Bukatu da atsedenaldia, eta heldu da klasera Jose Luis Baiona. Agurtu ditu klaseko kideak, eta sartu da ikasgelara. Gelako beteranoa da, eta ez da marka txarra berea. 83 urte ditu, eta lehen ikasturtea du aurten Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Esperientziaren Gela izeneko ekimenean eman du izena. Unibertsitateak 50 urtetik gorakoentzat sortutako ikasketa eskaintzan. Hamar urte badira programa hasi zutela, eta urtez urte gorantz egin du eskariak. Hala apuntatu da Baiona. Garai batekoa du oharrak gordetzeko maleta, eta nabarmena da haren presentzia 78 ikaskideen artean. Badu pisurik haren hitzak. Esperientziarik ez zaio falta. Egia esanda, ikasteko adina du irakasteko.
«Orain dela hamazazpi urte hartu nuen erretiroa», azaldu du Baionak, «eta hamaika urte eman ditut orduz geroztik Nafarroako Museoan boluntario, kultur gidari lanean. Gazte garaian irakasle izateko ikasketak egin nituen unibertsitatean, eta oso gustura nabil orain ikasle berriz ere, hemengo irakasleen maila oso ona delako». Humanitateak eta Gizarte Zientziak karreran eman du izena, baina arteari buruzkoek ez omen diote interes handirik pizten. Esperientzia kontua da, berriz ere. «Azken finean, urteak daramatzat museo batean, eta hor ikasi ditut horri buruzkoak».
Harritzekoa da Baionaren argitasuna eta umorea. Harritzekoa, harridurarako duen gaitasuna ere. «Oso gustura nabil greziar zibilizazioari buruzkoak ikasten. Haiei esker ikasi dugu pentsatzen, azken batean, eta garrantzitsua da haien nondik norakoak jakitea. Izan ere, gaur egun arriskutsua da pentsatzeko gai den pertsona bat. Informatuta egoteko beharra dugu, gure mundua zertan den eta nora doan ulertzeko. Hori da niri gustatzen zaidana». Ez gutxi, gainera, ikasle fina baita Baiona. Zorrotza. «Atzo bertan, sei ordu eman nituen museoko liburutegian liburu artean Greziari buruz irakurtzen. Gustatzen zait gauzak zertan diren jakitea».
Lehen mailako ikasleak ere atera dira Literaturako klasetik. Elkarrekin doaz kafetegira. Giro onean. Burlati mintzo da bat baino gehiago: «Gu gazteen taldekoak gara». Bakoitzak bere istorioa du. «Erretiroa hartu berria naiz, eta ikasten hastea erabaki dut». «Lanbide Hezkuntza egin nuen, eta hau dut lehen aldia unibertsitatean, eta, egia esanda, pixka bat kostatzen ari zait». «Alargundu egin nintzen orain urte batzuk, eta etxeko lanak jadanik ez dira hainbesterakoak. Denbora badut, eta horregatik erabaki dut ikasten hastea». Horren gisakoak dira ikasleek beren hautua azaltzeko erabiltzen dituzten argudioak. Aurrez ikasketaren bat eginak dira batzuk, baina lehen aldia dute haietariko askok unibertsitatean.
Topaketa baten historia ere bada tartean lehen mailako ikasleen artean. Esperanza eta haren gaztetako lagunaren artekoa. Elkarrekin doaz biak kafetegira klasea bukatzean, baina lehenagotik ere ibiliak dira ikasgela berean. «Hemen egin dugu topo, unibertsitatean», azaldu du Esperanzak, «baina batxillergoko hirugarren maila prestatu nahian genbiltzanean ezagutu genuen elkar lehenengoz. Moja batzuekin ikasten genuen orduan, eta elkarrekin egon ginen han. Nik banuen gogoan, baina berak ez. Argazkiak ere aurkitu nituen etxean, ordea, eta erakutsi egin nizkion». Irribarre egiten du ikaskideak. «Frogak ekarri zituen, eta ezin ezetz esan».
Kafetegiko giroa
Ederra da giroa unibertsitateko Sario eraikineko kafetegian. Bitxia ere bai, apenas baitagoen 50 urtetik beherako inor. Hor dago Jose Antonio Subero. 57 urte ditu, eta lehena esperientziaren ikasgelan. Kafea hartzeko baliatu du klaseen arteko tartea. Telekomunikazioetako ingenari teknikoa da, baina Humanitateak ikasten dabil orain. «Oso ikasketa teknikoak dira halakoak, eta are gehiago orduan. Ez genuen gizarte zientzien edo humanitateen alorreko ikasgai bat bera ere izaten, eta beti izan dut kulturaz gehiago jakiteko grina. Bidaiatzen, museoetara joaten eta halako ekintzekin moldatu naiz orain arte, baina banuen gogoa beste urrats bat emateko». Unibertsitatera itzuli nahi zuen, eta unibertsitatearekin egin du topo bigarrenez. «Unibertsitateko baliabide guztietarako sarbidea ematen du Esperientziaren Gelan izena emateak, eta oso interesgarria da hori. Liburutegia, klaseko giroa...». Eta baita, noski, kafetegikoa ere.
Helena Alemanek 63 urte ditu, eta hirugarren urtea dukarreran. Bigarren egonaldia du, ordea, oraingoa unibertsitatean, aurrez irakaskuntza ikasketak egin baitzituen. «Irakaslea izan naiz, eta erretiroa hartu nuenean erabaki nuen berriz unibertsitatean hastea. Ikasgela batetik beste ikasgela batera egin dut bidea». Hori da, hain zuzen ere, gustatzen zaiona: klaseko giroa. «Artearekin estuago lotutako ikasketak egin nahi nituen. Artearen historiari buruzkoak edo, baina Nafarroan, UNEDen bidez bakarrik nuen hori egiteko aukera, eta hor ez da irakaslearekin ohiko klaseak izateko aukerarik izaten. Eta nik hori behar dut ikasteko: ikasgela. Irakaslea eta ikasleak. Gainera, oso giro ona dugu gure artean».
Adinik ez du esan nahi Marga Unzuek. «Adina? Ba dudan itxuraren araberakoa, zer nahi duzu esatea? Ni neu, oso gazte sentitzen naiz». Lehen kurtsoa du unibertsitatean, eta ikasteko grina bizia. «Erretiroa hartu nuenean oso argi nuen klase hauetan izena emango nuela. Merkataritza ikasi nuen, eta arteko klase bat izaten genuen, eta gerora ere alor horrekiko interes handia izan dut beti. Kultura gehiago hartu nahi nuke orain». Denbora-pasa maiteena hori omen du, eta gustuko aldapan, jakina denez, nekerik ez. «Dendak ez zaizkit gustatzen, kafetegiak ere ez, beti norabait joateko ateratzen naiz paseoan ere. Antzerkira joateko, museoren bat bisitatzeko, zineman zerbait ikusteko...». Oraingoan, unibertsitatera joatea erabaki du.
Ezarian. Esperientziaren Gela
Ikasteko adina
Hamargarren ikasturtea du aurtengoa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Esperientziaren Gela izeneko ekimenak. 50 urtetik gora dute bertan izena ematen duten ikasleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu