Jose Mari Iturralde, 'Txirri'. Gaztagilea

«Iaz baino hobea atera zait gazta aurten; kategoriakoa da»

3 ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
2016ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Ardiak zaindu eta gazta egin. Hori da Jose Mari Iturralde Txirri-ren(Durango, Bizkaia, 1963) egunerokoa. Gaztandegia dauka Abadiñon (Bizkaia), eta emaztearen izena darama hark sortzen duen markak: Itxaso Barrenetxearena. Ordiziako Artzain Egunean 2015eko erregulartasun kalitate saria eman diote. «Pozik» dago.

Zer esan nahi du zuretzat Ordiziako Artzain Egunean saria jasotzeak?

Sekula ez nintzen egon Ordiziako Artzain Egunean. Beti gauza bat edo bestea tokatzen zait. Santanderrera txakur baten bila joan beharra, adibidez. Beti nabil atzera eta aurrera, eta ez daukat astirik horrelako lekuetara joateko.

Baina aurten etorri zara.

Bai, bai, derrigorra zen.

Zer du berezia zure gaztak?

Ez dakit, ez dauka sekreturik. Gustuarekin eginez gero, nik pentsatzen dut mundu guztiak egiten duela ondo.

Kalean jaioa izanda, nola hasi zinen gazta egiten?

Ardiak nituen ardi txakurrak entrenatzeko, eta horiekin hasi nintzen apurka-apurka gazta egiten. Lehenengo urtean, proba egiteagatik, 100 gazta egin nituen, eta, gero, 200. Saldu egin nituen, eta esan nuen: «Zergatik ez dut muntatuko gaztandegi bat?». Orain gehiegi egiten dut; ezin iritsita ibiltzen naiz. Urtea ondo joanez gero, 4.000 kilo eskas ekoizten dut. 25 ardirekin hasi nintzen, eta orain 260-edo ditut. Ez da etxeko tradizioa, baina beti gustatu izan zaizkit animaliak eta ardiak eta...

Nolakoa da zure egunerokoa?

Bi egunetik behin egiten dut gazta. Orain ardiak kortan ditut; eguraldi ona hasten denean aterako ditut kanpora. Goizean ardiak batzen ditut; gero, gazta egin...

Gazta on bat lortzeko, zer izan behar da kontuan?

Garrantzitsuak dira ardiak, haien janaria, garbitasuna... Eta norbere gustua. Batzuk, agian, ibiliko dira ehun urte gazta egiten, eta sekula ez dute ikasiko. Baina, gogoa ipinita, dena ikasten da. Eta batera joan eta bestera joan, eta ikusi nola egiten duten besteek...

Gazta jateko ohiturarik ba al duzu?

Niri denak gustatzen zaizkit: txarrak, onak, bigunak, baserrikoak... Batik bat, bazkalostean-eta jaten dut; zati bat postre garaian.

Probatu al duzu aurtengo zure gazta?

Bai. Iaz baino hobea atera zait gazta aurten; kategoriakoa da. Beste era batera egin dut, eta nik uste dut hobea irten dela. Zapore gehiago du. Probak egiten ditut: batean gatzagia klase batekoa erabiltzen dut, bestean naturala, nahastutakoa, industriala... Norbere gustuaren arabera izaten da hori. Eta niri hau gehiago gustatu zait.

Emakume izena du zuen gaztak, baina oraindik ere emakumeak gutxiago dira gaztagintza munduan, ezta?

Emaztearen izena du gaztak. Laguntzen dit gazta egiten, baina ni aritzen naiz gehienbat. Nik uste dut emakumeak gazta egiteko esku hobea duela; garbitasunean eta halako gauzetan. Atera kontuak, gizonak ez dira asko egongo gazta egiten dutenak. Gizonak ardiak batzen-eta aritzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.