Eguerdia da. Telebistaren aurrean nago. Ez nau kate nagusiek eskaintzen dituzten saio bakarrak ere asetzen. Prentsa arrosa, eztabaida txatxuak, erreportaje morbodunak eta duela hamarkada batzuetako kasu polizialak urrun nahi ditut. Kateak pasa eta pasa duela 17 urte sortutako telesailarekin egin dut topo. Hamaikagarrenez eman zuten atalari so, ezin diot barreari eutsi. Argi da Friends-eko seikoteak bazuela zerbait. AEBetan ikaragarri arrakastatsua izan zen. Mundura zabaldu, eta berdintsua izan zen harrera. Egun, zahar itxurako atalak eman eta eman ari dira. Eta ziur naiz, lehen baino gutxiago ikusten den arren, arrakasta izaten jarraitzen duela. Bai, behintzat, ikusten duenari iradokitzen dion horretan.
Hein batean, ederra da sentipen hori. Urteak joan eta urteak etorri arren aspaldiko eskaintza indartsua dela eta gozagarri zaigula ohartzea, hain zuzen. Ordea, hutsune baten ondorioa izan daitekeela otu zait bat-batean. Aspaldi delako, gertuan, halako fenomenorik agertu ez dela. Espainiako kasuak ez nau bereziki arduratzen. Eta gurera ekarri dut fokua. Ziur naiz, halako eguerdi galduren batean, kasualitatez, Bi eta bat ala Jaun eta jabe telesailak parean suertatuko balitzaizkit gustura hartuko nituela. Gaztetxoa nintzen haiek eman zituztenean. Lehena 1991koa baita, eta bigarrena 1997koa. Berandu ezagutu nituen, ziurrenik, garaiko errepikapenetan. Eta, hala ere, gustatu egin zitzaizkidan, harrapatu egin ninduten. Kode jakin batean sortuak izan ziren, gurean eta garai jakin batean. Baina orain ere, gozatu egingo nuke haiekin.
Logikak diost, ordea, hori hutsune baten eragina ere badela. Pentsatzen hasi eta lanak dauzkat azken urtetan eman dituzten euskal telesailak zerrendatzeko. Sarean bilatu eta hainbat sortu dituztela ohartu naiz, ikusi ditugula eta, niri behintzat, ahaztu egin zaizkidala. Adibidez, Hasiberriak, Brinkola, Balbemendi, Pilotari eta Mugaldekoak, betiere Goenkale ahaztu gabe. Beraz, aipatu hutsunea, ez da erabat egiazkoa. Goenkale izan ezik, bat bera ere ez da erreferente bihurtu, hori izan daiteke hutsunea. Eta Arraldekoak ere, galdu egin du indar hori urteen poderioz. Hutsunearen arrazoiak asko izango dira, askotarikoak.
Pena hori da, hutsunea egonkortu egin dela. Eta kanpoan bilatzen ditugula aseko gaituztenak.
Komunikazioa. Ekografiak
Hutsunea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu