Bilboko Zazpikaleetan Torre kalean dagoen Ormaetxea tabernan joka daiteke igelaren jokora. Horregatik da ezaguna taberna, eta turistak ere etortzen omen dira jokoa ikustera. Udan txapelketaren bat prestatzeko asmotan dira.
Garai batean, igelaren jokoa meatzarien jokoa izan zen. Meategiak egondako herrietako tabernetan zeuden. Egun, batez ere, Bizkaiko hainbat eskualdetako tabernetan eta Bilbon bertan aurki daitezke.
Igelaren jokoaren arauak errazak dira. Metalez egindako igel batean burdinez osatutako zortzi fitxa sartzen saiatu behar du jokalariak. Fitxek zentimetro erdiko lodiera eta bi zentimetroko diametroa dute. Jolakaria hiru metroko distantziara egiten da, eta ahoa erdi zabalik duen igelan fitxa sartzen saiatu behar du. Nork gehien sartu, hark irabaziko du. «Ordu bat edo bi jokatzen duen jendeak 10-15 fitxa sartzen du, gehiago ez. Zaila da igelaren ahoan fitxa sartzea. Haren ahoan ez dira bi fitxa elkarrekin sartzen. Doitasun handia behar da, oso aho fina du eta», azaldu du Raul Torres Ormaetxea tabernako jabeak.
Tabernan dagoen igelaren jokoak zortzi urte ditu. Aurreko jabeak igelaren jokoak saltzen dituen Bilboko Erribera kaleko denda batean erosi zuen. Jokoa tabernaren atarian egoten da beti. Taberna ixtean bakarrik sartzen dute barrura. Adin guztietakoek jokatzen duten arren, helduak gehiago aritzen direla dio Torresek. «Ohiko bezeroak etortzen dira jokatzera. Gehienak erretiroa hartutako gizonak dira. Bi ordu ari daitezke jokoan».
Batez ere eguerdian eta arratsaldeko lehen orduetan jokatzen dute bezeroek. Tabernako giroa alaitzeaz gain, turistak erakartzeko ere balio ei du.
«Kanpotarrek adi-adi begiratzen diote jokoari. Japoniarrak argazki kamerarekin argazkiak atera eta atera aritzen dira. Duela gutxi arte agure bat etortzen zen, eta turistei nola jokatzen zen azaltzen zien».
Turistak begiratu ez eze, jokatzera ere ausartzen dira. «Jokatzen hasi aurretik zerbait ordaindu behar den galdetzen dute beti».
Tabernaren kanpoaldean egonda ere, igela ez zaie sekulan faltatu. Ez zaie gauza bera gertatu, baina, metalezko urlehortarraren ahoan sartu beharreko fitxekin. Behin baino gehiagotan lapurtu omen dizkiete. «Behin, aitona bat bere zortzi urteko bilobarekin ibili zen jokatzen. Fitxak desagertu egin ziren egun horretan. Handik hiru egunera agurea azaldu zen fitxak itzultzera. Bilobak hartu zituela esanez etorri zen, barkamen eske».
Jokoak arrakasta duela ikusirik, udan txapelketa bat egiteko asmotan dabiltza Ormaetxea tabernan. Oraindik datarik ez duen arren, antolatu antolatuko duela dio Torresek.
Igelaren jokoa: zeinek fitxa gehiago sartu
Bilboko Zazpikaleetan dagoen Ormaetxea taberna igel jokoagatik da ezaguna. Tabernaren atarian dute jokoa, eta adin guztietako zaleak biltzen dira, baina batez ere, helduak. Bertakoak ez ezik, turistak ere erakartzen ditu igel jokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu