Eztula, mukia, ondoeza… Sintoma horiek oso arruntak dira garai hauetan, eta apenas uzten duten zalantzarik txikiena ere. Hotzeri baten aurrean gaude: pertsona helduek horrelako lauzpabost pasatuko dituzte urtean, eta umeen kasuan, berriz,bostetik bederatzira bitartean, adinaren arabera. Pare bat aste irauten dute, gehienez ere, eta normalean bere kasa sendatzen dira, inolako ondoriorik utzi gabe. Kasu batzuetan, ordea, prozesu horiek uste baino gehiago luzatzen dira, gure bizi-kalitatea okerragotuz.
Eta arazo alergikoren bat balitz?
Arnas aparatuko alergiak eta hotzeriak sintoma oso antzekoak dauzkate —doministikuak, buruko mina, eztarriko molestiak, sudurreko jarioa…—, eta horregatik, oso erraz nahasten dira alergiak eta hotzeriak.
Nola jakin
Iraupena izaten da batzuk eta besteak bereizteko arrasto nagusietako bat. Horrela, sintoma alergikoek oso iraupen aldakorra izaten dute: ordu batzuk, hainbat aste, edo hilabeteak. Alergenoarekin —gaitza eragiten duen substantziarekin, alegia— izandako harremana zenbat luzatzen den kontu. Beste diferentzia nabarmen bat izaten da alergiaren sintomak bat-bateanagertzen direla; hotzeriarenak, aldiz, pixkana-pixkana agertzen dira.
Zer egin
Susmo edo zalantzarik txikienaren aurrean, espezialistarengana (mediku alergologoarengana) joatea komeni da, hark proba egokiak egin, diagnostikoa baieztatu eta alergiaren kontrako tratamendu pertsonalizatua jar dezan.
Aurreneko neurria, ahal den heinean, alergenoarekin kontaktua saihestea da; erreakzio alergikoak eragin ditzaketen gai arruntenen artean hauek aipatu behar dira: lore-hautsa edo polena, hautseko akaroak, animalien epitelio-zelulak, eta abar.
Botikei dagokienez, baliagarria izan daiteke kortisonaz osatutako sudurreko esprai bat erabiltzea, sendagai horren ekintza anti-inflamatorioak errinitisa (sudurreko jarioa) eta burutik beherakoa kontrolatzen laguntzen duelako; horrez gain, eta behar izanez gero, medikuak antihistaminiko bat aginduko digu, ahotik.
Infekzio birikoak alabakterioek eragindakoak
Hotzeri sinple bat ohi baino gehiago luzatzeko beste arrazoietako bat hotzeriaren birus arrunta ez den mikroorganismo batekin konplikatzea da, bakterio bat sartzea esaterako. Kasu horietan, prozesua ez da berez sendatuko, beharrezkoa izango baita bakterio eragilearen kontrako tratamendu espezifikoa.
Sinusitisa
Sinu paranasalak —sudurraren inguruan eta begien azpiko aldean dauden hezurren barruko hutsuneak— estaltzen dituen mukosaren inflamazioa da,birus, bakterio nahiz onddoek eragina, edota errinitis alergiko baten ondoriozkoa izan daitekeena.
•Sintomak: sudurreko jarioa lodia da, kolore berde edo horixkarekin, bertan mikroorganismoak daudelako. Buruko mina, gogor samarra, iraunkorra, kopetan eta masailetan nabaritzen da gehienbat, eta, sarritan, sukarra ere ager daiteke.
•Zer egin: aurreneko aukera antibiotikoak ematea da, infekzioaren kontra. Tratamenduak irauten duen bitartean sintomak arintzeko beste botika batzuk ere erabiliko ditu medikuak —deskongestionatzaileak ahotik, kortikosteroide topikoak—. Errinitis alergiko bat balitz arrazoia, antihistaminikoak eman beharko dira. Eta horrelako tratamenduekin ere sinusitisak hobera egiten ez badu edo kroniko bihurtzen bada, kirurgiara jo beste erremediorik ez da egongo.
Bronkitisa
Trakea edo zintzur hestea eta birikak lotzen dituzten bronkioak barrutik estaltzen dituen mukosaren hanturari esaten zaio bronkitisa. Gaitzaren eragileak birusak nahiz bakterioak izan daitezke, eta normalean infekzioa gaizki sendatutako hotzeri baten ondotik agertzen da.
•Sintomak: Usuena eztul etengabea da, karkaxekin —muki lodia, kolorez zurixka, horixka edo berdea izan daitekeena—. Badira beste sintoma batzuk ere: arnasa hartzeko zailtasuna, estuasun edo zanpaketa sentsazioa bularraldean, eta arnasa hartzean entzuten diren txistu-hotsak edo sibilantziak.
•Zer egin: Bronkitis gehienak birikoak dira, eta, horregatik, hasiera batean ez da antibiotikorik erabiltzen, botika horiek ez baitute birusen kontrako inolako eraginkortasunik. Horien ordez, bronkio-zabaltzaileak errezetatu ohi dira, bronkioak erlaxatzen eta irekitzen laguntzeko (errazago arnasa hartzeko) eta mukia gutxitzeko.
Defentsak baxu daudenean
Zenbaitetan, gure begietara normala baino luzeagoa den hotzeri bat iruditzen zaiguna katarro edo hotzeri-prozesu batzuk baino ez dira, bata bestearen atzetik, jarraian, pilatu direnak. Hori horrela, litekeena da gure sistema immunologikoak, gure defentsak bestela esanda, behar bezala ez funtzionatzea.
Zer egin
Ezinbestekoa izango da gure dieta berrikustea, bitamina eta mineraletan aberatsak diren elikagaien kontsumoa gehituz —frutak, berdurak, zerealak…—, eta koipe edo gantz saturatuena murriztuz —haragia, hestebeteak, opil industrialak, esneki osoak…—. Garrantzi handikoa da, era berean, ariketa erregulartasunez egitea; aire zabalean baldin bada, hainbat hobe; eta gure bizimoduaren estres maila gutxitzea.
Nola aurre hartu arnas infekzioei?
Hozturarik eta horien konplikaziorik gabeko negua eduki nahi baduzu, hona hemen jarraitu beharreko aholku erraz batzuk:
•Babestu hotzetik. Tenperaturaren bat-bateko aldaketak, goizeko lehen orduetan edo gauez gertatzen direnak adibidez, eta haize-lasterrek ahuldu egiten dituzte gure defentsak.
•Higiene egokia. Inguruan hotzeriak jotako pertsonak badauzkagu, komeni da eskuak egunean hainbat aldiz garbitzea, kutsatzeko bide errazenetakoa eskuak baitira; katarroa daukatenekin ez partekatu toalla, edalontzi eta antzeko tresnarik.
•Baztertu jende pilaketak. Jende asko pilatzen den tokietan —garraio publikoetan, hipermerkatu edo azalera handiko merkataritza guneetan — kutsatzea errazagoa da.
•Mantendu urrun tabakotik. Erretzaileek eta baita besteen kea arnasten dutenek ere arnasbideetako infekzioak izateko arrisku gehiago daukate.
Osasuna. Medikuntza
Hotzeriak ez dira sendatzen, zergatik?
Hotzeri arruntaren iraupena astebetekoa izan ohi da normalean, edo hamabost egunekoa gehienez ere. Epe horietatik aurrera luzatzen bada, agian beste zerbait ote den pentsatu beharko genuke. Sintomei adi erreparatzeak eta medikuari galdetzeak arrazoia zein den jakiten lagunduko digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu