EITB

Ibone Bengoetxea EITB Mediako zuzendari, protesta artean

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saileko Bizkaiko foru diputatua izan da Bengoetxea, Unai Rementeriak duela egun gutxi kargutik kendu duen arte. LABek protesta egin du, eta zuzendaritza «independentea» eskatu du.

Ibone Bengoetxea eta Unai Rementeria. MARISOL RAMIRE / FOKU
urtzi urkizu
2021eko martxoaren 30a
17:07
Entzun

EITBko administrazio kontseilu bilera egiten ari dira gaur arratsaldean, eta Andoni Aldekoa zuzendari nagusia Ibone Bengoetxearen kontratazioaren berri ematen ari da. EITB Mediako zuzendari kargua beteko du Bengoetxeak (EAJ), azkeneko lau urteetan Bizkaiko Diputazioan aritu eta gero.

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Bilboko EITBren egoitzaren aurrean, zuzendaritza «independientea» eskatzeko eta adierazteko EITB ez dela Sabin Etxea. Ibone Bengoetxea jeltzalearen izendapena kritikatu du sindikatuak, bidenabar.

LABek honako hau adierazi du: «EITBko zuzendariak Sabin Etxera edo Eusko Jaurlaritzara jauzi egiten ikusi ditugu, baina oraingoan bidea kontrako noranzkoan egiten ari dira. Duela hilabete batzuk Andoni Aldekoa izendatu zuten EITB Mediako zuzendari nagusi, eta orain Ibone Bengoetxea aukeratu dute EITB Mediako zuzendari kargurako. Biak EAJko kideak eta politikagintzan arituak. Erabaki eskandalagarria, onartezina eta lotsagarria».

Andoni Aldekoa Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen aholkularia izan zen hamasei urtez, eta Iñigo Urkulluren Lehendakaritzako Komunikazio zuzendaria 2015. eta 2017. urteetan. Ibone Bengoetxea hamabi urtez izan zen EAJko zinegotzia Bilboko Udalean.

Aldekoa eta Bengoetxea EITB Media zuzentzen jarrita, EAJren asmoa agerian geratzen da, LABen iritziz: «EITBn kontrol politikoa ezarri nahi du, komunikabide publikoa gobernuaren komunikabide bilakatuz eta interes alderdikoien mesedetan aritzeko. Ez dugu onartuko EITB Media EAJren propaganda tresna bihurtzea. Ez dugu onartuko ETB, Eusko Irratia eta Eitb.eus Eusko Jaurlaritzaren No-do bilakatzea».

Sindikatuaren arabera, EITBk objektibotasuna, profesionaltasuna, aniztasuna eta neutraltasun politikoa bermatu behar ditu. «Halaber, komunikabide publikoa den heinean, euskal herritarren zerbitzura egon behar du, eta ez EAJren edo Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura».

Horrez gain, LABek salatu du EITBn inoiz baino zuzendari eta gestore gehiago izango direla orain. «Ulertezina eta onartezina da. Pandemiak urtebete egin duenean, aurrekaririk gabeko krisi sanitario eta sozioekonomikoa sufritzen ari garenean, EAJko bi komisario politiko jarri dituzte EITB Media zuzentzen. Garai zailak datoz komunikabide publikoarentzat».

ELAk zera adierazi du Bengoetxearen izendapenaren harira: «EITBren ohiko opakotasuna apurtuko duen gardentasun ariketa bat ere egin beharko litzateke, Ibone Bengoetxearen izendapenarekin gertatu dena errepikatu ez dadin». ELAk gogorarazi du EITBko organigrama berria aurkeztu zenean ez zutela Bengoetxearen izendapenaren berri eman.

Administrazio kontseiluko bileran, Bengoetxearen izendapena kritikatu dute EH Bilduk, ELAk eta beste ordezkari batzuek. Aldekoak Bengoetxearen curriculumaren berri eman du, baina ez du bestelako azalpenik eman, eta ez die kritikei erantzun. EAJko ordezkari Iñigo Iturrarek, bestalde, Bengoetxea defendatu du, eta beste ordezkariei leporatu die «guda zibila» egin nahi izatea.

ELAk enplegu arazoak salatu ditu

ELA sindikatuak EITBren enpleguaren egiturazko arazoari «behingoz» irtenbidea emango dion proposamen zehatz bat eskatu dio zuzendari nagusiari, administrazio kontseiluan. «Euskal irrati-telebista publikoaren egiturazko beharrei erantzuten dieten lanpostu guztiak betetzea, dauden langileak finkatzea eta orain pribatizatuta eta azpikontratatuta dauden zerbitzu propioak berreskuratzea, dauden langileen subrogazioa ziurtatuz eta berriro gerta ez dadin neurriak hartuz». Horretarako, ELAk EITBko zuzendariari eskatu dio aurkez dezala proposamen zehatz bat egoera hori iraultzeko, betiere sindikatuekin adostutakoa.

ELAk gaineratu du EITBko zuzendaritzan oso emakume gutxi daudela. «Emakumeek zuzendaritza postuen %7 baino ez dituzte betetzen, eta, gainera, karguetan garrantzia galdu dute. Euskal irrati publikoaren mezua da emakumeak ez direla gai edo ez daudela behar bezain jantzita zuzendaritzako karguak betetzeko».

'Baserria'-ko jertsearen auzia

Gai gehiago izan dituzte hizpide gaur EITBko administrazio kontseiluan: Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak esan du Baserria saiokoek ez zekitela Gontzal Viaga lehiakideak jantzita zeraman jertseak —Blue lives matter mugimendu polizialaren aldekoak— zer esan nahi zuen. Horren harira, Aldekoak iragarri du areagotu egingo dutela kontrola saioetako gonbidatuek gai politikoak eraman ez ditzaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.