Jaime Amenabar. Julian Barrenetxea abesbatzako zuzendaria

«Ibilbidearen aitortza da txupinazoan parte hartzea»

Jaime Amenabar, plaza nagusia atzean duela. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Julian Barrenetxea abesbatzak eta Azpeitian urrian ospatuko den Kilometroak 2011ko lantaldeak jaurtiko dute gaur saninazioetako txupinazoa. Barrenetxea garrantzi handiko musikaria izan zen Azpeitian, eta haren izena bi efemeridek oroitu dute aurten: duela 50 urte hil zen, eta haren izena daraman abesbatzak 25 urte bete ditu. Urte osoan, hainbat ekitaldi antolatu dituzte haren omenez, eta, duela gutxi, bere izena jarri diote herriko kale bati. Omenaldiak borobiltzeko modua dute gaurko txupinazoa, eta Jaime Amenabar zuzendariak botako du.

Zer garrantzia du zuentzat txupinazoan parte hartzeak?

Guretzat saninazioei hasiera ematea abesbatzaren 25.urteurrena ospatzeko modu desberdin eta berezia da. Nolabait, txupinazoan parte hartzea abesbatzak egindako ibilbidearen errekonozimentu eta aitortza da.

Ezer berezirik prestatu al duzue ekitaldirako?

Mezatarako entseguetan buru-belarri gabiltza, eta ez dugu ezer berezirik prestatu. Agian, hitzez zerbait esan baino, saninazioekin identifikatzen ditugun doinuren bat abestuko dugu.

2011 urteurrenez beteriko urtea da zuentzat.

Hala da, bai. Ospakizun bikoitza tokatu zaigu aurtengoan: Julian Barrenetxearen heriotzaren 50. urteurrena, batetik, eta abesbatzaren sorreraren 25. urteurrena, bestetik. Ospakizunek borobildu egin dute urtea.

Zuk zeuk hamar urte beteko dituzu abesbatzaren zuzendaritza hartu zenuenetik.

Bai, kasualitatez, hamar urte beteko ditut aurten zuzendari modura. Baina benetan garrantzitsuena dena abesbatzaren 25.urteurrena da.

San Inazio egunaren bezperan gaur ere izango duzue kontzertua, Loiolako Basilikan. Nolako emanaldia izango da?

Urtero bezala, meza eta bederatziurrenaren ostean abestuko dugu, Azpeitiko Parrokiako abesbatza eta Maria Dolores Oteiza organu jotzailearekin batera. Hiru egunetan abestuko dugu aurten, baina guretzat kontzertu berezia San Inazio egunekoa da: Urrestillako Koroa eta Loiolako Nemesio Otaño abesbatzarekin batera abestuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.