Olentzeroren zain daude jadanik Euskal Herriko haurrak. Oraindik, hala ere, egun batzuk itxaron beharko dituzte Olentzero iritsi arte. Baionako haurrak izango dira ikazkina aurrez aurre ikusten lehenengotarikoak. Aurten, gainera, ongietorri berezia egingo diote; lehen aldiz, Olentzero Park animazio parkea prestatu baitute. Lauga gelan jarriko dutelarunbatetik astelehenera bitartean, eta arratsaldez zabalduko dute, 14:00etatik 19:00etara —sarrerak 7 euro balio du, eta hiru urtetik beherakoentzat doan—.
Denetariko animazioak izango dira han: joko puzgarri erraldoiak, kutxa planetariuma, abere erakusketa, tailerrak, liburu azoka, alkoholik gabeko ostatua, gurasoentzako txokoa... Gainera, Irrien Lagunak elkarteko kideak —ostiral eta larunbatean—eta Porrotx pailazoa—igandean— izango dituzte parkean lagun.
Olentzeroren historia ezagutzeko aukera eskainiko du erakusketa batek parkean. Sei paneletan, ikazkinaren jatorria, eta gaur egun zertan dagoen ikusi ahal izango dute bisitariek; Claude Labatek Euskal Kultur Erakundearentzat bildutako dokumentu eta ilustrazioen bidez. Parkean egon ondoren, Santa Gurutzetako liburutegian ikusi ahal izango da erakusketa.
Bestalde, ohi bezala, Olentzerok Baionako kaleak zeharkatuko ditu larunbatean. 10:00etan hasita, animazioak prestatu dituzte Olentzero iritsi bitartean: San Izpiritu, Baiona Handia eta Baiona Ttipin kantu eta animazioak izango dira.
Olentzero karriketan
Eguerdian, Olentzeroren bila abiatuko dira ontziak Errobin behera. Eta azkenean, 15:30ean iritsiko da itsasontziz Olentzero Chaho Pelletier gunera. Han izango ditu haur guztiak zain. Ondotik, guztiok batera, hiriko kaleak zeharkatuko dituzte: Orai Bateko joaldunak, Hazparneko gaita eskolakoak, Urdin Neskak Danborrada, Jo Txistua, Baionako dultzaineroak eta ikastolako haur eta goizeko kantariak.
Arratsaldeko bostetan Euskal Museora joango da, eta hango leihoan jarriko du, kantuak eta danborrada izango ditu lagun. Baionan ez ezik, Hiriburun ere izango da Olentzero larunbat honetan. Itsasun, bestalde, hilaren 21ean egingo diote harrera ikazkinari.
OLENTZERO PARK
Non. Baionan.
Noiz. Larunbatetik astelehenera, 14:00etatik 19:00etara izango da zabalik.
Sarrera. Zazpi euro. Hiru urte azpikoentzat doan.
Asteburuko proposamenak
Ikazkinari eskainitako parkea
Baiona. Olentzero Park larunbat arratsaldean zabalduko dute; Baionako karriketan ere izango da ikazkina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu