Estu besarkatu dugu Imanolek eta biok.
-Kostako zaiguk hau mejoratzea...
-Saiatuko gaituk, motel!
Eta azken hiru asteak elkarrekin Eskozian pasa ostean, bakoitzak bererako bidea hartu dugu.
KONTRASTEA
Isilik geratu gara Rubha Hunish lurmuturreko belazean eserita. Gure begiek itsasora jo dute, Outer Hebrides uharteen soslaietan iltzatu dira; atzera, jaitsi berri dugun itsaslabarrera buelta egin dute. Tarteka, elkar begiratu dugu. Haize hotsa gure belarrietan barna, ez bestelako soinurik.
Duela bi egun dena emanda genbiltzan Santaklaratan, Joxe Ripiauren Aquí no hace falta cama, aquí nadie va a dormir profezia ozen abesten, txosnetako bafleen watt artean ozen solasean. Orain, berriz, isilik gaude. Mutu. Zirrarak jota. Ingelesez Ia zeru izena duen uharte batean gaude, Skye izenekoan, eta duela ordubete ekin diogu Skye Trail bideari.
DEPENDENCE IS FOR KIDS.
DEPENDENTZIA, HAURRENTZAT DA
Kostatu zaigu Eskoziara, Skye uhartera, iristea. Bidaiaren ezinegona desagertu da, ordea, botak astintzearekin batera. Itsaslabar ondoko belazeetan barna egin dugu lehenbiziko etapa, ardi bakan batzuk lagun. Abegikor hartu gaituzte Flodigarryko ostatuan, gauak eguna muxuka irensten duen unean.
Itsas gaineko etxetzarrean serio demonio azaldu digu Simonek bihar egin asmo dugun etapa. Skye Trail osoko luzeena da, eta galtzeko errazena. Hobe dugu alderantzizko zentzuan egin, eta ostatura iristea lotara. Bitartean, tea hartzen du Dependence is for kids, Rock Stars for independence jartzen duen edalontzitik. Etxe honetan, Alba edo Eskoziako independentziaren aldeko amorratuak direla argi geratu zaigu.
Hurrengo goizean, Simoni kasu eginaz, autobusa hartu dugu Old Man of Storr monolito ezagunera iristeko. Neska-mutikoek gaur dute lehenbiziko eskola eguna. Txukun datoz, uniformeak ondo lisatuta, eta gorbata aski eleganteekin. Haien solasek autobuseko giroa alaitu dute. Gu, berriz, mutu, kristalaz bestaldeko paisaietara begira, eguraldia lagun dugunaren pozez.
Turista saldoa iritsi baino lehen, pauso arinean igo ditugu The Storr-erako maldak. Trotternish eta Quiraing gailurreria osatzen duen bizkarrezur luze eta berdearen ertzean gaude. 25 kilometrotara, ostatua. Ordu luzetan jardun dugu maldan gora eta behera, gogotik disfrutatuz belazeen eta amildegien arteko marran jostatzen.
IZUA MORLACO'S HILL-EN
Sekulako goiz albarekin talka egin dute gure begiek. Ziztu bizian hartu dut sakelakoa, argazkiak une hori bere edertasun osoan islatuko ez duenaz jakitun. Ezin izan dugu pena sentimendu bat saihestu Flodigarryko ostatua atzean uzterakoan, hain gustura egon gara! Atzoko bide berbera egin dugu autobusez, baina gaurkoan kostalderantz jo dugu, Skye uharteko «hiriburura» iristeko asmoz. Terreno hezeetan eta umeletan botak non jarri begira ekin diogu etapari. Eguraldia apur bat ilundu da, baina gustura goaz itsasertzean dauden muino belartsuetan gora eta behera, gaur ere haizea tximak harrotzen, begiak itsasorantz luzatuz mila aldiz, gustura, gustura, gustura...
-Arrimatu hadi gehixeago... gehixeago... geldi... begiratu ezak hona...
Baina Imanolen atzean dagoen zezen eskoziar iletsuak ez du gogoko argazki saioa, eta Imanolek agudo astindu behar izan ditu oinak, entzierro inprobisatuan... Pelikulari izena jarri diogu: Izua Morlaco's Hill-en.
-Kaixo, Maria!
Port Raigh-era iritsi eta gutxira, Glasgowtik Skye-rako autobusean gentozela, burua jiratu eta Aitorren hizkuntza zaharrean «Nongoak zarete?» galdetu zigun Mariarekin topo egin dugu. Berehala lotu dugu hitzordua garagardo bat hartzeko, baina aurrena, pinpirinak gu, dutxa hartu eta arropa aldatzera jo dugu. Gauzak egitekotan, ganoraz eta elegante.
JAKIN IZAN BAGENU...
Skye-ra iritsi eta berehala izan dugu Midge edota moskito txiki petralen berri. Baina Port Raigh-eko kanpinean ohartu gara aferaren neurriaz. Laino trinkoa osatuz egiten dute bisita, batez ere goizaldean eta ilunabarrean. Auskalo zer daraman Imanolek zainetan, baina ni jan egin naute. Azkurak azkura, lanbropean ekin diogu laugarren etapari. Jakin izan bagenu, txanda-pasa egingo genukeen. Baina ez genekien, eta gogotik aspertu gara asfaltoan botak arrastaka, harik eta Loch Sligachan badiara iristearekin batera, horizontean Cuillins mendiak altxatu diren arte. Sgurr nan Gillean harritsua eta harroa ikusi dugu orduan.
SGURR NAN GILLEAN
Metano gas eraso bortitz batek esnatu nau. Itota ez hiltzeko kanpin dendatik burua kirikatu dudanean, ordea, midge gudaroste amorratua atezuan dago, gosaltzeko irrikaz. Erabakiak azkar hartu ditugu: azkar uxagarria igurtzi, azkar jantzi, azkar gosaldu, eta azkar ospa! Eguraldi iragarpenak dio eguerdira arte eutsiko diola, eta ez dugu aukera hau galdu nahi Sgurr nan Gillean (965 metro) ikusgarria tentatzeko.
Zeruan eta Black Cuillins gailurretan grisa da kolore nagusi. Sgurr nan Gillean-era daraman gandorraren ikuspegiak apur bat kikildu gaitu. Hasieran etzan samarra, azken metroetan irmo altxatzen da zerurantz, gailur zorrotz batean amaitzeko. Harrizko markei jarraituz goaz, harik eta marka oro galdu, eta inprobisatzen hasi behar izan dugun arte. Arretaz goaz, tentuz, pasabide egokiena aurkitu nahian, eta azken trepada baten ostean gailurrera iritsi gara. Ez dago hemen erromerietarako leku askorik.
Paisaia zoragarria da gure inguruan. Red eta Black Cuillins mendiak, lakuak, itsasoak, Glenn Sligachan erreka, haizea, bihotza taupaka... Hala ere, kontenplaziorako denbora gehiegirik ez dugu. Igotako pasarte batzuk ez dira samurrak izango bustita badaude, eta badaezpada beherantz jo dugu.
Kanpinera iristearekin batera hasi da euria tarrapataka. Hor konpon, guk gurea egin dugu, eta autostop eginaz Port Raigh-era joan gara, fundamentuzko bazkari batekin gaurkoa ospatzera.
ELLE EST MORTELLE...
Berriz ere bidean gara. Glenn Sligachan errekari jarraituz goaz, haran goxo batean, ia desnibelik antzeman gabe, Skye-n inoiz izan dugun bidezidor garbienean. Tarteka eskuinera jiratzen dut burua, Sgurr nan Gillean-en soslaiak erakarrita. Baina laster beste gailur batek izango du gure begientzat iman berezia. Bla Bheinn, mendi urdina. Loch na Creitheach lakuaren gainean nabarmen ageri da, Camasunary badiarako bidea zelatatuz.
Camasunary badian badira ibiltariek gaua pasatzeko prestatutako bi etxola. Horietako bat hautatu dugu, trasteak utzi eta motxila arinarekin gailurrera jotzeko. Lorenzo italiarrak berehala luzatu digu bostekoa, hortzez betetako irribarre sanoarekin. Berehala deliberatu du gurekin gailurrera jotzea. Bi orduren buruan, pauso bizian jan ditugu itsasertzetik gailurrerako 928 metroak, batere zailtasunik ez duen Hego gandorrari jarraituz.
Gaur iritsi da irlan izan dugun bigarren momentu telurikoa. Bla Bheinn-ekikoak eginda, itsasertzeko harkaitzetan eseri gara eguneko azken eguzki printzekin goxatzera. Soay eta Rum uharteak begi parean; olatu txikien hotsa; Black Cuillins gailurreriak harrokeriak utzi, eta itsasoari men egiten dion paisaia deskribaezina iruditu zaigu.
-Leku hau ez duk ederra bakarrik, zeozer gehiago badik...
Zoriontsu sentitzen naiz. Asebeteta. Pakean. Norbaitek etxolaren horman idatzitakoa datorkit burura etengabe: «Si vous pensez que l´aventure est dangereuse, je vous propose d´essayer la routine: elle est mortelle». Abentura arriskutsua dela baderitzozu, errutina probatzea proposatzen dizut: mortala da.
ITSASOA DEIKA
Camasunary badiatik Ealaghol herrixkarako bidea eguraldi lainotuarekin egin dugu, itsaslabarretan barna, Loch Scavaig itsasadarra inguratuz, paisaiak txundituta. Maparen arabera, Ealagholetik aurrera kilometro mordoxka bat errepidez egin behar dira. «Et-et-et... asfalto gehiago ez, mesedez». Horren ordez, Loch Coruisk-era txalupaz joatea erabaki dugu.
Aldamenean dudan gringoak harro erakutsi dizkit Bora-Borako argazkiak. «Txotxolo arraioa, hago isilik, eta begira zer duan hire aurrean!», pentsatu dut. Gure txalupan etorri den jendetza atzean geratu da Loch Coruisk oinez inguratzen hasi garenean, eta ez dugu inorekin topo egin berriro kai txikira iritsi arte. Black Cuillins mendietatik hainbat arista jaisten dira lakuan oinak freskatzera, itsasertzeko mendi paisaia bitxi eta ezin ederragoa osatuz.
-Aibadios hi, horiek fokak dituk eta!
Ez genuen itsas txakurrik ikusi gaurdaino!
CLEARANCE VILLAGES
Azken etapa osatzeko, Broadford herria hartu dugu oinarrizko kanpamentu gisa. Arropa garbitzeko makina eta koltxoi bat gauza handiak dira gero...
Autobusak Camas Malag hondartzarako bidegurutzean utzi gaituenetik zira ondo itxi behar izan dugu. Lehenbiziko aldia da euria gogotik ari duela oinez gabiltzan bitartean. Itsasertzetik goaz gaur ere. Erreferentziatzat dugun webguneak sekulako argazkiak erakusten ditu inguru hauetan; baina, gaurkoan behintzat, guk ezin izango dugu asko gozatu. Ezin kexatuko gara hala ere; gutxik izango zuten guk Eskozian izan dugun eguraldia.
Leku guztiek badituzte garai latzen eta ilunen oihartzunak, giza krudeltasunaren ispilu. Boreraigh eta Suishnish-eko aurriek euri eta lainopean hartu gaituzte. Historia tristea dute Clearance Villages —Garbiketa herriak— deituriko hauek. Biluzik dauden murruek ikusi zuten nola bertako biztanleek derrigorrez herriak hustu behar izan zituzten 1853. urtean. Lord MacDonaldek herriok hustu eta sutan kiskaltzeko aginduari jarraiki egin zuten.
The Marble Line trenbidea izan zenaren plataformari jarraitu diogu bidaiari amaiera emateko. «Eta orain... Ze bideri jarraituko diogu orain?», galdetuko diogu geure buruari.
BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA (II)
Ia zeru izena duen uharte hori
Zazpi etapetako ibilbidean, Skye Trail bideak Eskoziako irlaren edertasuna erakusten du. Itsaslabarrak eta mendiak dira haren ezaugarri nagusietakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu