Ur eskasiak eta eukalipto landaketek ur gezako sistemen metabolismoan eragiten dute. Ondorio horretara heldu da Aingeru Martinez Gomez EHUko ikertzailea (Bilbo, 1985) Floridako Nazioarteko Unibertsitatean (AEB) egindako egonaldi batean. Ondorioak Science of the Total Enviroment aldizkarian argitaratu ditu.
Nola defini daiteke ur sistemen metabolismoa?
Metabolismoa zera da, edozein sistematan gertatzen diren jarduera biologiko guztiak. Gure metabolismoa da arnasa hartzea, azukrea edo proteinak erretzea... Edozein sistematan, prozesu horiek gertatzen dira. Alegia, ibaiek ere arnasten dutela esan daiteke.
Zein elementuk hartzen dute parte ibaiaren metabolismoan?
Organismo guztiek arnasten dute, eta edozein faktorek gorabeherak sor ditzake arnasketa horretan: kutsadurak, tenperaturak, uraren kalitateak, argiak... Edozein faktore fisiko eta kimikok du eragina.
Zuen ikerketan, bi elementutan jarri duzue arreta: eukaliptoetan eta ur eskasian.
Bi faktoreek elkarrekin duten eragina aztertu dugu. Etorkizunean, ur eskasia bolada gehiago aurreikusten dira. Hori gertatzen denean, uretan dauden substantziak kontzentratzen dira. Adibide erraz bat jartzeagatik: azukre kantitate berbera ur kantitate ezberdinean botatzen badugu, azukre kontzentrazio handiagoa egongo da ur gutxien duen horretan.
Eukaliptoek zer berezitasun dute?
Zuhaitz horren hostoek gai toxikoak dituzte. Uretan erortzen direnean, infusio baten modukoa egiten da. Ur eskasia badago, gai horiek oso kontzentratuta daude, eta, toxikoak direnez, bioklimen metabolismoan eragiten dute.
Ibaietako harrietan dagoen geruza, hau da, biofilma baliatu duzue eragina neurtzeko. Zergatik?
Harrietan dagoen lirdinga horretan, organismo mikrobianoak daude: bakterioak daude, birusak, onddoak... Horiek muzilagoa sortzen dute, berde koloreko geruza hori. Kate trofikoaren oinarrietako bat da, eta, ondorioz, biofilmaren metabolismoaren aldaketek ekar dezakete kateatutako erreakzio multzo bat.
Zertan eragiten du gehien hainbeste eukalipto pilatzeak?
Biofilmek fotosintesi gutxiago egiten dute eukaliptoak askatzen dituen gaien kontzentrazio handia dagoen ur gezako sistemetan. Oxigeno gutxiago sortzen dute, baina gehiago arnasten dute: hau da, CO2 gehiago sortzen dute uretan.
Horrek klima aldaketaren katea luzatzen du, ezta?
Hori da. Ur gezako sistemek, ibaiek eta lakuek, garrantzi handia dute karbonoaren zikloan. Pentsatu behar da ur gezako sistemak oso gutxi direla; mundu mailako ura aintzat hartuta, ur guztiaren %2 inguru da. Baina garrantzi handia dute karbonoa finkatzeko. Hori aldatzen bada, desoreka handia sortuko du.
Zer egin beharko litzateke hemendik aurrera? Nola eraman beharko litzateke ikerketaren emaitza ibai ekosistemen kudeaketara?
Hori da erantzun beharreko galdera. CO2 isuriak urritu, eta eukalipto landaketak mugatu behar direla hausnartu daiteke, baina ez dakit zerbait egiten ote den. Hainbat protokolo daude, baina ez da nabaritzen horien eragina.
Mundu mailako arazoa dela aipatu duzue. Nola eragiten du Euskal Herrian? Eukalipto asko al daude?
Bizkaian eta Gipuzkoan daude eukalipto landaketa nagusiak. Pinuarena ere bertan dago, nagusiki. Pinuak ere ikertu nituen, eta ur gezan eragiten dutela antzeman nuen. Pinuen presentzia handia da Euskal Herrian, Bizkaian batez ere; eskualde batzuetan pinudiek lurraldearen %60 betetzen dute. Kostaldean, eukalipto asko dago: Bizkaian, %8 eta %10 bitartean eukaliptoa da.
ATZEKOZ AURRERA. Aingeru Martinez Gomez. EHUko ikertzailea
«Ibaiek eta lakuek garrantzi handia dute karbonoa finkatzeko»
Ur eskasia dagoenean, eukalipto hostoek ibaietan askatzen dituzten gai toxikoen kaltea areagotzen da. Martinezek ikertu du horrek nola aldatzen duen ur gezako ekosistemen funtzionamendua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu