GONA AZPIKO DOKUMENTUAK

Horrelakoa da bizitza, Sidi

Erraldoietan sinpleena da Asiako erregea. Ez du kaparik, eta oso elementu gutxik atontzen dute haren irudia. Gainera, zurezko egitura zabalena du, eta horrek hura mugitzea zailtzen du.

Iker Tubia.
Iruñea
2017ko uztailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gizajoa. Iruñeko konpartsako erraldoien artean, hark izan du zorterik txarrena. Dena aurka duela iduri du: itxura, egitura... Hala ere, oztopo guziak gainditzen ditu urtero-urtero sanferminetan, eta gainerakoak bezala dantzatzen da Asiako erregea —lagunen artean Sidi Abdel-Mohame izenez ezaguna—.

Iruñeko bestetan ohatzetik jaikitzea ez da lan erraza izaten. «Aurreko egunean ez nintzen atera behar, baina...». Zenbat horrelako iruindarren buru ajez kaltetutakoetan. Hori gertatzen denean, dutxa hartu, askorik pentsatu gabe armairuko edozein atorra zuri jantzi, bart askatu gabe utzitako zapia lepoaren bueltan paratu eta aurrera, bestak oraindik hor jarraitzen du. Erraldoien konpartsan parrandarik luzeenak Sidi Abd el-Mohamek egiten ditu. Izan ere, hurrengo egunean ez du buruhauste handirik janzteko tenorean. Ilargi erdia duen turbantea burura, alfanje ezpata eskuan, eta kalera.

Horrek ere badu alde txarrik. Erraldoiak dantzan ari direlarik, itzuliak ematean kapa airean dantzan ibiltzen dute, espazioa dotore okupatuz. Asiako erregeak, baina, ezin du horrelakorik egin. Are, bera da hori egin ezin duen bakarra. Mari Ganuza konpartsako zuzendariak penaz esan du hura dela erraldoirik «zozoena», itxuraz behinik behin. «Pena da ez duela dotorezia handiagoa emanen liokeen zerbait». Dena den, aitortza bat egin du: zozoa izanagatik ere, dantzari onak ditu.

Hankak zabalegi

Egun horretan dantzariek ohiko erraldoia hartu beharrean, beste bat hartu zuten. Probatzeko. Entsegua zen, autobus geltokiko aretoan. Gazte bat Sidi Abd el-Mohameden gona zuri-gorriaren azpian sartu zen. Garai batean erraldoien zurezko egiturari barnetik heltzen zioten, baina erosoagoa da kanpotik egitea, eta moldea aldatu egin zuten. Asiako erregearekin lehen kontaktu horretan, gazteak ezin izan zion zurezko egiturari heldu. Ez zen ailegatzen.

Gona azpitik etsita atera zenean, irriz ari ziren erraldoia normalki eramaten dutenak. Asiako erregeak du zurezko egiturarik zabalena, eta horregatik ezin zaio kanpotik heldu, Mister Fantasticen besoen zabalerarik gabe ez, behinik behin. Beraz, lehengo moldean hartu behar da. Horrek zaildu egiten du dantzatzeko era, eta agian horregatik behar ditu dantzari trebeak. Tira, norbera den modukoa da. Zer eginen zaio, bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.