Antzina bezala, almadiak ibiliko dira etzi Ezka ibaian behera. Lehen egurra garraiatzeko modua zena egun besta handi bat bihurtu da Burgin (Nafarroa): Almadiaren Eguna. Usaia berpiztu, eta lehengo bizimodua goresteko baliatuko dute eguna. Almadien jaitsieraz gainera, hamaika jarduera antolatu dituzte, eta Erronkariko sor-markadun gaztaren kanpaina abiatuko dute.
11:00etan aterako dira almadiak ibaian behera. Egurrez eraikitako hiru gabarrek sei kilometroko bidaia eginen dute, Burgiko zubiraino ailegatu arte. Gainean, almadiazainak, garaiko jantziak soinean dituztela, hotzari aurre egiteko ahuntz-larru eta guzti. 12:30ak aldera ailegatuko dira herrira. Garai batean, garraiatu beharreko enborrekin egiten zituzten almadiak.
Emakumeen presentzia ere nabarmendu nahi izan dutela azaldu du Txaro Quel Nafarroako Almadiazainen Kultur elkarteko kideak: «Garbitzaileak ibai ertzean egonen dira, emakumearen lana ikus dadin; izan ere, pertsona askok egiten dugu lan elkartean, ez dira soilik gizonezkoak, andreak ere asko dira».
Almadiak ez ezik, Erronkariko elikagai entzutetsu batek bere tokia hartuko du. Hain zuzen ere, Erronkariko sor-markadun gaztaren 2013ko kanpaina abiatzeko baliatuko dute Almadien Eguna. Erdi Aroko merkatuarekin batera, Erronkariko gaztaren feria zabalduko dute 10:30ean. Jolas tradizionalen tailerra ere antolatu dute, eta musika izanen da egun osoan. Goizean TxalaparDown taldeak joko du, eta gauean dantzaldia eskainiko du Ttanttaka taldeak.
Urrezko gonbidatuak
Besta eguna antolatzeaz gainera, Almadiazainen elkarteak talde edo norbanakoei omenaldia egiteko aprobetxatuko du eguna. Bi talderi emanen diete Urrezko Almadia: Downen Sindromearen Nafarroako Elkarteari eta Jarauta 69 txarangari. Quelen arabera, elkartearen lana txalotu nahi izan dute, eta Downen sindromea duten haurrekin osatutako Motxila 21 taldea zoriondu. Txarangari, berriz, eskerrak eman nahi izan dizkiote Burgiko bestetan urtero parte hartzen duelako. Omenduak izateaz gainera, bestaren parte izanen dira. Jarauta 69 txarangak bazkalondoan joko du, eta Motxila 21 taldeak kontzertua emango du 18:30ean. Antolatzaileen esanetan, gozatzeko eguna izanen da, eta parte hartzeko dei egiten dute.
ALMADIA EGUNA
Non. Burgin (Nafarroa).
Noiz. Etzi.
Asteburuko proposamenak
Ibaian behera, antzina bezala
Burgi. Almadiaren Egunak jendetza bilduko du, garai batean egurra nola garraiatzen zuten ikusteko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu