Hurrengo elurte arte

Euskal Herrian hirurehun elur zulotik gora daude, asko eta asko galzorian. Aritzaletakoa (Nafarroa) da zaharberritu duten azkena. Erdi Aroko elurtegi hori forma eliptikoa duten bakanetakoa da.

ARITZALETAKO ELUR ZULOA
Aritzaletako elur zuloa, zaharberrituta. Erdi Aroko elurtegia da eta forma eliptikoa duen bakanetakoa. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
Aritzaleta
2024ko otsailaren 22a
05:00
Entzun

Mukuru beteta egoten ziren garai honetan. Elurra negu gorrian pilatzen zen, malutaka, lapatxaka, mara-mara botatzen zuen garaietan, elurtetik elurtera; hartara, udaberritik udazkenera arte eskura zuten urre zuria. Elur urte, gari urte izaten zen. Carmen Lizarraga (Lezaun, Nafarroa, 1951) artean ederki akordatzen da nola elur zuloetan pilatutako elurra eramaten zuten etxeetara. «Hiru Ahoen osinetik ekartzen zuten elurra gure etxera. Izozkia egiteko erabiltzen genuen. Malkaxko muinotik gertu dago osin hori, Iturgoienen [Nafarroa]. Gu haurrak ginenean, elur piloa botatzen zuen. Herriko teilatuak izotz kandelaz betetzen ziren, eta ezin ginen etxetik irten, dena zuri-zuri egoten zen».

Izozkiak egiteko gailuaeskuan duela ari da hizketan Lizarraga. Lezaundik kilometro gutxira dago Aritzaleta. Bertan dago zaharberritu duten azken elur zuloa; Mendizelaia izeneko parajean, 985 metrora. Lizarragak txikitatik ezagutu du eremua, eta lurmen dagoela dio: «Garai honetan elurrez beteta egoten zen. Gure arbasoek erabili zuten elur zulo hau. Gero etxeetara, arrandegietara, ospitaleetara eta komentuetara eramaten zuten. Iruñeraino eta Lizarraraino joaten ziren izotza eta elurra eramatera».

ARIZALETA - ELURTEGIA
Aritzaletako elurtegia zaharberritu aurretik. ANTXON AGIRRE SORONDO

Aritzaletakoa elur zulo bitxia da. Forma eliptikoa duten bakanetakoa da. Fermin Leizaola etnografoak eraikuntza horren garrantzia azpimarratu du, bereziki, zaharrenetakoa delako: «Erdi Aroko eraikuntza batez ari gara hizketan, eta forma ere berezia dauka. Nafarroan horrelako beste bi baino ez daude, Gesalazko Muniainen eta Zarrakaztelun». Leizaola maiz ibili da paraje horietan, eta pozik agertu da galzorian zegoen ondarea berreskuratu dutelako.

«Andiako harlauzak erabili dituzte, kare haitzak, eta lehen egiten zen modu berean egin dute dena, harriak harrien gainean jarrita, argamasarik gabe».

CHARO APESTEGIAIrantzuko lurrakeko gerentea

Iranzuko Lurrak turismo elkartea arduratu da elurtegia zaharberritzeaz. Charo Apestegia gerenteak azaldu du 40.897 euroko aurrekontua izan duela proiektuak, eta hara iristeko herritik bertatik abiatzen den 6,7 kilometroko ibilbidea atondu dutela. Jatorrizko elurtegia lur azaleraino iristen zen, baina orain metro bateko murru bat zutitu dute, inor hara eror ez dadin: «Andiako harlauzak erabili dituzte, kare haitzak, eta lehen egiten zen modu berean egin dute dena, harriak harrien gainean jarrita, argamasarik gabe. Jatorrizkoak kupula bat ere bazuen, baina oraingoz horrela utziko dugu, zabalik». Elur zuloak 5,20 metroko diametroa dauka, eta sei metroko sakon da.

Gauez eta egunez

Deierri ibarreko herritarrekin garai bateko usadioez hitz egitea izan da lan horrek ekarri dituen beste altxorretako bat, ondare materialak zeharka ondare immateriala berreskuratzeko aukera eman baitu. «Ibarreko herrietako pertsona edadetuekin elkartu gara, eta ohartu gara garai batean tokiko ekonomian zer-nolako garrantzia izan zuten elurtegiek. Pertsona bati adjudikatzen zitzaion, eta une oro egon behar zuen prest elurra saltzeko, gauez eta egunez. Etxe batzuetan oraindik freskatzeko eta izozteko tresnak gordetzen dituzte», zehaztu du Apestegiak.

ARITZALETAKO ELUR ZULOA
Aritzaletako elur zuloa. Dron batetik dago aterata argazkia. BERRIA

Elur zuloak, bada, ezinbestekoak ziren hozkailurik eta izozkailurik ez zegoen garaietan. Jakiak eta edariak fresko mantentzeko baliatzen ziren, baita izozkiak egiteko ere, baina batez ere medikuek behar zutenean ziren premiazkoak. Kolera sendatzeko erabiltzen zuten elurra, baita sukarra arintzeko, odol jarioak eteteko, zauri baten hantura jaisteko, edo zaintiratuak eta erredurak osatzeko ere. Kasu horretan, arrautza zuringoa eta olioa txikitutako izotzarekin nahastuta sortzen zen txaplata jartzen zuten azalaren gainean.

Elur zuloak, elurtegiak edo elur putzuak mundu osoko bazterretan topatu daitezke, ipar hemisferioan bederen. Antzinako Erroman jadanik erabiltzen zituzten. Euskal Herrian XVI. eta XVII. mendeetan zabaldu zituzten; erruz zabaldu ere. Euskal Herrian hirurehun elur zulotik gora daude: Araban 47, Bizkaian 33, Gipuzkoan 54 eta Nafarroan 169 —iparraldeko daturik ez dago—. Andian, Aralarren, Aizkorrin, Gorbeian eta Urbasan makina bat dago.

Mendien ipar partean egoten dira, eremu laiotzetan. Udalerri gehienek zituzten elur zuloak, baita hiriburuek ere; Bilbok, Iruñeak eta Gasteizek. Donostiara Aralarretik eramaten zuten elurra. Izarraiztik, berriz, kostaldera: Mutrikura eta Zumaiara (Gipuzkoa), eta Ondarroara (Bizkaia).

ANDIA - ELURTEGIA
Andiako elur zulo naturala. Mendizerran elur osin ugari daude. ANTXON AGIRRE SORONDO

Jose Rodriguez Fernandezek (Zurich, Suitza, 1975) bertatik bertara ezagutzen ditu elur zulo asko eta asko. Pozos de nieve en el País Vasco (Elur zuloak Euskal Herrian) ikerketa lana zuzendu zuen historialari eta antropologoak 2016an. «Guk egin dugun ekarpena materialtasuna izan da. Ordura arte lan etnografiko handia egin zen elur zuloen inguruan, baina, guk, elur zuloak identifikatu, zerrendatu eta mapa bat osatu dugu. Inbentario bat egin dugu, nolabait esateko».

Aurretik Angel Maria Calvok, Antxon Agirre Sorondok, Fermin Leizaolak eta Felix Muguruzak egin duten lana goraipatu du Rodriguezek: «Aurrekariak izan dira, eta lan itzela egin dute denek». 

Ikerlariek landa lana egin dute, herriz herri eta mendiz mendi. «Toponimiak asko lagundu digu. Aintzat hartu behar da elur zulo gehienak abandonatuta daudela. Errotak eta burdinolak bezala, jatorrizko funtzioa betetzeari utzi ziotenean hondatzen hasi ziren. Esan daiteke gaur egun elur zuloen %80 daudela galzorian, eta, ez badugu ezer egiten, ezinbestean galduko den ondarea da».

«Errotak eta burdinolak bezala, jatorrizko funtzioa betetzeari utzi ziotenean hondatzen hasi ziren. Elur zuloen %80 galzorian daude».

JOSE RODRIGUEZHitorialaria eta antropologoa

XIX. mendearen lehen hamarkadetan hasi ziren izozkailuak eta hozkailuak iristen, industrializazioarekin batera, eta horrekin batera eten zen elur zuloen erabilera. Azken urteetan hainbat eraberritu dituzte: Iruñean, Burgin, Aibarren (Nafarroa), Arrasaten (Gipuzkoa), Gasteizen, Otxandion (Araba)...

Elur osinak

Elur zulo mota asko daude, naturalak eta artifizialak, gehienak borobilak, baina badira karratuak, errektangularrak, oktogonalak, obalatuak... Askok estalkia zuten. Normalean, sei eta zortzi metro arteko diametroa zuten, eta hiru eta hamabi metro arte sakon ziren, nahiz eta badauden berrogei metro sakon direnak ere, elur osinak normalean. Elur zuloetan 260.000 eta 300.000 litro elur artean biltzen zuten.

ERRIBERRIKO GAZTELUAN DAGOEN ELURTEGIA
Erriberriko gazteluan dagoen elurtegia. Izozkiak egiteko baliatzen zuten hor pilatutako elurra. BERRIA

Akaso, Erriberriko Errege Jauregian dagoena da bitxiena. Arrautza oskol itxura du elur zulo horrek, eta elurra garai hartako urre zuria zela adierazten duen eraikuntza da, estatus baten sinbolo zela, alegia. Karlos III.a Nafarroakoak (1387-1425) izozkiak eta izotz edariak hartzeko gutizia omen zuen.

Neguan elurra jaso, eta putzuan sartzen zuten, askotan zamaketarien laguntzarekin. Elurra zanpatu eta gogortu egiten zen, 20 eta 50 zentimetro arteko izotz geruza bat sortu arte. Geruzaka metatzen zuten, eta geruzen artean, isolatzeko, lastoa, ezpela, iratzea, orbela edo belarra jartzen zuten. Gatza ere botatzen zuten, gehiago iraun zezan. Elurra elurtegitik ateratzeko eta saltzeko garaia apirilean edo maiatzean hasten zen. Txirrikekin ateratzen zuten, eta erromatar balantzan pisatzen zuten elurra. Gero, zaldiz edo astoz eramaten zuten, edo idien gurdian, zaku oihaletan bilduta, beti gauez.

Elurtegiak udalarenak izan ohi ziren, oro har, interes orokorreko zerbitzu publikoa izaten zelako, behar-beharrezkoa. Udalak errentan ematen zion eskaintzarik handiena egiten zuenari. Baldintzak notario aurrean sinatzen zituzten, eta oso zorrotzak izaten ziren: errentariak elurra jaso, biltegiratu eta banatzeko betebeharra zuen; baldintza horiek bete ezean edo elur zuloan elurra falta baldin bazen, isuna jar ziezaiokeen.

NEBERONDOKO ELUR ZULOA
Neberondoko elurtegia, Durangon. Mugarrako mazeletan dago elurtegi eder hau. IÑAKI MARTINEZ DURAN

Artxibategietan, artean, garaiko dokumentuak gordetzen dira. Altxorrak dira idazki zaharrak. Burgiko 1669. urteko udal aktek, esaterako, erakusten dute elur zuloa 90 errealen truke eman ziotela errentan Martin Glaria jaunari, urtebetez. Gasteizen, 1640. urtean, lau marabeditan zegoen elur libra. 1823an, berriz, hamasei marabeditan. Elur gutxi egiten zuen urteetan garestitu egiten zen prezioa.

Lekukotzak ere harribitxiak dira. Patxi Urkiolak, Garinduaga baserrian jaiotakoak, 1910ean, bere aita Juan Urkiolak Kortagureneko elur zuloan lan egiten zuela zioen. Zelai Lagunatik eramaten zuten elurra elurtegira, elur pilotez betetako lera batean. Gero auzoko «sakaltzelleek» edo elur sakatzaileek zanpatzen zuten. Gernika-Lumon, berriz, batzarrak egiten zituztenean, batzarkideek «alegre limonadarekin» ospatzen zituzten garaipenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.