Joseba Sarrionandia

Ibaia

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da Danubio deitzen,

ez da Mississippia,

Ibaizabal deitzen da nire

sorterriko ibaia.

Ez da Danubioa,

ez da Ibai Horia,

erreka labur mehe

herdoil urez betea.

Han ibiltzen ginen, antzina,

hango Harripausuetan...

Ez da Danubio deitzen,

ez Nilo, ez Niagara,

Ibaizabal deitzen da nire

sorterriko ibaia.

Handik alde eginda,

zubirik zubi beti,

ez nuen uste berriz

topatuko nuenik.

Orain barruan sentitzen dut

Ibaizabaleko ur uherra.

Ez dakit zelan gertatu den

ura barrura sartzea.

Inoiz edan egingo nuen

Ibaizabalekoa.

Ez da Danubioa,

ez da Ganges saindua,

ume denboretako

gure erreka lohia.

Orain bihotzetik pasatzen zait

Ibaizabaleko ur uherra.

Ez da Danubio deitzen,

Ibaizabal da izena.

Handik urrun ibili arren,

barrura sartu zaidana.

Harrezkero zainetan

dabilkidan erreka,

neure benetako izenez

deitzen didan bakarra.

Ur zaharrez berritzen dit gogoa

Ibaizabaleko ur uherrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.