Igor Garcia. Abeslari eta pianista

«Ikasitako bluesa munduari zabaldu nahian gabiltzan predikatzaileak gara»

The Reverendos Bergaran izango dira gaur, 20:00etan, Espaloian, 'Preachin' azken diskoarekin. Kaliforniako bluesa, rockabillya eta swinga nahasten ditu laukoteak.

2011ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Igor Garcia The Reverendos taldeko abeslari eta pianistak (Bilbo, 1975) Preachin diskoa kaleratu du taldekideekin batera, Euskal Herriko blues festibaletan zenbait artistarekin aritu ondoren.

Nola sortu zen The Reverendos? Zein da zuen ibilbidea?

1997an hasi ginen musika jotzen. Ni beste blues talde batean nintzen, The Hollers izenekoan, eta Alvaro Martinez gitarrista ere beste talde batean zen, Bullyson Blues Banden. Nik rural blues egiten nuen, eta Alvarok blues rocka. Biok batu egin ginen, eta erdiko bidetik zihoan bluesa zergatik ez genuen egiten galdetu genion geure buruari. Hor hasi zen The Reverendos taldea; Chicagoko bluesa, Kaliforniako bluesa eta swing pixka bat egiten dugu.

Gustura gelditu al zarete Preachin azken diskoarekin?

Bai, oso pozik, eta jendea ere bai. Gure hirugarren diskoa da, baina diskoetxe batekin egin dugun lehena. Beste biak guk atera ditugu, baina ez dira disko ofizialak edo. Preachin Gaztelupeko hotsak diskoetxearekin atera dugu, eta beraiek ere oso pozik gelditu dira. Disko hau oso pertsonala da, gustatzen zaizkigun kantu asko sartu ditugu. Ez gureak bakarrik, bertsioak ere bai. Guretzat bereziak ziren kantak sartu ditugu, askotan jo ditugunak eta une gozo asko eman dizkigutenak zuzenean. Grabatu ere, guztiok batera egin dugu zuzenean.

Eta zergatik grabatu duzue guztiok batera zuzenean?

Banan-banan grabatuz gero, indarra galtzen da. Bluesa indarra, momentua eta sentimendua da, eta guztiok batera grabatzean sentimendua mantendu egiten da. Bestela, disko estatikoa gelditzen da, eta guk disko dinamikoa nahi genuen. Entzun eta zuzenean bezalakoa izatea.

Artista handiekin aritu zarete, ezta?

Azken urte hauetan hemengo festibal guztietan jo dugu. Getxo&Blues-en Robert Cray-ekin jo genuen, bluesa egiten duten gazteetatik ia hoberenarekin. Joan den urtean Jerry Lee Lewisekin ere jo genuen. Baita Muddy Watersen bandarekin ere, Hondarribiko blues jaialdian. Urte batzuk daramatzagu jende oso onarekin lanean, eta asko ikasten da. Ikasitako bluesa munduari zabaldu nahian gabiltzan predikatzailak gara.

Diska komertziala egin duzue?

Guk abantaila dugu, hau ez dela gure ogibidea. Orduan, nahi duguna jotzen dugu, eta gustatzen zaiguna bluesa da. Guri gustatzen zaigun diskoa egin dugu. Zortea izan dugu jendeari asko gustatu zaiolako eta kritika oso onak jaso ditugulako. Beraz, hau ez da ez komertziala eta ez ezer. Hau gure diskoa da.

Euskaraz zergatik ez duzue kantatzen?

Ez euskaraz, ezta gaztelaniaz ere. Ingelesa ez den beste hizkuntza batean oso arraroa egiten zaigu. Orain Espainian jende askok egiten du bluesa gaztelaniaz eta maila handiarekin. Baina guk ez dugu horrela ikusten, originala gustatzen zaigu. Euskal Herrian ere orain dela urte asko Lau Behi taldeak egin zuen. Orain, Belceblues-ek ere zerbait egiten du. Baina guri ingelesez egitea gustatzen zaigu.

40ko eta 50eko hamarkadako musika egiten duzue?

Ez da justu-justu hamarkada horietakoa, baina influentzia handia daukagu. Garai horretan rural bluesaren amaiera zen, eta blues elektrikoa sortzen hasi zen. Blues elektrikoaren hasieran oso musika ona egiten zen, sormen izugarria zen. Soinu hori eta bizitzeko modu hori berreskuratzea nahi dugu pixka bat.

Jendea dantzan jartzeko prest?

Beti. Gure ikusleak beti egiten du dantza edo gutxienez zerbait mugitzen da. Bluesa normalean ez da dantzatzekoa, baina gure bluesa nahiko alaia da. Euskal Herrian nahiko geldoak gara, baina tira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.