Elena Garbizu. Maria Cristinako salmenta exekutiboa

«Hotela eraberrituta, bertara sartzeko beldurra uxatu nahi dugu herritarren artean»

Adrian Garcia.
Donostia
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Maria Cristina hotela hiriaren ikur nabarmenetakoa da, Donostiaren historiaren eta izaeraren zati bat. Hala ere, hoteleko arduradunek badakite luxuzko hotela donostiarrei zenbaitetan arrotza egiten zaiela eta sartzeko zalantzak izaten dituztela. Beldur horiek uxatu eta hotela herritarrentzat «irekia» dagoela dio Elena Garbizu Maria Cristinako salmenta exekutiboak. Eraberritze lanek hotela herritarragoa izaten lagunduko duela dio.

Zer ekarriko dio aldaketak Maria Cristina hotelari?

Eraberritze osoa izango da. Ez da aurpegi aldaketa soila izango, instalazioa eta azpiegiturak ere aldatuko dira. Espazio komunek bere horretan jarraituko dute, baina beste guztia erabat aldatuko da: apainketa, altzari guztiak, logelak, komunak, hodiak, aire egokitua, kable instalazioak... Kanpokoa ez ezik, beste guztia.

Zer esan nahi du Maria Cristina hotelak Donostiarentzat?

Hiriaren ikur bat da. Donostiar guztiok pentsatzen dugu hotela gurea dela pitin bat. Monumentu ederra da, eta jende asko katedrala edo Viktoria Eugenia antzokia ikustera joaten den bezala, hotela ikustera ere etortzen da.

Hotelaren maila altuak ez al ditu herritarrak urruntzen?

Gu kontrakoa egiten saiatzen gara. Egia da jende askori kosta egiten zaiola sartzea. Eraberritze lanak eginda, egoera hori irauli eta hiriari gehiago irekiko gara. Sartzeko beldurra uxatu nahi dugu herritarren artean, Maria Cristina dirudien bezain garestia ez dela erakusteko. Kafe bat hartzera edo gosaltzera edozein etor daiteke. Bestalde, hotela bisitatu eta logelak ikusi nahi dituenak eskura izango du. Festak, ekitaldiak, bazkariak eta abar egin ohi dira, eta guztientzat egiten saiatzen gara.

Eraberritze lanek bide horretan lagundu al dezakete?

Lanak bukatzean, ateak zabaltzeko eguna egingo dugu, mundu guztiak emaitza ikusi, ukitu eta argazkiak atera ditzan. Maria Cristina Donostiarena da, eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu. Azken finean, donostiarrak dira Maria Cristinari bizitza ematen diotenak. Turistak behin etorri eta joan egiten dira, baina hemengo jendea da hotelera itzultzen dena. Jende gehiago hurbiltzea gustatuko litzaiguke. Badago donostiarrentzako igande gauerako tarifa bereziak. Horrelako ekintza gehiago bultzatuko ditugu.

Zergatik erabaki duzue eraberritze lanak orain egitea?

Aldaketak orain egingo ditugu hurrengo urteko uztailean ehun urte beteko ditugulako. Azken boladan asko hitz egin dugu eraberritze lanei buruz. Azken eraberritze orokorra 1987an egin zen, eta jada urte dezente pasatu dira. Bost izarreko hotela gara, eta beti gaurkotze eta eraberritze prozesu batean egon behar dugu. Mendeurrenerako prest egongo da.

Gela eredu bat erakusten aritu zarete egunotan. Zer-nolako harrera izan du?

Pena izan da plaza gutxi eskaini ahal izatea. Ahalegin handia egin dugu donostiarrek gela ikus zezaten, hotela ia beteta egon baita egunotan. Oro har, asko gustatu zaie. Gainera, ikusi dugu asko gustatzen zaiela ateak irekita dauzkatela sentitzeak.

Eraberritze lanen helburua zein da: turista gehiago edo bestelako turistak erakartzea?

Oraingo bezeroa 50 eta 60 urte bitartekoa da, gehienbat. Hotela eraberrituta, hotel modernoagoa egingo dugu, eta bezero gazteagoak ere erakartzen saiatuko gara. Gure merkatua Madrilen eta Bartzelonan dago. AEBetako merkatua goraldian dago, halaber, gure katea hangoa baita [Starwood]. Gure asmoa hotela Europara gehiago irekitzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.