Lantegiari erreparatuta, lehen begi kolpean antzeman daitezke Jonathan Garcia Lana Tunipanea-ren (Hasselt, Belgika, 1985) lanaren ildoak: egur zatiak han eta hemen, eta zur ebaki berriaren usaina giroan; parez pare, laser digital erraldoi bat; eta, apaletan, Leonardo Da Vinciren automaten eta roboten inguruko liburu mardul bat. Luthier esperimentala da, eta askotariko teknikak eta materialak uztartzen ditu, hala tradizionalak nola modernoak, askotariko soinuak erdiesteko.
Topatutako objektuekin asko behar egiten duzu. Zer eskaintzen dizute?
Aukera mordo bat: batetik, sinbolikoki, lan egin dezakezulako karga historikoa eta emozionala duen objektu batekin; eta, bestetik, bereganatu ditzakezulako zuk sortu ez ditzakezun objektuak, prozesu industrialak edo oso espezializatuak behar direlako.
Aukera horiengatik hasi zinen lutheria esperimentalarekin?
Soinua esparru eskultorikotik ikertzeko hasi nintzen, eta munduko musika tresnekiko interesagatik. Urteekin, baliabideen unibertso bat bildu dut, bai kontzeptualak bai estetikoak, eta horietara jotzen dut.
Eta, hala ere, beti dago ezustekoetarako tartea, ezta?
Ikertzea ezustea esploratzea da, eta are gehiago ikerketa artistikoan. Esplorazio askea eta zabala beharrezkoa da sorpresa horretarako, eta prozesuaz disfrutatzen jarraitzeko. Sorkuntza artistikoan, derrigorrezkoa da ezezagunerantz joatea.
Baliabide horietako batzuekin tematzen zara?
Segun, garaien eta lan aukeren arabera. Duela hiru urtetik hona, zoriaren inguruan ari naiz ikertzen.
Musika tresnak ez ezik, zure lanak eskulturak ere badira. Nola uztartzen dira soinuzko eta ikusizko bi arte horiek zure jardunean?
Diziplina asko zeharkatzen dituzten lagunei bezala, kostatzen zait definitzea. Ikerketa artistikoaren parte da ezarritako kontzeptuen mugak miatzea: erakusteko lan bat egiten badut, eskulturatzat har daiteke, baina, aldi berean, zuzenean jo dezaket tresna hori. Anbiguotasun horrekin jolasten naiz. Ikastaroetan, haurrei eskatu ohi diet nire lana definitzeko, eta batek baino gehiagok esan izan dit: «Zu magoa zara» [barre].
Hasierako urteetan, topatutako objektuak ziren oinarria. Zer bilakaera izan duzu?
Aukerak bildu ditut. 2015-2016tik aurrera, interesa piztu zitzaidan ekoizpen digitalaren inguruan —laserrarekin egindako mozketak eta grabatuak, hiru dimentsioko inprimaketa...—. Ez ditut baliabideak hierarkizatzen. Azken piezetan ikusten da nahasketa: objektu teknologikoak —koloreagatik eta geometriagatik nabarmentzen direnak—, topatutako objektuak, eskulangintza, antzinako prozesuak...
Erritualaz ere mintzo zara sarritan. Nola lantzen duzu kontzeptua?
Interesatzen zait nola sortzen den musika maila kulturalean. Munduko musika tresnak ikertzean, ez diet erreparatzen soilik tresnei; jakin nahi dut nola sortzen den musika testuinguru ezberdinetan. Baita geurean ere, eta kritikatzen ditut ahulguneak: uste dut ekoizpen eta kontsumo sistema oso definitua dagoela, eta horrek oztopatzen duela musikara modu osasuntsuago batean hurbiltzea. Ikertzen dut nola sortzen den maila kolektiboan, eta apurtzen saiatzen naiz, lortzeko topaleku horizontalago bat, hainbeste konnotaziorik gabekoa. Lutiteka proiektua, adibidez, modu bat da erritualaren ideia hedatzeko, eta musika sor dadila beste modu batzuetan; nire musika tresnak mailegatzen ditut.
Musika kolektibotasunarekin lotzen duzu?
Musika da inoiz sortu dugun komunikatzeko modurik sofistikatu eta ederrenetako bat. Erritual kolektibo bat da, subkontziente kolektiboa islatzen du: hori ere aztertzekoa da, hitzez eta formaz gain. Niretzat, objektu eta ikerketa denak tresnak dira halako kontzeptuak ikertzeko.
Esparru publikoak esku hartzen duzu, eskulturetan... Kolektibotasunarekin lotuta dago hori ere? Alegia: zer sor daiteke esparru publikoan?
Esparru publikoan eta, batez ere, gure hirian [Bilbo] sortzen diren egiturak nahiko itxiak dira. Musika espontaneo gutxi agertzen da esparru publikoan. Esku hartzeak egin ditudanean, dinamikak apurtzearen ideia erromantikoarekin egin ditut. Gehiago egin nahiko nituzke.
Zer esparrutan?
Esaterako, interesatzen zaizkit sonoritate ona duten metalezko objektu handiak. Eta, oro har, esparru publikoaren arazoa da zarata handia dagoela, eta zaratarekin lehiatzea konplikatua da. Beraz, aukeratuko nituzke toki delikatuagoak, pasealekuak, zubi azpiak...
ATZEKOZ AURRERA. Jonathan Garcia Lana 'Tunipanea'. Luthier esperimentala
«Ikertzen dut musika nola sortzen den maila kolektiboan»
Eskulturen bitartez, edo baztertutako objektuekin: edozein material erabil daiteke soinua sortzeko. Hala egiten du Garciak. Erritualarekin lotzen du musika, eta, horrenbestez, kolektibotasunarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak