Hotzaren aurka, sagardoa

Bizkaiko sagardo garaiak ekin dio aurtengo ibilerari. Ibarra sagardotegian izan da irekiera ekitaldia, eta lehen txotxa Igor Anton txirrindulariak zabaldu du.

Igor Anton izan da protagonista Bizkaiko sagardo garaia irekitzeko ekitaldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Zornotza
2012ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Hau da Bizkaiko sagardo berria!» esanda zabaldu zuen atzo Igor Anton Euskaltel Euskadiko txirrindulariak Bizkaiko aurtengo sagardo garaia. Lehen tragoa ere berak hartu zuen, eta asko gustatu zitzaiola onartu du. «Beti gustatu izan zait sagardoa; hemen egiten dena ezberdina izaten da, baina bakoitzak bere ukitua dauka». Antonek ohoretzat hartu du sagardo garaia zabaltzeko ardura, «gure kulturaren zati bat da sagardoa, eta hori zabaltzea ohore bat da».

Bizkaiko garaia, ordea, aurten iaz baino geroago hasi da. Urtero urtarrilaren erdialdera egin ohi dute lehen txotxa, baina aurten aste batzuetan itxaron behar izan du, «Euskaltel Euskadiko txirrindulariekin egin nahi baikenuen lehen zabaltzea, eta Alacanten (Herrialde Katalanak) zeuden kontzentratuta». Beraz, txirrindulariak «itzuli arte» itxaron du Zornotzako (Bizkaia) Ibarra Sagardotegiak garaia zabaltzeko, Pitxu Zabalegi hango nagusiaren hitzetan.

Igor Antonekin batera, haren hainbat taldekide eta Euskaltel Euskadiko zuzendaritzako kideak ere han izan ziren. Kanpoko hotzak berehala ahaztu zituzten inguratutakoek, sagardotegi barrura sartu ondotik. Sutondoko berotasunak eta kupelen zabaltzeak «hotzari aurre egiteko tresna aproposak» bihurtu ziren, Zabalegiren hitzetan. Euskaltel Euskadiko txirrindulariak lagun artean bildu ziren, baina neurrian. «Era honetako bazkariak ongi datoz, apur bat deskonektatzeko», Antonen hitzetan. Edozein modutan, zaintzeko unea dela azpimarratu zuen: «Neurrian edango dugu».

Gero eta sagardo hobea

Sagardozaleek urte osoan itxaron ohi duten unea izaten da txotx zabaltzea, eta aurten ere bezeroek erantzungo dutelakoan da Zabalegi. Krisia sumatuko dutela ziur da, baina sagardotegira joan ohi dena fidela dela ere azpimarratu zuen atzo. Edozein modutan, egoerari ahalik eta ongien aurre egiten saiatuko da Ibarra Sagardotegia.

Lehia, edozein modutan, mugakide daukate Bizkaiko sagardotegiek; Gipuzkoan, hain zuzen ere. «Ez dugu nahi haiekin lehian ibili, baina guk hemen gure publikoa daukagu, eurek eurena daukaten bezalaxe», esan zuen Zabalegik.

Gipuzkoako sagardoa ere beti izan dute itzal gisa Bizkaia inguruko sagardotegiek, izen eta ospe guztia eurek eraman dutelako. Edozein modutan, azken boladan lan fina egiten ari direla uste du Antonek. «Lehen hemen egiten zen sagardoarekin alderatuz gero, produktu hobea egiten da une honetan». Konparazioa saihetsezina izan zen, hein batean. «Gipuzkoako sagardoarekin alderatuz gero, ezberdina da, ez dago dudarik; baina ardoen kasuan ere leku askotan egiten da, eta bata ez da bestea baino hobea». Sagardoa ongi egitea da kontua, beraz.

Atzoko txotx irekieran dastatu zen sagardoa «ona» etorri da, Zabalegiren ustez. Aurreko urteetan atera denaren antzeko bereizgarriekin, «garraztasun puntu batekin». Edozein modutan,bertan edan ahal izango den sagardoa Astigarragako Zapiain sagardotegitik ekarritakoa da, eta Zornotzan hartzitua. «Beraz, esan liteke daukagun sagardoa Gipuzkoan jaio dela, eta Bizkaian hezi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.