Jaiak. Leioa

Ikastolatik, leioarrentzat

Aurten 50. urtemuga duen Betiko Ikastolari eman dio Leioako Udalak txupinazoa botatzeko aukera: hurrengo ostiralera bitartean, sanjoanetan murgilduko da herria.

Mari Pepa eta Arlote pertsonaiez jantziko dira Betiko Ikastolako ordezkariak txupinazorako. BERRIA.
Maialen Unanue
2015eko ekainaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
San Joan jaietan murgilduko da gaurtik aurrera Leioa (Bizkaia). Festa lehertuko duen txupinazoa arratsaldean izango da, 19:30ean, eta 50 urte bete dituen Betiko Ikastolak jaurtiko du. Herriko pertsonaia berezi batzuek botatzen dute txupinazoa Leioan; aurten, Mari Pepaz eta Arlotez jantziko dira ikastolako guraso bat eta ikasle bat.

Urte berezia dute 2015a, Koldo Tellituk adierazi duenez. Ikastolen Elkarteko lehendakaria da, baina baita Betiko Ikastolakoa ere: «Guretzat, pozgarria da udalak halako aitortza egitea 50 urte betetzen ditugun honetan, herriarentzat lan egin eta herritik sortuak baikara». Mari Pepak eta Arlotek, txupinazoa botatzeaz gain, festetako hainbat ekitalditan parte hartuko dute. Baita ikastolak berak ere, oro har: «Adibidez, gure herrian hain ohikoa den kuadrillen jaitsieran, era berezi batean parte hartuko dugu aurten: batukada batekin». Bereziki «euskararekin lotura duten ekitaldi guztietan» presente egon ohi da ikastola.

Hilabete eskas pasa da 50 urteak ospatzeko antolatutako ekitalditik. Kultur Leioa auditoriumean egin zuten, ikasle eta ikasle ohien laguntzarekin: bertsolariak, musika, euskal dantzak... Ikastolak egindako ibilbide luzeari errepasoa emateaz gain, eskerrak emateko ere aprobetxatu zuten: «Hasiera bateko sortzaileei egindako lana aitortzeko egin genuen, batik bat. Baita 1993an, publifikazio garaian, ikastola gisa jarraitzea erabaki zutenei ere».

Aurrera begira, «gainontzeko ikastola guztietan bezala», euskal curriculumaren bitartez hezkuntza proiektua aurrera eramatea da «lehentasun nagusia». Proiektu gehiago ere badituzte: «Haur Hezkuntzan, konfiantzaren pedagogian sakontzea; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Eki proiektua arlo digitalean ere aurrera eramatea, eta eskolaz kanpoko jarduera gehiago eskaintzea, batik bat».

Betiko Ikastolak 600 ikasle inguru ditu, eta, Tellituren ustez, «laster» beharko dute eraikin berria, egungoa txiki geratzen ari baitzaie: «Etengabe ari gara handitzen, eta toki barik geldituko gara epe motzean».

Tellituri txosnetan dagoen giroa gustatzen zaio gehien Leioako festetatik. «Uste dut hor ematen dudala denbora gehien; txosnen inguruan sortzen den giroa da atseginena».

Astebete festan

Datorren ostiralera bitartean, izango da zer ikusia eta zer egina Leioako sanjoanetan. Gaur, txupinazoaren ostean, kuadrillen jaitsiera egingo dute, Elexaldetik hasita eta bulebarrera arte. Han ariko da zuzenean Babel Covers taldea, arratsaldean zein gauean. Aldapa aretoan, berriz, Demode Quartet laukotea ariko da, 23:00etatik aurrera. Txupinazo propioa egingo dute txosnetan, 21:00etan. Saiheski jana egingo dute gero. DJ Bullek girotuko du gunea, 23:00etatik aurrera.

Kuadrillen eguna izango dute bihar. Tortilla txapelketa, herri kirolak, bazkaria, playback txapelketa... Hainbat kirol saio izango dira, gainera. Txosnetan, berriz, sardina jana eta kontzertuak prestatu dituzte biharko: Siska Miska, Enkore eta Skakeitan arituko dira oholtza gainean, 23:00etatik aurrera. Bestelako musika atsegin dutenentzako, Kherauk kontzertua eskainiko du Ikea Barri plazan 22:00etatik aurrera, eta DJ Galker bulebarrean ariko da, 00:30etik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.