Ereño ez da mendi altua, 447 metro ditu, baina, hala ere, bi ordu eta erdiko ibilaldia dela aurreikusi dute. X. mendean eraiki zuten ermita, gailurrean: egitura laukizuzena du, harrizko hormak, eta aulki sailak izkinetan. Bi mazelako teilatua du, baita atari zabala ere; mendi babesleku bat ere badu, hegoaldeko hormari itsatsita. Ermitatik, Urdaibaiko biosferaren eta Durangaldeko mendien bista ederrak daude.
Kobazulo moduko bat du ermitak barruan, eta Paleolitoko aztarnak topatu dituzte han. Horrez gain, ermitaren barruan hilobiak daudela esaten da, baita inguruko bakarrak ez direla ere.
Beste lau ibilbide aukeran
Hilaren 23an, 25ean eta 30ean ere izango da Ereñozarrerako ibilbide historikoan parte hartzeko aukera. Izatez, beste hainbat egiteko aukera ere badago, Urdabaiko biosferaren barruan bertan. Bizkaiko Aldundiak antolatzen ditu bisitok, eta Arrolara (Nabarniz), Foruara, Tribisburura (Bermeo) eta Katilotxura ere (Sukarrieta) egin daitezke ibilaldiok. Etzi eta etzidamu, esaterako, Arrola ezagutzeko aukera izango da; igandean, Arrolarako ibilaldia ez ezik, Forurakoa ere egongo da.
Goiz eta arratsalde egingo dituzte bisita guztiak, 11:00etan eta 17:00etan, eta aurrez izena eman behar da parte hartu nahi izanez gero, [email protected]-en.