Ezarian. Grimm anaiak

Igeletan printze

Berrehun urte dira aurten Grimm anaiek beren lehen ipuin bilduma kaleratu zutela, eta berrikuspen, moldaketa eta kritikak gorabehera, bizi-bizirik daude oraindik jaso zituzten kontakizunak.

Inigo Astiz
2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Bazen behin Hasau izeneko herrian anaia bikote bat. Jacob zuen izena batek, eta Wilhelm besteak. Ikerleak ziren, eta hizkuntzalariak. Alemania ez zegoen baturik oraindik, baina alemaniarren izaera nazionala biltzea izan zen haien asmoa. Herri kontakizunetara jo zuten horretarako, herriaren arima han aurkitutko zutelakoan. Folklore bilketaren aitzindarien multzoan sartu zituen ekimen hark. Urteak eman zituzten herri ipuinak biltzen, moldatzen eta idazten, eta horrek eman zion itzala haien izenari: Grimm anaiak. Ez zen oso ohikoa garai hartan aho tradiziozko ipuinak argitara ematea. Bigarren mailakotzat jotzen zen generoa, baina hari eman zioten garrantzia Grimm anaiek. Ikusi zuten igeletan bazirela printzeak ere. Egun, erreferentziazkoa da haien izena.

Orain 200 urte argitaratu zuten beren lehen bilduma, eta oraindik ere bizi-bizirik dago haien eragina. Berrehun kontakizun baino gehiago bildu eta plazaratu zituzten, 1812an hasi eta 1857ra bitartean, eta haietan ageri diren pertsonaien zerrendak eman dezake bi anaien lanaren neurria: jostun ausarta, Edurnezuri, loti ederra, Hansel eta Gretel, Mari Errauskin... eta baita printze bilakatzen zen igela ere. Ipuin hori zen bildumako lehena. Urteurrenaren aitzakian, asko izango dira aurten argitalpen berezi, hitzaldi ziklo, erakusketa eta emanaldiak. Ez da meritu txikia bi mendez izen bat bizi-bizi mantentzea.

Umeentzako ipuin gisa dira ezagun gaur egun haietariko gehienak, baina ez zen hori Grimm anaien jatorrizko asmoa. 1812ko argitalpena da horren froga. Oin ohar filologikoz beteta dago Kinder- und Hausmärchen deituriko bilduma (Haur eta etxeko ipuinak). Helduentzako lan bat zen, funtsean. Gerora, ordea, edizioz edizio moldatu egin zuten bilduma. Kontaketa ahozkotasunetik urrunduz, finduz eta moldatuz joan ziren, eta publiko zabalagoa lortu zuten. Konstante bat izan da beti moldaketa, Amaia Alvarez Uria literatura adituaren hitzetan. «Gaur arte bizirik mantendu dira, eta bertsio ugari izan dituzte; hasieran helduentzako narrazioak izan arren, haurrentzako ipuin bihurtu ziren, eta, egun, Mendebaldeko haur askok buruz dakizkitela eta gauero eskatzen dituztela baiezta dezakegu. Horrek erakusten du haien garrantzia eta eragina».

Moldaketaz moldaketa joan dira hedatzen kontakizunak, eta baita goxatzen ere. Grimm anaiek ere egin zuten lan hori. Hasierako kontakizunetatik azkenetara bada alderik. Gaur egun,AEBetako Disney zinema ekoizpen-etxeak, adibidez, zer esan handia izan du lan horretan. Grimm anaien lanetan oinarritutako hainbat film eraman dituzte aretoetara, eta ikerlari alemaniarren testuetan ageri diren elementu bortitz asko ezabatu egin dituzte. Baita beste batzuk gehitu ere. 1937an moldatu zuten pantaila handirako Edurnezuriren ipuina, eta 1950ean Mari Errauskinena.

Pixkanaka-pixkanaka, ezagunago egin dira ipuinen bertsio egokituak jatorrizkoak baino. Printze bilakatzen den igelari buruzko kontakizuna izan liteke nondik norako horren erakusgarri. Grimmdarrek jasotakoaz bestelakoa da gaur egun ezagunena den bertsioa. Igela printze bilakatzeko erabilitako trikimailuaz adostasuna nabarmena izango litzateke: printzesaren musu batek bihurtzen du anfibio zena gizaki. Grimm anaien 1812ko kontakizunean, ordea, bestela dira gauzak: printzesak horma baten aurka jaurtitzen du igela, ahalik eta indarrik handienaz, eta printzea sortzen da.

Generoaren berrikuspena

Ez da nolanahiko kontua moldaketena. Bizirik jarraitu arren, gaur egun Grimm anaien ipuinek berrikuspen kritiko asko pasatu behar izan dituzte. Ikuspegi feministatik egindakoa da horietariko bat, Alvarez Uriak azaldu duenez. Jatorrizko kontakizunak «deskafeinatu» egin direla dio, eta baita «generizatu» ere. Disney jartzen du adibidetzat. «Ideologikoki manipulatu egin dituzte kontakizunak, diskurtso hegemonikoa ezartzeko helburuarekin. Oraingo kulturaren isla dira; balio eta eredu batzuk sustatzen dira kontaketa bakoitzarekin, eta hori kritikatu izan da feminismotik». Edurnezuri, Mari Errauskin eta loti ederra jartzen ditu frogatzat. «Emakume ereduek edertasunaren derrigortasuna, bizi proiektu bakar gisa ezkondu eta familia edukitzea edota emakumeen arteko lehiakortasuna zabaltzen dituzte, besteak beste».

Ez da hori, ordea, Alvarez Uriak azaltzen duenez, kritikaren norabide bakarra. Irakurketa da giltza, dioenez. Eredua deseraikitzea proposatzen dute kritika batzuek, eta Myriam Cameros eta Nunila Lopezek sortutako Marizipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi izeneko ipuina (Txalaparta) izan daiteke kritika mota horren adibide. Baina badago ipuina moldatu beharrik gabe haren irakurketa kritikoa egitea ere. «Dolores Juliano antropologoaren proposamena da hori, esaterako. Emakume protagonista, oztopoak gainditu ostean, bere helburua lortzen duen pertsona gisa irudikatzea proposatzen du berak. Hala, aldarrikapen feministak lortuz, nahiz eta modu zeharkakoan egindako erresistentzia txikiak izan».

Ipuinak dira Grimm anaiek bildutakoak, baina horrek ez du esan nahi jolas kontua direnik soilik. Alvarez Uriak dioenez, Europaren nazioen kulturen oinarrira jotzen du alemaniarren lanak. «Aberriaren iragan mitikoa gordetzeko helburua zuten Grimm anaiek. Baina lan horrekin Alemaniako identitate nazionalaren eraikuntzaz harago joan zirela da bitxiena, Europako nazioen kulturen oinarrietako bat ipini zutelako ipuin eta kondaira horiek papereratzean, Anne-Marie Thiesse pentsalariak dioenez».

Nazioen eraikuntzaz

Hain zuzen ere, betekizun garrantzitsua eskaintzen die Grimm anaien kontakizunei Thiessek. Nazioaren ideiaren historia laburra dela dio berak. «Asmatu egin zituzten nazioak. Eta asmatutakoan, indartu egin zituzten mitoak-edo sortuz, batzuetan baita garbiketa etnikoz ere». Gutxi gorabehera tresna paretsuak erabili dituzte Europan nazio estatu bat eraiki duten guztiek. XVIII. mende amaierara arte hetereogenoa zenari kontakizun komun bat sortu zioten gunez gune. «Gaur egun, alemaniar, hungariar eta italiar nazionalitateak existitzen direla esaterik badugu, azken bi mendeetan egin den nazioaren eraikuntza lanagatik eta nazio baten partaidetzari buruz egindako hezkuntza lan erraldoiagatik da».

Thiesseren arabera, nazioa eraikitzeko erabili diren osagai sinbolikoak ez dira oso ezberdinak izan batean eta bestean: historiak aurrera egin ahala baturik mantendu den komunitate nazional bat, heroi sail bat, hizkuntza bat, monumentuak, folklorea, gune historikoak, bereizgarri geografikoak, mentalitate espezifiko bat eta bereizgarri pintoresko batzuk (janzkerak eta jakiak, esaterako). Eta prozesu horretan txertatzen ditu Grimm anaien kontakizunak frantziar historialariak. «Giltzarria izan zen haien lana, Europa osora hedatu zen erreferentzia multzo bat sortu zuten hizkuntzaren kodifikazioarekin eta ondare kultural nazional bat eraikitzeko egindako herri literaturaren bilketarekin».

Euskal Herrian ere Grimm anaien lanak izan zuen oihartzunik. Erromantizismoaren joera pean, Europa osora hedatu zen folklorea biltzeko zaletasuna. XIX. mendean hasi zuten lan hori herrialde askotan, baina XX. mendean heldu zen joera Euskal Herrira. Folklore biltzaileen izen sorta ez da txikia, baina Jose Migel Barandiaran eta Resurreccion Maria Azkue izan ziren herri literatura eta kantagintzaren bilketa zabal eta sistematikoa egin zuten pertsona garrantzitsuenetariko bi. Gehiago ere izan ziren.

Grimm anaien ipuinak 1929an bildu zituzten lehenegoz euskaraz. Urte bakarrean bi edizio izan ziren. Joseba Altunak egin zuen bertsio bat, eta Alejandro Larrakoetxea Legoaldi karmeldarrak bestea. Ipuiñak deitu zuen bere bilduma Altunak, eta Grimm anayen berroietamar ume-ipuin izendatu zuen berea Larrakoetxeak. Aurrez, Euzko Deyan, Euskal Esnalea-n eta beste hainbat aldizkaritan argitaratu zituen karmeldarrak ipuin haiek, eta 1929an eman zuen argitara bilduma modura. Horiek izan ziren Grimmen lanetik abiatutako lehen bildumak, baina ez azkenak. Hamaika izan dira gerora alemaniarrek jasotako ipuinetan oinarritutako argitalpenak.

Moldaketak, bertsioak, irakurketa kritikoak edo jatorrizko ipuinak izan, egun, oraindik, behin eta berriz hartzen du loak loti ederra, eta behin eta berriz garaitzen ditu erraldoiak jostun ausartak. Eskatu egiten dituzte haurrek ipuin horiek. Berrehun urte igaro diren arren, Grimm anaien bildumako orriak ez dira luzez egoten itxita. Igelak badira oraindik ere printze. Behin eta berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.