Ikurrez eta ikonoz haratago

'Made in USA' erakusketak AEBetako kulturaren ehunka produktu bildu ditu; Mickey Mousetik Marilyn Monroera arteGasteizko Vital Kutxa Fundazioa aretoan dago ikusgai irailaren bira arte

AEBetan erabiltzen dituzten ibilgailuek toki berezia dute erakusketan. Irudian, jeep bat AEBetako bandera atzean duela. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Sartuaz bat, krispetak eta Coca Cola postutxoa. Erakusketan murgiltzeko gonbite ezin erakargarriagoa. Ezin amerikarragoa. Sartu eta gozatu. Amerikarra zara? Zalantzak sortzen dira, bat-batean. Ezaguna da aretoa girotzen duen musika, nork ez du Elvis Presley ezagutzen. Mickey Mouse ere hor dago, zenbat oroitzapen. Aspaldiko Batman abenturak ere gogoan. Eta nola ez, Ray Ban markako betaurrekoak poltsan, badaezpada.

Europako biztanlerik gehienak azken hamarkadetan ia oharkabean barneratu dituzten mezu, ikur, ohitura eta produktuen erakusketa da Made in USA, diseinu industriala, ikonoak eta kultura amerikarra. Uztailaren bostean zabaldu zuten, eta ikusgai egongo da irailaren bira arte. Itsasoz bestaldetik jaso eta irentsitakoaren erakusleiho zabala bihurtu da Gasteizko Vital Kutxa Fundazioa aretoa. American way of life (bizimodu amerikarra) delakoa inguruotan presente dagoela frogatzeko eskaintza.

Joan den asteburuan, 5.000 lagun inguru joan ziren aretora, antolatzaileen arabera. Aste osoan ere «asko» dira erakusketaz gozatzera animatzen diren haurrak, gazteak eta helduak ere bai; guztientzat dago zer ikusia. Izan ere, heterogeneoa da oso erakusketa. 1.200 piezak baino gehiagok osatzen dute, eta, beraz, denetarik aurki daiteke.

Erakusleihoak aretoan

Apple markako hasierako ordenagailu handiak eta gaur egungo punta-puntakoak, iPhone ezagunen ondoan. Coca Colaren diseinu zaharrak eta freskagarriaren sorreratik ezin eraginkorragoak izan diren iragarkiak. James Stewart eta Ginge Rogersi emandako Oscar sariak. A Ticket to Tomahawk filmeko Marilyn Monroeren jatorrizko soinekoa. BB King eta Buddy Guyk sinatutako Fender kitarra. Andy Warholen Pop Artea. Hemingway eta Stepheng Kingen liburu sorta. Marvelen komikiak. Guggenheim museoaren Frank Gheryren behin betiko proiektuaren maketa. 1954ko Cadillac beltz distiratsua. Calvin Klein eta Levi Straussen moda...

Gogoetaren emaitza

Fernando Martinez de Viñaspre erakusketaren koordinatzaileak adierazi duenez, «gogoeta eta hausnarketa egitetik sortu zen erakusketa aurrera eramateko proposamena».

Izan ere, 2010ean Made in Spain izeneko erakusketa antolatu zuen fundazioak, eta orduan konturatu ziren Euskal Herrian bizi diren biztanleek kontsumitzen dituzten produktuen %80 amerikarra dela: kultura, aisia, arkitektura, literatura... Produktu horietako asko Ameriketako Estatu Batuetan asmatu edo diseinatuak ez izan arren, «han gizarteratuak izan dira». Esaterako, hot dog-ak (saltxitxa ogitartekoak), Herbehereetan sortu baziren ere, estatubatuarrek egin dituzte famatu.

Martinez de Viñasprek onartu du ikusgai dauden pieza guztiak lortzea «nekeza» izan dela. Nabarmendu du horien artean, Bilboko Guggenheim museoaren maketa eta Marilyn Monroeren soinekoa izan direla eskuratzen zailenak. Soinekoa Maite Minguezek soineko bildumariak utzitakoa da, eta Frank Gheryren jatorrizko maketa Guggenheim museoak berak utzi dio fundazioari.

Egindako lanak fruituak eman ditu, eta uztailaren bostean egin zuten erakusketaren inaugurazio ekitaldia. Han izan zen Luis Moreno, AEBen Madrilgo ministro kontseilaria.

Inperioaren hedapenaren erakusle den pieza biltegia, hamaika iritzi eta gogoeta eragingo dituen erakusketa dago guztien gozagarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.