutako zelaiaren inguruan. Jokoaren zaleak batzuk, baina modalitatearen berezitasunak erakarritako jende asko ere bai. Ikusgarria da izan ere sakea. Punparik gabe, gora botatzen dute pilota jokalariek, inoiz ia 72 metroraino heltzen den pilotakada emanez. Ohitura handirik ez dago halakoetarako inguruotan, eta gutxik ulertzen dute jokoa, halere, lehenengora. Ezin arreta galdu, halere. Pilotariak huts egin, eta ziztu bizian doa behin baino gehiagotan pilota publikora. Ohikoak dira ikusleen artean arauei buruzko galderak. Denbora darama bikote batek begira, baina etsi, azkenean. Galdera egin dio emazteak senarrari. «Azkenean, zer? Ulertu duzu edo ez?».
Izan ere, arauak ez dira frontoian erabiltzen direnen parekoak. Kontaketa ere ezberdina da, esaterako. Tenisekoaren parekoa da pilota modalitate honetan erabiltzen den kontaketa; jokokakoa. Laxoan aritzen den bezala, aritzen da joko mota honetan ere. Pilota txikiagoa da, ordea, bost bat zentimetroko diametrokoa, eta esku hutsez aritu behar dira jokalariak. Arauak ez dira oso bestelakoak, halere.
Bihurriak dirudite arauek, frontoiko jokora ohituta daudenentzat, baita mikrofono bidez ematen diren azalpenekin ere. Aurrez aurre aritzen dira bost kideko bi talde, 72 metroko luzeera duen espatula formako joko zelai lauean, eta arrastoa egitea da lehen helburua. Esku bakarrarekin edo biekin egin daiteke sakea, eta airez, edo lehen botean erantzun beharko dute aurkariek. Sakean pilota boterik gabe zelaitik atera ezean, edo aurkariak errestoa zelaitik kanpora bidali ezean, arraia esaten zaiona lortu behar dute lehenik jokalariek tantoa egin ahal izateko. Zelaian egiten den arrasto bat da, funtsean, arraia. Botea eman eta gero, pilota zelaiaren albotik atera den gunean egiten du arrastoa epaileak; edo, bestela, bigarren botearen ondoren aurkariak pilota geldiarazi duen gunean. Egindako marka horren arabera jokatuko dute gero pilotariek. Arraia pasatzera jokatuko dute sakea dutenek, eta aurkaria pilota ezin erantzutera eta arraia baino lehen geldiaraztera aurkariek. Tantoz tanto, sei joko lortzea da helburua.
Frisiarrak faborito
Frisian oso kirol hedatua da, eta jokalari profesionalak ere badituzte. Haiek ziren, horregatik, txapelketa hasterako faboritoak. Frisiako Frjentsjer hiriko taldea da, adibidez, iazko Herbehereetako txapelduna. Pilotaren hiria omen da Frjentsjer, eta zale asko ditu kirol honek. Herbehereetako finalak jokatzen direnean, esaterako, 10.000 eta 12.000 pertsona inguru biltzen omen dira, eta festa nazional bat ei da, kasik. Belgikako Kersken taldea zen txapelketako beste faboritoetako bat, eta kataluniarrak ere indartsu egon dira, bost talderekin: Godelleta, Tibi, benidorm, Sella eta El Campello. Maila ona eman dute. Euskal Herriko bi talde izan dira, bestetik, Baztangoa eta Angelukoa. Tiburzio Arraztoak gidatu ditu nafarrak, eta Elizondoko plaza luzean egin dituzte entrenamenduak. Lehen aldia zuten, eta itxura ona eman dutelako pozik gelditu dira jokalariak.
Faboritoak faborito, jokoa da agintzen duena, eta, azkenean, El Campello eta Tibi dira gaur finala jokatuko dutenak. Alacantekoak biak, eta estua izango da lehia.
Plaza luzeko pilota jokoa
Hormarik gabe
'Llargues' deitzen den plaza luzeko pilota modalitatean aritzen diren Europako hamar talde bildu dira egunotan Iruñean, Luzeko Esku Pilotako Txapeldunen Kopa jokatzera. Ostiralean hasi zen lehia, eta gaur jokatuko da finala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu